Eta orain, genomaren atzetik, proteoma
2001/04/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Komunikabideen saltzeko irrikak sustatuta handikeria asko argitaratu dira giza genomari buruz. Baina kimika zelularrez zerbait ulertzen dutenek kontuz ibiltzeko behin eta berriz aholkatu zuten. Genoma ezagutzeak ez dakar giza biologiaren kontrola. Hori lortzeko, gutxienez, genomak kodetzen dituen proteinak identifikatu, bakoitzaren egitura eta funtzioak zehaztu eta proteinen arteko elkarrekintzak ulertu egin behar dira. Hori guztia eginda ere, kontrol osoa izatea zaila izango da.
Zientziak gaur egun duen irudiaz baliatuz, enpresa batzuek aberasteko bidea ikusi dute. Genomaren kasuan, Celera Genomics enpresak erakusketa ederra eskaini zuen. Interesatzen zitzaion bakoitzean, giza genoma osoa sekuentziatu zuela argitaratzen zuen komunikabideen laguntzarekin. Celera enpresak sentsazionalismoa alde zeukan. Baina nahiz eta hiru aldiz publiko egin, ez dezagun ahaztu oraindik ere genomaren sekuentziazioa ez dela burutu. Datu erabilgarri asko daude, baina ez da burutu.
Aukera ikusita, orain Myriad Genomics izeneko enpresa batek lehia horren hurrengo urratsaren abantailen jabe izan nahi du. Hitachi eta Oracle enpresekin hitzarmena sinatu du Myriad Proteomics izeneko subsidiarioa sortzeko. Enpresa berriak Hitachi-ren teknologia, Oracle-ren softwarea eta Myriad-eko zientzialariak batuko ditu giza proteomaren azterketa egiteko.
Zertarako balioko du, bada, proteomak?
Proteoma gorputzeko proteinen multzoa da eta proteinak, oro har, biziaren erreakzio kimikoak egiten dituzten molekulak dira. Odolean oxigenoa garraiatzen duen molekula eta glukosa zelula barruan zatikatu egiten duena, zeluletan zein konposatu sar daitezkeen erabakitzen duena eta beste asko proteinak dira. Adibide asko dago. Gaixotasun asko proteinaren batek ez duelako lana ondo betetzen sortzen dira. Beraz, bai medikuntzan, biologian nahiz kimikan aurrerapen handiak izango lirateke proteomaren funtzionamendua ulertuz gero. Myriad enpresak merkatu-helburua du, hots, botika berriak garatzeko informazioa lortzea.
Giza proteoma proteina askoz osatuta dago eta horixe da arazoa. Gainera, proteina bakoitzak lan egokia egiteko zeinekin elkartu behar duen jakitea ezinbestekoa da. Horretarako, Myriad enpresak bi metodologia erabiliko ditu modu osagarrian. Celera enpresaren adibidean oinarrituta, izugarri azkarra den lan-sistema martxan jarri nahi dute.
Bi metodo horietatik lehenengoa ProNet izenekoa da. Legamiaren bi hibridoen bitarteko bilaketaren industria-bertsioa da. Proteinen arteko elkarrekintza zehatzak aztertzen dituen metodoa da. Batera aktibatzen diren geneen informazioa lortzen du ADNaren katean aktibatze-guneak identifikatuz. Metodo horrek ez du beti arrakasta izaten, okerreko aktibatze-gune asko identifikatzen baititu. Dena dela, metodoaren azken teknologiaren errorea % 1era arte jaistea lortu dute. ProSpec teknika ere erabiliko da. Teknika horrek masa-espektroskopian oinarrituta dago eta proteinen konplexuak (lanean ar diren proteina-multzoak) identifikatzen ditu.
Bi teknika horien eskutik proteomaren azterketa azkarra egitea espero da. Hala ere, C. Elegans harraren proteoma aztertzen ari den Marc Vidal biokimikariaren arabera, hiru bat urtean lor daitezkeen informazio-kantitatea oso handia da, baina ez da proteoma osoarena izango. Horregatik, zientzialariaren aholkua prentsan iragarpen arranditsuak ez egitea da. Ohar zuhurra da, erabat. Baina genomaren historia ikusita, seguru asko, halakorik eskatzea alferrikakoa izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia