}

Eskoritza-Miarritze: Teknologia berrien bi aplikazio

1986/08/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra | Barandiaran, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jakina da Euskal Herria ez dela teknologia aurreratuenak garatzen direneko lurraldea, baina orrialde hauetan azalduko ditugun saiakuntzak, lehen mailakoak dira. Saiakuntza hauen betebeharrak nahiz helburuak, asko aldatzen dira saiakuntza batetik bestera eta hau oso erraz somatuko duzu, irakurle. Teknologia berriek langabezia etab. ekartzen dutela edota teknologia, berez, elementu neutro bat dela esaldiak eztabaida askotan entzun izan ditugu. Hain zuzen ere, antzeko teknologien erabilera desberdinak aztertuko ditugunez, artikulu honetan aukera ederra izango duzu arestian aipatutako eztabaidetan parte hartzeko, ideia eta datu berriekin. Aukeratu ditugun saiakuntzak, bideokomunikazioaren arloan kokatuak dira. Bata Gipuzkoako Eskoriatzan ezarri den telebanaketa-sistema da eta bestea Miarritzen gobernu frantsesak ezarritako zuntz optikozko bideokomunikazio-sare pilotoa. Maiatzean, Réné Harlouchet-ekin telefonoz hitz egin genuenean, ez genekien justu-justu zertan ari ziren Miarritzen. Hasiera-hasieratik Réné-k, Ipar Euskal Herriko informatikari ezagunak, argi esan zigun Miarritzeko saiakuntzaren emaitzak xehetasun osoz ikusiko genituela; aldiz, saiakuntzan erabilitako teknologiaren berri edukitzea zailago izango zela, negozioa da eta. Hala ere, han eta hemen galdetuz lortu dugun informazioa ondoan doakizue.

ESKORIATZAKO TELEBANAKETA-SISTEMA

Aurtengo Apirilean Eskoriatzan egon ginen, hango telebista-banaketarako instalazioa ikusiz. Herri horretan telebista-igorpenak hartzeko ez dituzte ohizko antenak erabiltzen. Herri guztirako antena-sorta bakarra daukate eta handik seinalea herri osora kable baten bidez banatzen dute. Aurrerago ikusiko dugunez, kablea erabiltzeak herritarrarentzat zenbait abantail du; bai kalitatearen aldetik eta baita prestazioen aldetik ere.
Telebanaketa-sistema hau hobeto ezagutzeko asmoz, bi eskoriatzarrengana jo genuen. Bata, Faustino Legazpia, instalazioaren alderdi teknikoaren arduraduna da, eta bestea, Imanol Zubizarreta, udaleko kultur-zinegotzia eta "Telesko" edo Herri-telebistaren arduraduna.

Faustino Legazpia, telebanaketa-sistema teknikoki aurrera eraman duena da. Berak teknika berrietan daukan interesari esker, eskoriatzarrek telebista-sistemarik aurreratuenetako baten oinarriak ezarriak dauzkate. Lan guzti hau, beste edozein arrazoigatik baino gehiago zaletasunagatik eta bere herriagatik egin duela esan beharra dago.

Ondorengo lerroetan Faustinok, kable famatu honen gorabeherak eta historioak kontatuko dizkigu.

Elhuyar.- Zergatik kablea? Nondik eta noiz sortu zen kablearen beharra Eskoriatzan?

F. Legazpia.- Gu 1961ean hasi ginen ea zerbait hartzen genuen probak egiten. Garai hartan Soilubeko zentru igorlea eraikitzen ari ziren eta artean ez ziren igortzen hasi. Proba hauetan emankizun aleman bat hartu genuen, baina gaizki eta gainera noizbehinka bakarrik hartzen zen. Orduan hasi ziren Soilubetik ordubetez edo ordu t'erdiz egunero igortzen eta Eskoriatzatik ez zela batere ondo hartzen egiaztatu genuen. Soilubeko emankizunak, 4 kanalean, luzatuz joan ziren eta lehenengo berrigorleak ezartzen hasi ziren.

Eskoriatzan ezer hartu gabe jarraitzen ginela ikusirik, orduko herriko alkatea Bixente Pagaldai semea, eta beste herritar batzuk, Zarate diputaduarengana joan ginen gure arazoa aurkeztera. Eskoriatza itzal-zona batean kokatuta zegoenez, telebista-igorpenak ezin genituela hartu azaldu genion eta berak, Plangintza Ofiziala egina zegoen moduan Eskoriatzan lehenengo katerako berrigorlea jarri arte hamabost urte igaro zitezkeela erantzun zigun.

Orduan programak hartzeko zer egin genezakeen hasi ginen pentsatzen. Nik Telefunkeneko errepresentazioa neukan aldi hartan eta horko teknikari batek esan zidanez, seinalea hartzeko antena altua jarri behar genuen. Guk orduan telebista-seinalearen transmizioaz ezer gutxi genekiela kontutan hartu behar duzu eta gainera eremu-neurgailurik gabe geundenez, antenarako leku egokia bilatzea askoz ere zailagoa gertatzen zitzaigun. Beraz Telefunkeneko teknikariaren gomendioari jarraituz dorre bat egiten hasi ginen.

Honetarako ia herri osoa bildu zen; ehun pertsona edo egongo ginen han, kableekin, teinkagailuekin etab. Dorrea, Iberdueroren lineatik hamar metrora eraikitzen hasi ginen. Dorrea goien genuela, teinkagailuak ipintzeko prest, baten batek lineari tentsioa eman ziotela esan zuen, eta armatu zen istiluarekin dorrea goitik behera erori zen. Hogeitamabost metroko altuera izango zuen eta nahikoa ondo egina zegoen. Hala ere teinkagailuak behar zituen zutik mantendu ahal izateko.

Erori ondoren guztiz desegina gelditu zen. Orduan BI-erako eremu-neurgailu italiar bat lortu nuen eta herri guztian ibili ginen seinalea neurtzen. Herriaren erdi aldean ez zegoen nahikoa seinale harrera ona ziurtatzeko. Hemengo auzo batean berriz, Leeten, oso seinale ona neurtu genuen eta bertatik kablea bota genuen herriraino. Kable hau paraleloa, 300 Ohmekoa eta Anphenol markakoa zen. Bi anplifikadore jarri genituen: bat goian eta bestea behean.

Antenan 380 µV izango ziren 4 kanalean eta 40 dB-ko anplifikadore baten bidez 5 mV lortzen ziren. Baina hau lehenengo hamabost egunetan izan zen; euriak eta sirimiriak hasi ziren arte, alegia. Gero eguzkiaren eraginaz kablea zartatu egin zen eta euria hasitakoan seinale-galera handiak gertatzen ziren.

Orduan "Real Madrid" Europan partiduak jokatzen ari zen. Zerura begiratzen genuen eta sirimiri bazegoen agur partidua.

Honela geundela, nik lan egiten dudan enpresak bidalita, Hannover-era bidaia bat egin behar izan nuen. Han dorre bat Anphenol markako kablearekin jarria zeukaten, baina hau 75 Ohm-eko kable ardazkide blindatua zen. Esan zidatenez kablea frantsesa zen eta beraz frantsesekin kontaktuan jartzen hasi ginen.

Aldi berean Anjel Iglesias-ek fabrika frantses horren materialaren banaketa hartu zuen eta berak ekarri zizkigun ezarri genituen lehenengo 600 metro. Guk genituen anplifikadoreak simetrikoak ziren, 300 Ohmekoak, eta kablea berriz asimetrikoa, 75 Ohmekoa. Beraz goiko anplifikadorearen irteeran eta behekoaren sarreran simetrizatzaile bana jarri behar izan genuen inpedantzi bihurketa egin ahal izateko.

1979an Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalak elkartu ziren berrigorlea ipintzeko eta Murumendin jarri zuten. Bigarren programa (UHF-a) igortzen hasi zen eta guk Eskoriatzan ezin genuen hartu; hain maiztasun altuak, genuen kabletik transmititzean galera handiak izaten bait zituzten. (800 MHz-etan, 200 dB/km; oraingo kableak 800 MHz-etan, 12 dB/km bakarrik ditu).

Orduan udaleko batzuk TVE-k Donostian daukan ordezkaritzara joan ziren arazo honi aterabidea aurkitzeko asmoz. Han injinerua bidaliko zutela herrira esan zieten eta horrela izan zen. Honek esan zuenez, Murumenditik igorritako 41 kanala (UHF-koa) 2 kanalera (VHF-koa) bihurtu behar zen eta kablera sartu. Hala ere hau probisionala zela eta berrigorlea ezartzeko azterketa bat egin behar zela esan zuen.

Bitartean bigarren programa sartzeko baimena eman ziguten eta sartu genuen. Gero ETB ere sartu genuen.

1. irudia: Enbor-Kablea.
neurriak milimetrotan

TVE-koek beren azterketa egin zuten eta zera esan zuten: Eskoriatza osoa berrigorle bakar baten bidez ezin zela estali, bi berrigorle txiki ipini behar zirela eta lan hau 50 milioi inguru kostatuko zela.

Diputazioan hau jakindakoan, telebanaketa-sistemaren hobekuntza egiteko baimena eman zuten. Orduan udaleko urbanismoko batzordean Telekomunikazio-injineru den Errasti zegoen eta berak 15 milioi inguruko aurrekontua zuen proiektua egin zuen. Proiektu hau Diputazioan aurkeztu zen eta onartu egin zuten beraiek %80a ordaintzen zutelarik.

Bitartean bi urte pasiak ziren. Linea egoera txarrean zegoen eta aberia askorekin. Orain dela urtebete edo instalazio berria ezarri genuen.

Linea berriko enbor-kablea galera txikikoa da eta galera hauek 200 metroro jarriak dauzkagun enbor-anplifikadoreek konpentsatzen dituzte. Gero banaketa-lineetarako galera handixeagoko kablea erabili dugu, baina bai bata eta bai bestea, telebanaketarako kable profesionalak dira. (1. irudia).

VHF-ko kanalak (4, 5, 8 eta 11 kanalak) erabili ditugun bitartean ez dugu arazorik izan, baina Herri-telebistaren programa eta satelite-kanalak kablean sartzeko, UHF-ko kanalak erabili behar izan ditugu. Etxe barruko kableak zaharrak dira; batzuk hogei urte badituzte, eta UHF-an galera handiak dituzte. Gainera kasu batzuetan instalazioak ez daude oso ondo eginak. Honen ondorioz etxe batzuetan UHF-ko kanalak ez dira ondo ikusten. Nahiz eta honek gertatu behar zuela jakin, gu UHF-an igortzen hasi ginen, eta etxe bakoitzean, linea orokorrarenak ez diren arazoak bizilagunek konpondu dituzte beraiek deitutako teknikoekin.

Guk instalazio osoa berritu genuen, baina lehengo anplifikadore denak probetxatuz. Gaur egun, mila bat telebistari linea emateko hemen bezalako instalazioa ezingo liteke egin 12 milioitan guk egin genuen bezala.

Eskoriatzako telebanaketa-sistemaren bloke-eskema.

Satelite-kanalak hartzeko daukagun antena parabolikoa, TAGRA markakoa da eta hau nahikoa garestia izan da; 560.000 pta. balio izan bait du. Antena honen bidez 8 nakal hartzen ditugu ECS1 (EUTELSAT) satelitetik. Zortzi hauetatik lau polarizazio horizontalez datoz eta beste laurak bertikalaz. Lau kanaleko talde bakoitzak, kable bana daukate antenatik sintonizadoreraino jaisteko. Sintonizadoreak sarrera bakarra daukanez, konmutazio bat egin behar da bi kableetako bat aukeratzeko.

Orain daukagun sintonizadorearekin, zortzi kanaletatik bat bakarrik sintoniza daiteke eta beraz bat bakarrik sar dezakegu kablera. Gehienetan RAI (Telebista italiarra) izaten dugu sintonizatua eta batzutan MUSIC BOX jartzen dugu herriko gazteak pozik gera daitezen. Kanal bakoitzerako, bere sintonizadore eta birmoduladorea jarri nahi dugu eta horrela zortzi kanalak kablera sar genitzake. Baina hau oso garestia da eta oraingoz ez dago dirurik horretarako.

Kablez egindako telebanaketan, zentralean ezarritako edozein hargailuk herri osoarentzat balio du eta hau da noski sistema honen abantailarik handienetako bat. Eskoriatzan satelite-hargailu bakar baten bidez satelite-programak herri osoak ikus ditzake.

Hemengo auzo batean, Leeten, hiru programa frantsesak ondo hartzen diren baserri bat badago. Hargailu txiki bat jarri eta hiru kanal horiek zentralera ekartzeko asmoa daukagu. Zentralean, kanal frantses bakoitzari SECAM-PAL transkodetzaile bana jarriko genioke eta horrela hiru kanal horiek PAL-en banatuko lirateke, eta herritarrek beren telebista-hargailuetan ez lukete inolako aldakuntzarik egin beharko.

Orain daukagun zentralarekin, hamabost kanal bana ditzakegu. Beste bat jarriz gero, kopurua hogeitamarreraino igo genezake. Kanal gehiago banatu ahal izateko, zentrala handitzeaz gain hogei mila pezetatik gora balio duen bihurgailua telebista bakoitzean jarri beharko litzateke. Honela hirurogeiren bat kanal bana genitzake, baina hau ez da aurtengo kontua izango.

Herri-telebistaren gora beherak jakiteko Imanol Zubizarretarengana joan ginen.

E.- Dakigunez Eskoriatzako telebanaketa-sistemaren gestioaz udala arduratzen da. Nola daukazue antolatua iharduera hau?

I.Z.- Udalean telebanaketa-sarerako batzorde bat dago. Udalaren menpe dago baina guztiz aparte funtzionatzen du. Herria sei zonatan banatuta daukagunez (San Pedro, Aranburuzabala, Dorleta, Santa Ana, Olazar eta San Ignazio, eta erdialdea) zona bakoitzetik bi arduradun daude batzorde honetan, eta kultur-zinegotzia naizenez, lehendakari ni naiz. Berez batzorde horretan hamahiru lagun daude.

Hau udal-zerbitzu kontsideratua dago, urarena edo zaborrarena bezala. Funtzionamendurako arautegi bat daukagu eta herritarrek urtero kuota bat ordaindu behar dute. Joan zen urtean 600 pezetakoa izan zen eta aurten 620koa izango da. Ihaz kuota honen bidez bostehun mila pezeta bildu ziren. Diru-kopuru hau udalak batzordeari osorik ematen dio eta batzordea, hori kontrolatzeaz arduratzen da. Beraz udala ez da ezertarako arduratzen telebanaketa-sarearen gestioaz nahiz eta jabea izan.

Batzordea hilabetean behin biltzen da, eta bere funtzio nagusia, aberia edo matxuren kontrola eramatea da. Oraingo instalazioa nahikoa berria da. Ihazko Ekainaren inguruan bukatu zen berritzea Diputazioaren laguntzaz, eta oraindik ez da aberia graberik gertatu. Zona gehienetan ondo ikusten bada ere, ondo doituta ez dagoen anplifikagailuren bat badago oraindik.

Matxuren abisuak jasotzeko, normalena udaletxera deitzea litzateke eta udalak teknikariari abisatu, baina ez dugu horrela funtzionatzen. Etxe bakoitzean arduradun bat dago eta honek bere zonako arduradunari eman behar dio abisua teknikariari dei egin diezaion. Beraz udala ez da prozesu honetan ezertarako ere sartzen.

E.- Telesko edo Herri-telebistak, nola funtzionatzen du?

Banda zabaleko anplifikadorea eta satelite-hargailua.

I.Z.- Telebanaketa-sistemagatik herri programa bat produzitzeko posibilitatea genuenez, talde bat eratu zen egitasmo hau aurrera eramateko. Orain dela urte t'erdi edo, bideo-ikastaro bat antolatu zen Diputazioaren bidez, eta han herriko zazpi edo zortzi gazte aritu ziren teknika ikasten. Oraingoz zazpi lagun gaude talde horretan eta programaren eginkizun guztiak geuk betetzen ditugu, grabaketak, elkarrizketak, muntaiak, etab.

Taldeko arduraduna, telebanaketarako udal-batzordea da, baina ez da ezertarako sartzen Telesko-ren eginkizunetan. Beraz ez diogu batzordeari inolako baimenik eskatu behar programak egiteko.

Astean bi programa egiten hasi ginen, Astelehenetan eta Ostegunetan. Asteleheneko programa gehienez asteburuko kirolez osatuta zegoenez, prestatzeko denbora gutxi zegoen eta horregatik Asteartera pasa genuen. Orain Astearteetan eta Ostegunetan programazio normala daukagu eta Asteazkenetan, Astearteko programa errepikatzen dugu. Beraz hiru egun, baina bi programa. Horrela batzuk Asteartean ikusi ezin badute, Asteazkenean ikusteko aukera daukate.

Eskoriatza herri txikia denez gero, premia gutxi izaten du informazioaren aldetik. Esate baterako joan zen astean zaharren egoitzaren inaugurazioa izan genuen; noizean behin izaten dira honelako albisteak. Gure asmoa herrian gertatzen den edozein gauza grabatzea da, eta gero baita beste produkzio batzuk egitea ere.

Joan zen ostegunean esate baterako, alkoholiko anonimoei buruzkoa egin genuen. Bostpasei alkoholiko eta alkoholikoen senide elkartu ziren elkarrizketa egiteko eta jendeari telefonoz deitzeko aukera eman zitzaion. Teleskoren lokaletan telefonorik ez daukagunez, deiak zazpietatik zortziak arte grabatu ziren eta gero kasetea estudioetara eraman genuen elkarrizketatuak galderei erantzun ziezaieten. Gure asmoa ez da erreportaiak bakarrik egitea; baita elkarrizketak bultzatzea ere, herriko jendeak herriko arazoak azaltzeko baliabide hau erabil dezan.

E.- Programak egiterakoan, udalak nolabaiteko kontrolik ba al du edukinari dagokionez? Adibidez, Eskoriatzan badago azkenetako ikazkin bat (mendian txondarra egiten duena) eta horrekin grabazio bat egin dugu. Gero, gure udalerrian kokatuta dauden ermitei buruzko grabazioa ere egin nahi dugu. Grabazio baten bidez Eskoriatzako baserrien inbentario moduko zerbait egiteko asmoa ere badaukagu. Hala ere, programen zatirik handiena ekitaldiez eta herrian gertatutako gauzen grabazioez osatuta egon ohi da. Programazioak hiru maila dituela esan dezakegu: Herriko albisteak eta hemengo oharrak, komunikatuak eta horrelako informazioak sartzen dira, gero udaleko albisteak, plenoko eta batzorde iraunkorreko aktak eta horrelakoak, eta azkenik kirola; futbola gehienbat.

Enbor-anplifikadorea VHF eta UHF-ko ekualizadoreen aginteak ikus daitezke.

Futbolari dagokionez, etxeko partiduak ez ditugu grabatzen; ez bait diogu konpetentziarik egin nahi kirol-elkarteari. Horregatik etxeko partiduen laburpen bat egiten dugu argazki finkoa jarria dugularik.

Dokumentalak ere botatzen ditugu. Bederatzi edo hamar orduerdiko saioez osatuta dagoen eta Aurrezki Kutxa Munizipalak orain dela hamar bat urte egindako Gipuzkoa izeneko dokumentala badaukagu. Orain ari gara botatzen. Hala ere, dokumental-arloan ez dugu bideo askorik aurkitu.

I.Z.- Lehen esan dudanez, udalak ez du inolako kontrolik programetan. Baina hau, udaltzainek interes handirik ez dauketelako gertatzen da, nere ustez. Gauza bat guk irakur ditzagun albisteak idatzita ematea da eta beste bat kamara aurrean gauzak azaltzeko jartzea. Ez dira honera askotan etortzen. Alkatea behin edo bi bider etorri da, baina ikusten denez ez dute oso gogokoa kableak eskaintzen dituen erraztasunez baliatzea.

E.- Audientzi-kontrolen bat noizbait egin al duzue? Eta programak jendearengan nolako harrera daukan ba al dakizue?

I.Z.- Orain hasi gara audientzi-kontrola egiten udal-errolda probetxatuz. Galdera-sorta txiki bat jarri dugu eta hilabete barru edo izango ditugu erantzunak.

Programa hau herrigunean bakarrik ikus daitekeela esan beharra dago, eta baserrietan bostehun lagun edo bizi dira; Eskoriatzako biztaleriaren %10a gutxi gorabehera.

Satelite-antena parabolikoa. Parabola aurrean jarrita daogen zilindro txikia maiztasun-bihurgailua da.
11'7 GHz-etik 12'5 GHz-erainoko banda 0,9 GHz-etik 1,7 GHz-erainoko banda bihurtzen du.

Egileen eskubideak (antena eskubideak) direla eta, filmeak botatzea ez zaigu komeni. Orain, hilean behin filme bat bakarrik botatzen dugu, baina kalitatezkoa.

Joan zen astean beste esperientzia berri bati hasiera eman genion. Hilean behin, hilaren lehenengo ostegunean, lan monografiko bat egin nahi dugu.

Dakigunez programak harrera ona dauka eta jende askok ikusten du. Hala ere datu zehatzagoak edukitzeko galderen emaitzak ezagutu arte itxoin beharko dugu.

E.- Azkenik, zenbat kostatu da sistema guztiaren ezarpena?

I.Z.- Aurrekontua 15'5 milioikoa zen guztira. %80a Diputazioak ordaindu du eta %20a udalak. Produkzio-sistemaren kostua 900 mila pezetakoa izan da (Bi kamara, bi magnetoskopio, kolorezko telebista bat, beste bat txuri-beltzezkoa, kableak, etab.). Guk sartzen ditugun orduak ez ditugu kobratzen. Astero bost edo sei ordu behar ditugu programak prestatzeko eta hau ez da ordaintzen. Beste gastuak, argia, lokala etab. udalak ordaintzen ditu.

TELESKO-ARI BURUZKO INKESTAREN EMAITZAK

    Data: 1986ko Apirila-Maiatza
    Eskoriatzako herriguneko etxebizitzen kopurua: 881
    Jasotako erantzun-kopurua: 682 (banatutakoen %77,41a)
  • Ondoren emango diren portzentaiak jasotako erantzun-kopuruarekikoak dira.

    1. Galdera: Eskoriatzan herri-telebista bat dagoela ba al dakizu?

      BAI: 673 (%98'68)
    • EZ: 9 (% 1'32)

2. Galdera: Zure etxean "TELESKO" sintonizatzen al duzu?

  • BAI : 591 (%87'82)

Sintonizatzen dutenarekiko portzentaia

Jasotako erantzun-kopuruarekiko portzentaia

%62,77
%24,53
%12,68


46
36

%54,39
%21,26
%10,98


%6,74
%5,28

Ondo: 371
Ondo samar: 145
Gaizki: 75
- EZ: 82 (%12,18)
Saiatu da baina ez du ikusten:
Ez da saiatu:

3. Galdera: 'TELESKO"-ren programak ikusten al dituzu:

    Ia beti: 337 (sintonizatzen dutenen %56,96a)
    Batzutan: 246 (%40,71)
  • Inoiz ez: 13 (%2,32)

4. Galdera: Programaren ordua egokia iruditzen al zaizu?

  • BAI: %90,53
  • EZ: %9,47

5. Galdera: 'TELESKO" izatea positibotzat jotzen al duzu?

  • BAI: %98,73
  • EZ: %1,27

MIARRITZE: TELEKOMUNIKAZIO-SISTEMA BERRIA

Zuntz optikoa

1. irudia: Zuntz optikoaren luzetarako ebakidura.

Telekomunikazioaren eremuan, azken hamarkada hauetan aldakuntza ugari gertatzen ari denik ezin daiteke uka.

Aldakuntza hauek, ezagunak diren tekniken hobekuntzan dautzate eskuarki. Hala ere, lerro hauetan azalduko ditugun gaiak filosofia berri batean oinarrituta daude, eta beraz, ohizko tekniketatik at.

Orain arte, telekomunikaziozko sistema guztietan seinale elektrikoek zutabe nagusia osatu dutenez, kobrezko hariak berebiziko garrantzia izan du. Aldiz, seinale elektrikoaren ordez argia zuzenean garraiatu nahi denez, kobrezko hariari ordezkoa bilatu behar izan zaio: zuntz optikozko haria, hain zuzen ere.

Hari hauetako baten lodiera, ile batena adinakoa besterik ez da eta beirazko materialez osaturik dago. Argia garraiatzeko errefrakzio-indize desberdina duten materialen propietateez baliatu izan da, ondoko irudiaren arabera.

Eta, zergatik bada teknika berri honi heldu ohizkoaren ordez?

Gu ez gara inor galdera honi erantzuna emateko, baina bataren eta bestearen propietateak aurkeztuko ditugu laburki.

  • zuntz optikozko harian gertatutako galerak, kobrezko harian gertatutakoak baino hamar aldiz txikiagoak dira.
  • zuntz optikozko hariak merkeagoak dira kobrezkoak baino eta pisu txikiagokoak ere bai.
  • zuntz optikoak onartzen duen frekuentzi banda, kobrezko hariarena baino askoz zabalagoa da.
  • konektika aldetik, zuntz optikozko sistema izugarri garestia da kobrezkoarekin alderatuz.
  • zuntz optikozko haria monodirekzionala den bitartean, kobrezko haria bidirekzionala da.

Eskainitako zerbitzuen deskribapena

2. irudia: Bisiofono edo bideotelefonoa.

Miarritzeko bideokomunikazio-sareak eskaintzen dituen zerbitzuek, telebista-irudi standarda, kalitate handiko soinua eta bideotestua elkartzen dituzte. Eskainitako lau zerbitzu nagusiak, ondorengo hauek dira:

1. Bisiofonoa (edo bideotelefonoa). (2. irudia) Bisiofonoaren lehenengo helburua, irudi animatuen komunikazioa ziurtatzea da. Horrela, gure solaskidearekin ari garen bitartean bere aurpegiko keinu guztiak ikus ditzakegu, hitzez esandakoaren ulermena neurri handi batean hobetuz. Benetazko aurrez aurreko elkarrizketa da. Gainera agiri-irakurketarako funtzioaren bidez (3. irudia), irudiak, marrazkiak, idatziak etab. transmiti daitezke, solaskideak bileran leku berean baleude bezala. Bisiofonoak, edozein telefonoren teklatu normala dauka eta zenbakiak markatutakoan ahozko komunikazioa bakarrik ezartzen da. Irudiak pantailetan azal daitezen, bi solaskideek irudiaren tekla sakatu behar dute.

Beraz, ez da posible solaskide batek bigarrenaren irudia ikustea bigarren honek lehenengoaren irudia ikusi gabe. Bisiofonoak, irudi pertsonalen elkartrukea ere errazten du. Horretarako solaskide bakoitzak bere magnetoskopioa bisiofonoari konektatu behar dio aukeratutako irudiak besteari bidaltzeko. Miarritzeko sare honek, kalitate handiko telebista-seinaleak transmititzeko ahalmena daukala esan behar da. Airean transmititzen diren telebista-seinaleen banda-zabalera 5'5 MHz-ekoa bada, sare honetan erabiltzen den banda-zabalera 20 MHz-ekoa da, eta beraz, informazio gehiago transmititzeko ahalmena du.

2. Bideotestua. (4. irudia). Bisiofonoak daukan teklatu ezkutagarriaren bidez, Teletel bideotestu-sarearen zerbitzuak erabil daitezke. Hala nola, telefono-gida elektronikoa, prentsako informazioak, informazio meteorologikoa, dibertsio-programak, komunikabide-ordutegiak eta baita erreserbak eta banku-eragiketak ere. Teklatu honen bidez lor daitekeen informazioa, ia bukaezinezkoa da. Gainera, gero eta informazio-hornitzaile (datu-base pribatuak) berri gehiago ari da sarera sartzen. Bideotestuak, teklatuaren bidez, informazioa gordetzen duten ordenadoreekin elkarrizketa interaktiboa izateko ahalmena ematen dio erabiltzaileari.

3. irudia: Bisiofonoaren agiri-irakurketarako funtzioa.

3. Telebanaketa. Zuntz optikozko sareari esker telebista, multi-standarda balitz bezala erabil daiteke. Miarritzen, Frantziatik kanpoko telebista-programak erabiltzailearen hargailuan inolako aldaketarik egin gabe har daitezke. Kasu guztietan harreraren kalitatea eta irudiaren definizioa normalean baino hobeak dira eta gainera ez da antenarik erabili behar.

Orain Miarritzen hamabost programa banatzen dira, horietako bat mosaiko edo menu delakoa izanik (5. irudia). Programa hau hautatutakoan, pantailan koadro txikietan beste hamalau programak azaltzen dira eta honela kanal bakoitzean zer dagoen ikus daiteke. Banatzen diren programen artean frantsesak (TF1, A2, FR3, TV5…), espainolak (TVE1, TVE2), suitzarrak (SSR), belgak (RTBF…), ingelesak etab. daude.

Programa hauetako batzuk antena normalen bidez hartzen dira, gero sareko abonatuei banatzeko. Beste batzuk berriz, antena paraboliko baten bidez ECS1 satelitetik hartzen dira. Miarritze, telebista-seinaleentzako itzal-zona batean aurkitzen dela esan beharra dago, eta sare honen bidez abonatuei telebista-programen hartzea errazten zaie.

Telebanaketa-sistema honetan teknikarik aurreratuenak erabili badira ere, ez dute dana ondo egin; ETB hartzeko ez bait dira gai izan.

Telebista-hargailua zuntz optikozko sareari konektatzea, Frantziako PTTk hornitutako interface-kutxaren bidez egin behar da. Kutxa hau teleaginte batez kontrola daiteke programak hautatzeko.

4. irudia: Bideotestua bisiofonoan.

4. Hi-Fi-ren banaketa. Hi-Fi-katea ere zuntz optikozko sarera konekta daiteke beste teleagindutako interface-kutxa baten bidez. Teleagintearen laguntzaz, hamabi kanal estereoren artean hauta daiteke. Kanal hauen artean Espainiako Irrati Nazionala aurkitzen da eta dirudienez berriz ere zailtasun teknikoak edo izan dituzte Euskadi Irratia, Gure Irratia eta antzekoak hartzeko; hauen programarik ez bait dute banatzen.

Lau zerbitzu hauek orain eskaintzen ari direnak dira, baina oraingoz maila esperimentalean aurkitzen diren beste posibilitate batzuk ere badaude. Hauetan interesgarrienetakoa, irudi-bankuarena da ezpairik gabe.

Irudi-bankuak nola funzionatzen duen ulertzea, erraza da. Bisiofonoak bideotesturako daukan teklatua erabiliz, banaketa-zentru nagusian dagoen irudi-bankuaren ordenadoreari deitzen dio erabiltzaileak. Ordenadoreak, bankuan dauden irudien menua erabiltzailearen bisiofonoaren pantailan erakutsiz erantzuten du.

Orduan erabiltzaileak, ikusi nahi dituen irudien gakoa saretik ordenadoreraino bidaltzen du. Honek informazioa jasotzen du eta horren arabera behar den bideodiskoa aukeratzen du. Bideodisko hauek 54.000 irudi finko edo irudi animatuzko 36 minutu gorde ditzateke

36 minutu = 2.160 segundo; 2.160 segundo x 25 irudi/segundo = 54.000 irudi

Behin bideodiskoa aukeratu izanez gero, ordenadoreak bideoirakurle batera sartzen du eta honetan erreproduzitutako irudiak (finkoak edo animatuak) erabiltzailearen pantailaraino bidaltzen ditu zuntz optikozko saretik.

5. irudia: Mosaiko-programa.

Miarritzeko sare honen ezaugarririk nabarmenena, irudiak banatzeko eskaintzen duen erraztasuna da. Sarea konmutatua da; beste edozein lekutako telefonoarena bezalakoa, eta honek edozein abonatuk beste bati edo talde bati irudiak bidal diezaizkiokeela esan nahi du. Eta horixe egiten dute Miarritzen ospitalean egiten ari den operazio baten irudiak interesatuak dauden hiriko sendagileen etxeetara zuntz optikoaren bidez transmititzen dituztenean.

Miarritzeko zuntz optikozko sarearen ezarpena Frantziako estatuari 1.000 milioi franko (20.000 milioi pezeta gutxi gorabehera) kostatu bazaio ere, abonatuek ordaindu behar dituzten tarifak ez dira garestiegiak. 1.500 abonatu daudenez gero, ezarpenaren kostua abonatuko 667.000 frankokoa (13 milioi pezeta) izan da. Hau gobernuak ordaindu du.

Sarera abonatzeagatik, ez dute ezer kobratzen. Hileroko kuota, bisiofonoa edukitzeagatik, 60 frankokoa da eta komunikazioaren kostua honela osatzen da: 0,60 franko sarea atzitzeagatik eta beste hainbeste hamar minutuko denboraldi bakoitzagatik.

Telebanaketa-zerbitzua erabiltzeko eskubidea izateko, 50 franko ordaindu behar dira hilero.

Miarritzeko sistemaren deskribapen orokorra

Miarritzeko sareak, hiru zona edo auzo zerbitzatzen ditu: Geltokikoa, Lizeokoa eta Kennedy auzoa alegia (6. irudia).

6. irudia: Miarritzeko zuntz optikozko sarea.

Banaketa-zentru nagusia, Geltokiko zonan dago eta bigarren mailako hiru banaketa-zentruetako bakoitzarekin, zuntz optikozko 70 hariz osatutako kable batzuez estekatuta dago (7. irudia). Kable hauek, garraio-sarea osatzen dute.

Auzo bakoitzean dagoen bigarren mailako banaketa-zentrutik, zuntz optikozko 70 harizko kableak izar gisa ateratzen dira abonatuengana. Kable hauek zazpi zuntz optikozko hamar harizko kabletan banatzen dira, eta azkenik hamar harizko kableak banaketa-kutxara iritsi eta abonatuarenganaino heltzen diren bost bi harizko kabletan banatzen dira.

Dakizuenez abonatu bakoitzeko bi hari behar dira; zuntz optikoak informazioa norantza bakarrean transmititzen bait du. Bi hari hauek abonatuaren etxean dagoen erregistro-kutxaraino iristen dira. Bertan, horreraino argiaren intentsitatearen aldakuntzaren bidez transmititu den informazioa seinale elektriko baten aldakuntza bihurtzen da eta abonatuaren gailuetaraino iristen da (bisiofonoa, telebista, Hi-Fi katea).

Sare honen egitura "izar" modukoa dela azpimarratzekoa da. Honek, abonatu bakoitza hari pare batez bere bigarren mailako banaketa-zentrura estekatuta dagoela esan nahi du, eta zentru hauek konmutaziozkoak direnez gero, edozein abonatuk beste edozein abonaturi bidal diezaioke informazioa. 8. irudian abonatuari heltzen zaizkion seinaleen maiztasun-banaketa ikus dezakezue. Telebista-seinaleak eta bisiofonoaren irudiak era analogikoan transmititzen dira. Seinalizazioa, bisiofonoaren soinua eta Hi-Fi-ko kanalak berriz, era digitalean.

7. irudia: Zuntz optikozko sarearen eskema.

Diagraman ikus dezakezuenez, abonatuaren etxera bi telebista-kanal iristen dira; bat une berean ikusteko eta bestea magnetoskopioan grabatu ahal izateko, edota beste telebista-hargailu batera bideratzeko. Kanal bakoitzetik aukeran dauden hamabost programetatik zein etorriko den, erabiltzailearen teleaginteak kontrolatzen du.

"Biarritz Communication Nouvelle" elkartea

Miarritzeko saiakuntzan jende eta erakunde askok parte hartu du. Batzuren lanak, zuzenki zerikusirik badu saiakuntza honetaz, eta besteena saiakuntzaren inguruan garatzen dela esan daiteke.

Azken hauen artean dugu "Biarritz Communication Nouvelle" elkartea. Erakunde honek ondoko lau helburu dauzka:

  • Komunikazio-teknologia berrietan jende eta enpresen formazioa ziurtatzea.
  • Komunikazio-teknologia berrien ekarpena arlo ekonomiko, turistiko, kultural eta sozialean ikertzea.
  • Produzitu eta errealizatu promoziozko ekitaldi bisiofonikoak.
  • Produzitu eta errealizatu bideokomunikaziotako zerbitzu interaktiboak.

Helburu hauek bete ahal izateko, argazkian ikusten diren tresneriez hornituta daude beren bulegoak. Bertan bisiofonoarekin batera, bideo-kamerak, bideodiskoen irakurgailuak, magnetoskopioak, mikroodenadoreak, etab. ikus daitezke.

8. irudia: Seinaleen maiztasun-banaketa.

Beren ekintzen artean bi aipa ditzakegu bereziki: ikastaro eta hitzaldi ugari antolatzea alde batetik, eta BCNko lokalen bisita praktikoak bestetik.

Ekintza hauekin beraien asmoa «… Faire en sorte que les habitants de la cité puissent prendre en compte ces novelles technologies…» (…Hiriko jendeak teknologia berri hauek kontutan har ditzaten bultzatzea…) da. Asmo hau betetzen dutela ez dago dudarik. Artikulugileok zuzenean ezagutu bait genuen beraien lana. Hori bai, eskaintzen diren posibilitate berriak kostu gehigarria suposatzen dute eta hau asumitzeak miarriztarrei dagokienez, beraiek izango dira azken finean honelako saiakuntzaren balioa epaituko dutenak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia