}

Eskolaurrea

1989/07/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eskolaurreko lehen urtean (ume batzuk 2 urterekin hasiko dira, beste batzuk ordea 3rekin) bapateko aldaketa dago umearentzat; batez ere lehendik haurtzaindegira joan ez denarentzat.

Denbora aurrera joan da, eta umeak eskolan hasi beharra dauka. Guraso askorentzat oso zaila da bere haurrak etxetik kanpo laupabost ordu eman behar dituela onartzea. Garai batean gurasoek, une hau iritsi ondoren umeak eskolara joateko txikiegiak zirela pentsatzen zuten. Gaur egun, ordea, nahikoa gauza jakina eta frogatua da umeak behin adin batera iritsiz gero (eta arazoa hemen egon daiteke, zein den adin kritiko edo muga hori: 2 urte?, 3 urte?) eskolara joan behar duela.

Eta OHO aurreko 2 urte horiek (eskolaurreko urteak, hain zuzen) umearentzat etxean jaso ditzakeen mimo eta arreta guztiak bezain garrantzitsuak dira.

Dena den, ukaezinezkoa da umearentzat aldaketa handi bat gertatzera doala. Eta aldaketa hau positiboa izan dadin, bi faktore edo osagai batera gertatzea ezinbestekoa da:

  • Gurasoengan umeak ez dezala urrunketa-angustiarik nabari; horrek segurtasunik eza eragingo bait lioke umeari. Noski, beste muturreko axolagabekeria osoa ere ez litzateke gauzarik onuragarriena; umeak maitasun-falta bezala ulertzeko arriskua bait du.
  • Bestetik, eskolan giro ona aurki dezala umeak: gustora egon dadila, maisu ala maistrarengan konfidantza lor dezala, giroa lasaia eta goxoa izan dadila.

Pentsatu beharra dago umea lehen aldiz egongo dela ordutegi jakin eta zehatzaren menpe: egunero eskolara, ordu jakinetan, astean hainbat egun. Egokitze-prozesu honetan, noski, umeak kanpoko laguntzak behar-beharrezkoak ditu, eta prozesu honetan ezinbestekoak dira guraso eta irakasleen arteko harremanak eta lankidetza.

Aipatu besterik ez dut egingo irakasleak prozesu honetan duen eragina eta garrantzia.

Ikasturte hauen helburua umearen sentimen-pertzepzioa estimulatu eta lantzea da; azken finean heziketa psikomotoreari buruz ari bait gara (mugimendua, manipulazioa, oratze edo heltzea, etab.). Eta guzti honek zuzeneko eragina du gorputzaren kontzientziaz jabetzerakoan, espazioaz jabetzerakoan ikasketa-prozesuan, etab.

Umeak irakurri eta idazten ikasi aurretik (hau normalean OHOko 1. ikasturtean gertatzen da), gaitasun eta ahalmen-sail bat landu beharra dauka; APRENDIZAJEAREN HELDUTASUNA deritzona. Eta bi urte hauetan jartzen dira martxan prozesu guzti horiek.

Aro honetan hasten da umea iharduera jakin batzuekin harremanetan. Ondoren bere ezagutzak handiagotzeko baliagarri gertatuko zaizkio. 3 dira sail edo alor nagusiak:

  • IDAZKETA-AURREA, marra eta lerro handi horiek. Horrela ikasten du umeak lapitza kontrolatzen eta erabiltzen.
  • IRAKURKETA-AURREA, letrak ezagutzea, eta letra ezberdinek objektuekin duten harremana.
  • KALKULU-AURREA, multzoen nozioak edo lehen ideiak.

Eskolaurreko programetan sei area edo sail espezifiko aipatzen dira, nahiz eta noski, sail hauek eguneroko jolas eta martxarekin batera irakatsi:

1) Lengoaia, mintzaira

Bere entzumena eta ahozko adierazpena lantzeko.

Umeak zaratak edo hotsak bereizten ikasi beharko du, ondoren letren eta hitzen soinuak ezberdintzeko.

Ikus-pertzepzioa ere lantzen da, ondoren letra ezberdinen grafia ere ezagutu ahal izateko.

Bere adierazmena ere zainduko da; bere nortasuna errespetatuz, baina bere ahoskera-akatsak zuzenduz.

Hiztegia ere landuko du, eta esaldien intonazio zuzena ere bai.

Azkenik, elkarrizketaren bidez, gero eta esaldi konplexuagoak egiten eta esaten ohituko da.

2) Artea

Umea mundu estetikoarekin harremanetan jar dadin, bere espresio, sorkuntza eta imajinazio-ahalmenak garatzeko.

Area honen bitartez ez bakarrik plastika, baizik eta musika eta dramatizazioak ere landu nahi dira: ikus-entzutekoak eta erritmoa ere bai.

3) Higienea

Arlo honetan, norbere gorputzaren ezagutza landuz, ingurugiroaren ezagutzara eta gizarte-mundura ere iritsi nahi da.

Hemen sartuko lirateke oinarrizko zenbait aztura edo ezagutza, hala nola, osasuna eta higienea, garbitasuna, janztea, mugitzea, oreka gordetzea, espazioan orientatzea, ...

4) Heziketa fisikoa

Bere edukina iharduera psikomotoreek osatzen dute gehienbat, h.d. garapen psikomotorea landuko duten hainbat eta hainbat jolasek.

Bapateko eta gehiegizko esfortzu gogorrik gabe umeek beren gorputza kontrola dezaten irakatsi nahi zaie: mugitzea, arnasartze egokia, larruazalean zehar sentsazioak jasotzea, denbora eta mugimendua elkarri lotuak doazela jakitea, ...

5) Bizitza soziala

Programan bereizirik datorren arren, eskolaurreko area hau ez da espezifikoa; egunean zehar eta eguneko ordu guztietan burutzen den etengabeko ikaskuntza baizik.

Umeak bere nortasun propioa ezagutuko du, baina aldi berean, hemendik aurrera besteekin edukiko dituen harremanez ere jabetu beharra dauka.

  • Bere joku eta jolasak, jostailuak, besteekin konpartitzea.
  • Bere sexuaz jabetzea. Neska eta mutilen arteko ezberdintasunak asumitzea.
  • Kontzeptu abstraktuak ere ezagutzea (maitasuna, ongia, alaitasuna, edertasuna, lana, etab.)
  • Pixkanaka eredu sozialaz jabetzen joango da, eta heziketa edo gizalege bezala ezagutzen denaz ere bai: barkamena eskatu, eskerrak eman, atea jo, ...

6) Matematikak

Zerikusi gutxi dute gure garaikoekin.

Jolas berezien bidez, umearen adimena prozesu logiko eta matematikoetara ohitzen joan dadila, gai honetako hizkera berezia ikas dezala, espazioak, denborak, numeroak (zenbakiak, kopuruak), formak eta egiturak elkarren artean dituzten harremanak ikas ditzala.

Zalantzarik gabe, aipatutako guztia ez da eskolara soilik mugatzen. Oso komenigarria gertatzen da etxean umeak eskolan erabiltzen dituen antzeko jostailuak erabiltzea. Horrela, konturatu gabe, umeak ikasten jarraitzen du.

Gauza materialaz gain ere, garrantzi handikoa da gurasoek umearekin batera IKASTEA, egunero denboralditxo labur bat baldin bada ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia