Estatu Batuetako zentral nuklearrik zaharrena, alerta-egoeran
2012/10/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NCRk adierazi duenez, alerta-egoera larritasun-eskalaren bigarren mailan dago (eskala horrek lau maila ditu). Hain zuzen, alertan jarri aurretik, ezohiko-egoera deklaratu zuen, ur-maila asko igo zela eta.
Izan ere, Sandy hurakanak eragindako haizeteen eta uholdeen ondorioz, atzo ur-maila 182 cm-raino iritsi zen zentralaren barruan; aitortu dutenez, igotzen jarraituz gero, erabilitako erregaiaren hozte-sistemarekin arazoak izateko arriskua izango lukete. Hala ere, hurrengo orduetan ur-maila jaisten joango zela espero zuten, eta geroztik NCRk ez du aldatu zentralaren egoera.
Oyster Creek Estatu Batuetako zentralik zaharrena da, eta, aipatzekoa da, kasualitatez, egun hauetan erreaktoreak geldirik zituela, ohiko erregai-aldaketa egiteko. Hortaz, ez dute erreaktorerik gelditzeko agindu beharrik izan. Aldiz, New Yorketik gertu dagoen beste zentral batean, Indian Pointen, unitateetako bat geratu behar izan dute, elektrizitate-horniduran arazoak baitzituzten.
Sandy hurakanaren bidean dauden zentral guztiei jarraipena egiten ari da NCR, eta haien egoeraren berri ematen. Hori bai, larrialdi-plana martxan dutela eta dena kontrolpean dagoela ziurtatu duten arren, komunikabide askok Fukushimako hondamendia ekarri dute gogora.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia