Esfingearen enigma
1993/03/01 Ezpeleta Arenaza, Txema | Laguéns Capablo, María Elena Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egipton inoiz izan bazara, bere itxura bare eta handiaren erakarpenari antzemango zenion. Lurralde horren berri liburuen bitartez izan baduzu, bere irribarre misteriotsuak zuregan zirrara sortaraziko zuen. Gizeh-ko Piramideen gunean munduko estatuarik famatuenetariko bat dago. Izena, bere irudia bezain enigmatikoa da.
Nori dagokio basamortuan lurperatua dirudien lehoiaren giza burua? Piramideen zaindaria ote da? Iragandako urteen eragina nabaria da Esfingean eta denborari zor zaion narriadurari, egun poluzioak sortarazitakoa gehitu behar zaio. Zorionez, Esfingearen misterioa bere horretan mantenduko duen zaharberritzeko plana indarrean jarri da duela gutxi.
Estatua
Esfingea munduko monumentu ospetsuenetariko bat dugu. Bere dimentsioak, 22 m altu eta 80 m luze dira. Mota horretako estatuen ordezkari bakarra da eta Antzinako Egiptoko errege-estatua handiena dugu. Estatua, gezurrezko bizarra eta almidoiztaturiko buru-zapia (nemes) daraman errege-buruko lehoia da. Pieza bakarrean egina da eta zuzenean haitzean landuta dago, soberako harria bertatik kenduz.
Egungo Esfingea Kefren-en irudia da. Faraoi hau, Gizehko Bigarren Piramidearen eraikitzailea, Keops Handiaren semea dugu, zeinak historiako hilobirik handiena eraiki baitzuen; Gizehko Piramide Nagusia alegia.
Ikertzaile gehienen ustetan, Esfingea Antzinako Inperioko IV. dinastiari (K. a. 2613-2500) dagokio eta, Kefrenen garaian burutu zen, beren hilobia eraiki zen garai berean, faraoia hilobia zaintzeko animalia modura irudikaturik. Hala ere, Mark Lehner-en (Chicagoko Oriental Institute-koaren) iritziz, Esfingea Kefren baino lehenagokoa izan liteke.
Estatua tenplu baten patioan dago; Tenplu Nagusirako eta Kefrenen Piramiderako sarbideen eskuinaldean (ondorengo faraoiek, hilarriak kokatu eta tenplu gehiago eraiki zituzten inguruetan).
Inperio Berrian (K. a. 1570-1070) Esfingea erregetasun eta nazioaren sinbolo bilakatu zen. Amenofis II.ak estatuaren iparrekialdean ikur bat eraiki zuen eta barnean Menfisen igarotako gaztaroaren berri ematen digun estela kokatu zuen: Zaldi-lasterketen zale porrokatua zenez eta gortegizonak gerta zitezkeen istripuen beldur zirenez, beren kezken berri eman zioten Amenofisen aitari; Tutmes III.a Handiari. Erregea biziki poztu zen semearen zaletasuna zein zen jakinda eta ikuiluetako zaldi guztiak printzearen esku uzteko agindua eman zuen. Horregatik, Amenofisek bere zaldiekin batera burutu zuen Menfistik Gizehrako bidaia.
Tutmes IV.ak eta Ramses II.ak ere zenbait hilarri kokatu zuten Esfingearen hatzaparren artean. Antza denez, Ramsesek bere estatua ipini zuen Esfingearen bularrean. Egindako kalkuluen arabera, Ramsesen irudiak 7,5 m-ko altuera izan zezakeen. Dena den, hau aukera bat baino ez da; aurkitutako hondarrak inguruetako tenplu bateko estatuenak izan bailitezke.
Egungo Esfingeak sudurra eta faraoien gezurrezko bizarra galduak ditu. Dirudienez, sudurra kanoikada batek desagertarazi zuen Napoleonek Egipton buruturiko kanpainian. Mamelukoek jaurtiketa-praktiketarako erabili ohi zuten estatua helburu modura. Praktika hauen bitartez, kanoilarien punteria hobetzeaz gain, pertsona eta animaliak irudikatzea debekatzen duen lege islamiarra ere betetzen zuten.
Bizarrari dagokionez, Caviglia ikerlariak Esfingearen bizarraren hondarrak atzapar bien artean aurkitu zituen 1816an, baina zati txikiak ziren. Zaharberritzaile egiptiarrak bizarra diseinatzen saiatu dira, baina nola egin lan hori jatorrizko materialaren % 15 besterik izan gabe? Bestalde, bizarrik gabe ezagutzen dugu denok Esfingea eta bizarra ezartzeak ez al luke eztabaida handia sortaraziko?
Esfingearen enigma
Esfingearen jatorria eta helburua, jendea txundituta uzten duten misterioak dira eta makina bat istorio idatzi da horri buruz.
Esfingea landuta dagoeneko oinarri-haitza historiaurrean gurtu egiten zen bere animali tankera bitxia zela eta. Antzinako Inperioko artisauek aipaturiko haitzean lehoia landu zuten. Faraoiaren burua zuen lehoia, sabelaren gainean zetzan, hankak hedaturik eta elkarrekiko paralelo kokatuta zituela. Inperio Berrian, estatuari Hor-emakht (“Horus Horizontean”) zeritzon. Egiptiarrek Abu-Hol (“Terrorearen Aita”) izenaz ezagun dute; Bw hol (“Horusen Tokia”) delakotik eratorritako izenaz, hain zuzen ere.
Mitologia egiptiarrean, Horus Eguzki-jainkoa zen. Begi modura Eguzkia eta Ilargia zituen aztorearen bitartez irudikatzen zuten. Eguzki Jauna zenez, bere buruaren inguruan suge batez inguraturiko eguzki-diskoa ageri zen. Geroago, giza itxura hartu zuen, baina buruaren atzeko aldea artean ere aztorearenari zegokion. Egiptoko jainkoen irudikapen guztiak sinbolikoak ziren eta ikusmenezko metafora modura ulertu behar ditugu: Horusek, zeinak gizateria bere agindupean duen, Eguzkia bere hegoen bitartez elikatzeko ahalmena du, eguzkiak zeruan zehar egunero “nabiga” dezan.
Beraz Esfingeak, Eguzkiari (Ra delakoari) opariak aurkezten ari den Kefren irudikatuko luke, Eguzkia ilunpe artetik irten zain dagoelarik. Izan ere, Esfingearen tenpluak ekialdeko eta mendebaldeko aldeetan nitxoak ditu eguzkiaren irteera- eta sarrera-erritoetarako. Halaber, baditu 24 zutabe ere; eguneko eta gaueko orduak adierazten dituztenak, hain zuzen ere.
Esfingea, Egiptoko panteoiko elementuen adierazlea da. Burua, gizakiarena izan daiteke, hilobi-buruzapiz apaindurik, edo bestela animaliarena (aztorearena edo ahariarena). Tenpluetan, sarrera-pilonora zeraman hiribidea (dromos) animali buruko esfingeez inguraturik zegoen. Jainkotegietan ere, Egiptotik kanpokoetan barne, erregearen edo printzesaren burua duten esfingeak aurki daitezke. Inperio Berrian, asiarren eraginaren ondorioz agian, esfingea atzeko atalen gainean altxaturik azaltzen zen XVIII. dinastiako (K.a. 1570-1293) erreginen aurpegierak irudikaturik.
Jatorriz egiptiarra bada ere, esfinge hitza grekoa dugu (Sjigx). Tifon eta Ekidna bikotetik jaiotako munstroarekin loturik dago. Laio-k Krisipo bahitzearen kariaz, tebastarren aurkako mendekua hartzera bidali zuten munstroa. Helburu hori bete asmoz, Tebas hiriaren inguruetan geratu zen. Bertan, bidaiariak geldiarazi eta enigma desberdinak proposatzen zizkien, asmatzen ez zutenak irentsi egiten zituelarik.
Esfingeak hainbat arkeologo liluratu du. Horietariko zenbaiten ustez, estatuaren azpian tenplua dago. 1816. urtean, Caviglia izeneko aditua, Esfingea eta Piramide Nagusia lotu bide zituen lurpeko pasagunearen bila aritu zen, baina ez zuen horrelakorik aurkitu. 1978an bi pasabide aurkitu zituzten: bata burupean eta bestea buztanpean, baina gerora jakin zuten H. Vyse ikerlariak azterketa bat egiteko egin zituela 1881. urtean. Duela urte batzuk, iparraldean beste zulo bat ere aurkitu zuten. Dirudienez, “pasabide sekretuak” joan den mendeko altxor-bilaketariek egindakoak dira.
M. Lehner-ek berriki, Esfingea uste baino askoz ere zaharragoa dela adierazi du, eraikitze-data K. a. 7000. urtearen ingurukoa litzatekeelarik. Haatik, zientziak ez du oraindik azken hitza esan eta enigmak bere horretan dirau.
Egia esan, Esfingea Egiptoko zibilizazioko estatuen eta Egipto Zaharreko erlijio sineskizunen adierazle bikaina dugu. Faraoien hilobien zaindaria dirudi, baina lehenago eraiki zen! Agian faraoiek Esfingearen alboan betirako etzatea erabaki zuten betierekotasuna ziurtatu asmoz! Behar bada, hasieran animalia izan zen eta ondoren bere burua faraoiren batena bilakatu zuten.
Narriadura eta zaharberritzea
Historian zehar, Esfingea berritzeko lanak behin baino gehiagotan egin dira. Tutmes IV.a izan zen estatuaren egoeraz kezkatu zen lehena, oroigarri gisa hilarri bat utzi zuelarik. Bertan, Esfingeak bere gainean zuen harea kentzeko erregeari egindako eskakizunaren berri ematen da: Tutmes, seme, aita nauzu, tronua eman zizuna. Nire aurpegia zeurea da eta nire asmoak zure bitartez gauzatuko dira. Ni nagoeneko basamortuko hareak estali egin nau!.
Lotan zegoen erregea, aipaturiko mezuak iratzarri eta Esfingearen esanak ulertu egin zituen. Estatuaren gaineko harea kentzeko agindua eman zuen eta halaber, ondorengo inbasioen aurrean Esfingea babes zezakeen harresia ere eraiki zuen. Adituen ustez, zaharberritzeko Kefrenen galtzadako harriak erabili zituzten eta faraoi horren hilobi-tenpluko granitozko atea hartu zuten “Lo-hilarria” egiteko.
K.a. 500. urteko hilarri batean, antzina (inolako datarik eman gabe) Esfingearen hegoaldea konpondu eta estatua osoa lerro gorriz apaindu zutela adierazita dago.
Erromatarren garaian (K. a. 30-K. o. 200), Esfingearen gainean harri txikiak ipini zituzten haitza babestu nahirik. Konpontzaileek terrazak eta anfiteatro txiki bat ere eraiki zituzten. Hilarri batean irakur daitekeenez, Busiris-ko (gaur egun, Nazlet el Saman deneko) hiritarrek Neronen ohoretan estatua garbitu egin zuten.
Azken bi mendeetan makina bat ikerketa eta indusketa burutu da; Napoleonekin batera joandako adituak 1798an, Caviglia 1816an, H. Vyse 1840an, Mariette 1853an, Maspero 1855ean, Kanal eta Daressy 1909an eta Baraize 1926an, besteak beste, aipa ditzakegu adibide gisa. Azken ikerlari honek Esfingearen gorputza estaltzen zuen harea kendu egin zuen eta estatua erditik ebakita zegoela ohartu zen. Burua zementuz konpondu zuen eta egindako lanari buruz 226 argazkiz osaturiko bilduma utzi zuen.
Azken urte hauetan, aipagarriak dira 1953an egindako konponketa-lanak. Bestalde, Lehner eta Hawass zientzilariek azterketa interesgarria burutu zuten 1978. urtean. Azkenik, 1982an iparraldeko atzaparreko zenbait harri erori egin zen eta erromatarren garaian ipinitako harrizahar eta txikien ordez, berriak eta handiagoak kokatu zituzten. Zementua erabili zen harrien arteko loturetan, eta orain zementua bera bilakatu da arazo nagusi!
Esfingearen arazoak
Esfingea, kararriz osaturik dago gehienbat, eta lurraren gainazaleko material guztiak bezala, ura, airea eta izaki bizien eraginaren menpean dago. Kanpo-eragile guzti hauen prozesuen ondorioz, materialak aldatu eta xehetu egiten dira. Aipaturiko ekintzari meteorizazio deitzen zaio eta berau mekanikoa nahiz kimikoa izan daiteke. Lehen kasuan, materiala hautsi egiten da, konposizioan aldakuntzarik eragin gabe. Bigarren kasuan, berriz, aldakuntza kimikoa gauzatzen da. Lurraren gainazaleko edozein puntutan, meteorizazio biek aldi berean eragingo dute, baina batak besteak baino garrantzi handiagoa izango du, tokian tokiko klimaren arabera.
Egiptoko hezetasun erlatiboa oso txikia da (% 15ekoa batezbeste). Alkairon jasotako urteko euri-kantitatea 24 mm-koa besterik ez da. Ondorioz, aire-hezetasunak indargetzen ez duenez, lurrak tenperatura-aldakuntza bortitzak pairatzen ditu. Eguna argitu bezain laster, harea eta hitzak berotzen hasten dira, inguruko aire lehorrera beroa irradiatuz.
Piramideen inguruneko paisaje zoragarriaz gozatu eta atsedena hartu nahian turista bertako harrien gainean esertzen bada, aipatu berriak ditugun efektuez berehala ohartuko da. Eguzkia sartutakoan, airea bapatean hozten da eta haitzek beroa galdu egiten dute. Beroketa- eta hozketa-prozesu hauen ondorioz, harriak zabaldu eta uzkurtu egingo dira, materialen elastikotasunaren arabera hausturak ere gerta daitezkeelarik (Ikus Alkairon neurtutako batezbesteko tenperaturak izeneko taula).
Esfingearen beste arazo bat urari zor zaiona da. Egunsentian ur-kantitate txikiren bat harrian egonez gero, eguneko beroak uraren lurrinketa eragingo du eta uretan disolbaturiko gatzak prezipitatu egingo dira kararria meteorizatuz, eta ondorioz, harria deseginez joango da. Hezetasunaren eta beroaren eragin jarraiaz gain, meteorizaturiko pusken higadura ere kontutan hartu beharko dugu, haizeak garraiatutako harea-aleen eragina dela eta. Harea-aleek haitzaren kontrako talkak dituzte eta haitza disgregaturik dagoenez, garraioa erraz gauza daiteke.
Mendeetan zehar Esfingea narriatuz joan diren prozesu guzti hauek eragin berbera izan beharko zuketen estatua osoan. Dena den, aditua ez denak ere berehala nabari dezake bularra burua baino askoz ere kaltetuagoa dagoela. Efektu honen zergatia aurkitu asmoz, gogoan izan behar dugu estatuaren gorputza ehundaka urtetan zehar hareaz estalita egon dela. Baldintza hauetan gainazaleko ura iragazi egiten da eta ur horrek lurrintzerik ez duenez, kararria disolbatuz joango da, bestelako aldakuntza kimikoak ere sortaraz ditzakeelarik.
Orain arte aipatu ditugun eragin guztiak ezezik, gizakiarena ere aintzakotzat hartu behar da. Zorionez, dagoeneko Esfingea ez da jaurtiketa-praktiketarako erabiltzen, baina egurats-poluzioa jatorri duten gasek meteorizazio kimiko azkarra eragiten dute. Aipatu beharra dago zeruko kolore urdin zoragarria zikintzen duen smog-geruzak inguratzen duela Alkairo egunero. Halaber, duela hamarkada gutxi batzuk soilik Piramide inguruan barrena ibiltzen ziren gameluen ordez, turistentzako autobus-andana bat ikus daiteke gaur egun bertan. Poluzioak eragindako kalteak egiaztatu asmoz, joan den mendeko grabatuei begiratzea besterik ez dago. Buruzapiko irudia jadanik desagertzear dago!
Esfingeari loturiko azken arazoa, estatuaren narriadura saihestu asmoz gizakiak egindako saiakuntzei zor zaie. 1982ko konponketa-lanetan, antzinako harrien ordez kokaturiko kararri berrien loturak gauzatzeko zementua erabili zen. Material desberdinak direnez, kanpo-eragileekiko portaera desberdina dute, eta ondorioz, pairatutako meteorizazioa ere ez da berbera izango. Ondorio modura, Esfingearen forman aldaketak soma daitezke. Beraz, estatua zaharberritzeko egin den zenbait prozesuk hobekuntzak baino gehiago kalteak eragin ditu!
Egungo zaharberritzea
1988an Esfingearen besaburutik harri handi bat erori zen eta 1989an ekin zitzaion konpontze-lanari. Lan hau, Egiptoko Arkeologi Erakundeko partaide den Sayed Tawfik-en zuzendaritzapean burutu da. Azpimarra dezagun bere eskuzabaltasunak eta ardurak berebiziko garrantzia izan dutela konponketan. Halaber, Kultur Ministraria zen Farouk Hosni-k ere proiektua bultzatu zuen. Gizon honen sentikortasun artistikoari esker, arkeologo, geologo eta beste zenbait zientzilariz osaturiko lantaldeari eskultore bat ere gehitu zion. Proiektua hiru ataletan banatu zuten: Hegoaldea zaharberritzea, iparraldea eta bularra zaharberritzea eta estatua osoaren tratamendu berezia, ingurune-elementuek eragindako narriaduratik babestu asmoz.
Hegoaldeari zegokion lana burutzeko, Lehner-en eta Alkairoko Institutu Alemaneko ikerketak aintzakotzat hartu zituzten. Halaber, Esfingearen antzinako argazki eta marrazkiak ere erabili zituzten; gaur egun ia ezabaturik dauden xehetasunen berri eman baitzezaketen.
Harri zahar handiak eta zementua bertatik kendu egin zituzten eta haitzean egin zuten zuzenean lan. Helwan-go gotorlekutik ekarritako harri berriak kararriarekiko bateragarri ziren ala ez aztertu zen analisi kimiko zehatzen bitartez, eta bateragarri zirela ikusi ondoren, hutsuneak betetzeko erabili zituzten. Bestalde, zementuaren ordez, hareaz eta kararriz egindako masa erabili zuten. Gaur egun, bai hegoaldea eta bai gorputzeko atalik hauskorrenak, konponduta daudela esan daiteke.
Helwango Astronomi eta Geofisika Institutuak lurpeko uraren maila aztertu du. Gaur egun, estatuaren oinarriaz azpitiko zazpi metrora dago aipaturiko maila. Halaber, Getty deritzon institutuak ere, meteorologi estazio elektronikoa eratu du bertan, hezetasun, tenperatura eta haizeari dagozkien datuak jaso ditzan. Bestalde, UNESCO erakundeko zientzilari-talde batek sonarraren bidezko ikerketa burutu zuen estatuaren buruaren egoeraren berri izateko. Ikerketa horren ondorioetan aditzera eman dutenez, buruak ez du bizar-euskarriaren beharrik eta ez dago arriskuan. Alkairoko Unibertsitateko Injineru Fakultateak ere bat egin zuen kontserbazio- eta berritze-lanekin, Esfingearen azpiko oinarri-haitza aztertzea bere gain harturik.
Arestian aipaturiko bigarren ataleko lanei ekin aurretik, Hosni ministrariak Esfingearen babesari buruzko bilkura nagusia antolatu zuen. Bilkura hau Alkairon burutu zen eta zenbait egunez 90 ordezkari (erdiak atzerritarrak) bildurik izan zituen. Zientzilariek, historialariek, geologoek, kimikariek, artistek eta ingurugiro-adituek, besteak beste, parte hartu zuten bertan Esfingea salbatzea helburua zutela. Bilkuraren xede nagusiak, estatuaren kalteak aurkitzea eta, batez ere, aurrerantzean ez kaltetzeko bideak bilatzea izan ziren.
Esfingearen berritze-planaren garrantzia, Egiptoko ministrariak ondoko hitzen bitartez azpimarratu zuen aipaturiko bileraren amaieran: ...Esfingea ez da egiptiarrona soilik. Gizateriaren ondarea da, ondorengo belaunaldientzako legatua, kontserbatu eta zaindu beharrekoa...
Azken hitza
Esfingeak, misterio izaten segituko du; adituen eskuetan salbu baitago. Bere irribarrea betierekoa izango da. Oraindik ere ikusteko aukerarik izan ez baduzu, ahalegin zaitez bisitatzen, agian zeuk aurkituko duzu Esfingearen enigma eta! ...
Alkairon neurtutako batezbesteko tenperaturak (*)Urt. | Ots. | Mar. | Api. | Mai. | Eka. | Uzt. | Abu. | Ira. | Urr. | Aza. | Abe. | |
Maximoa |
19 7 |
20 24 |
24 10 |
28 |
32 16 |
35 20 |
35 21 |
35 21 |
31 20 |
29 17 |
25 13 |
20 9 |
(*) Batezbesteko tenperaturak Celsius gradutan daude eta itzalean hartutakoak dira. Eguzkitan neurtutako tenperatura maximoak, udan batez ere, taulan ageri direnak baino nabarmen altuagoak dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia