}

Eskuetako bakterioak, hatz-markak bezain salatari

2010/05/16 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azkenaldian, lehen erabat ezezaguna zitzaigun polizia zientifikoaren mundura hurbiltzeko aukera eskaini digute hainbat telesailek, eta laster jabetu gara krimen edo hilketak argitzeko auzitegiko tekniken garapen harrigarriaz. Hatz-markak edo DNA molekulak ikertzeko bide eraginkorrak ezagutzen ditugu jadanik, fikzioan zein errealitatean, baina badirudi pertsona bat identifikatzeko horiek bezain zehatza izan litekeen beste metodorik ere badela. Gure eskuek edozein gauza ukitzen dutenean uzten dituzten bakterio-arrastoei begira daude zientzialariak.
Egunerokoan eskuekin ukitzen dugun gainazal bakoitzean uzten dugu gure “aztarna mikrobiarra”.
D. Sharon Pruitt

Izan ere, gure genoma ez da bakarrak edo berdingabeak egiten gaituen gauza bakarra. Gure hatzetatik ukitzen dugun gainazal bakoitzera (ordenagailuko teklatua, kasu) pasatzen diren bakterioen gene-multzoak berak ere arrastoa uzten du, eta auzitegi-xedeekin baliatu liteke hura.

Coloradoko Unibertsitateko ikertzaileek azaldu bezala, gure gorputzak bakterioz estalita daude eta horien arrastoa nonahi uzten dugu eguneroko bizimoduan. Lehendik ere bazekiten eskuetan mikrobio-mota anitz ditugula. Baina, oraingoan berritasun nagusia hauxe da: mikrobioen arteko ezberdintasun horiek objektu edo gainazal jakin bat nork ukitu duen jakiteko erabil daitezkeela. Horregatik, besteak beste, krimen bat argitu nahiko balitz, berebiziko garrantzia izan lezake bide honetatik lortutako informazioak. Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian eman dute aztertutakoaren berri.

Bakterioen DNA-laginak ordenagailu pertsonaletako sagu eta teklatuetatik hartu zituzten ikerketa burutzeko.
Deeleea

Aurreikuspenak, gaindituta

Teknika berriak sekuentziazio genetikoa du oinarri, eta %70 eta %90 bitarteko doitasun-maila duela azaldu dute ikertzaileek. Dena den, gaur gaurkoz atariko fasean dago, eta ziurrenik portzentaje hori handitu egingo da metodoa perfekzionatzea lortzen dutenean. “Ezbairik gabe, auzitegi-zientzialarien erreminta-kaxan elementu baliotsua izatera irits daiteke”, adierazi du ikertzaileetako batek.

Ondorio horretara iristeko, AEBko ikertzaileek hiru ordenagailu pertsonaletako sagu eta teklatuetatik hartu zituzten bakterioen DNA-laginak. Lehenbizi, objektuen jabeen eskuetako bakterioekin parekatu zituzten, eta, ondoren, pertsona horiek inoiz erabili ez zituzten beste teklatu batzuetatik hartutako laginekin alderatu zituzten. Norbanakoen eta haien ordenagailu pertsonaletako bakterioen arteko antzekotasuna askoz ere handiagoa izan zen.

Ordenagailuak azkenekoz erabili zituztenetik 12 ordu pasa zirenean ere funtzionatu zuen probak. Eta Coloradoko Unibertsitateko zientzialariek harago ere joan nahi izan zuten gero. Bi pertsonen azalen laginak hartu eta horietako bat izoztu egin zuten zero azpitik 20 gradutan; beste lagina giro-tenperaturan utzi zuten hamabost egunez. Zer gertatu zen? Bada, bakterio-koloniek ez zutela inolako aldaketarik jasan, ez kasu batean eta ez bestean.

Esperimentuan erakutsitako erresistentzia hori mikrobioek auzitegi-medikuntzarako duten balioa berrestera baino ez dator, adituen ustez.

Esku batean, batez beste, 150 bakterio-mota bizi dira, eta zoriz hautatutako bi pertsonak horietako % 13 soilik dituzte berdinak.
The International Rice Research Institute

Gainera, esku artean darabilten metodo berria medikuntza legalean ere baliagarria izan daiteke, batik bat objektu batean giza DNA lortzeko zailtasunak daudenean (odol, ehun, esperma edo listu-arrastorik ez dagoenean, alegia). Hainbeste dira azalaren gainazalean ditugun bakterioen zelulak, ezen errazagoa izango bailitzateke ukitutako gauzetatik bakterioen DNA biltzea giza DNA lortzea baino.

Gizakion esku batean, batez beste, 150 bakterio-mota bizi dira, eta zoriz hautatutako bi lagunek horietako % 13 soilik dituzte berdinak. Beraz, gure eskuetako bakterio-espezieen % 87 berdingabeak dira. Horiek osatzen dute, hain zuzen, gure “mikrobio-aztarna” delakoa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia