}

Erupzio handiaren 20. urteurrena

2000/05/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Duela hogei urte Washington estatuan Santa Helena sumendiaren leherketa gertatu zen. Mendiak lur kantitate handia galdu zuen.

Santa Helena sumendia Seattle eta Portland hirien artean kokatuta dago. 1980. urtean ohiko leherketak gertatzen ari ziren kraterrean. Maiatzaren 18an, goizeko zortzi eta erdietan, 5,1 magnitudeko lurrikararekin batera, erupzio itzela gertatu zen.Azkenik, hurrengo egunean baretu zen.

Jasotako datuak harrigarriak dira. Aurretik 2.949 metroko mendia zen baina erupzioaren ondoren 2.549 metrotan gelditu zen. 400 metroko aldea. Guztira sumendiak 2.800 milioi metro kubikoko bolumena galdu zuen. Hedatze uhina 475 kilometro orduko abiaduraz zabaldu zen 350 ºC-ko tenperaturan.

Orroa baretzean

Bederatzi ordutan errautsaz eta kez osatutako zutabea izan zen sumenditaren gainean. Zutabea 20-25 kilometroko altueraraino igo zen. Errautsa 95 kilometro orduko abiaduraz ekialderantz barreiatu zen. Izan ere, su- mendiarena Hiroshima eta Nagasaki hirietako leherketa nuklearrak batera baino bortitzagoa izan zen.

Harrezkeroztik bertako geologia eta biologiaren ikerketak egin dira. Erupzioak inguruko ekosistemak suntsitu zituen, bakterioak eta izaki mikroskopikoak barne. Washingtongo unibertsitateko John Bishop biologoak eta bere lankideek ekosistema horien berreskurapena jarraitu dute.

1981ean sumendiaren inguruko soroetan Lupinus Lepidus landare lekadunaren ale bat bizirik aurkitu zuten. Harrigarria. Gainera, landare mota horrek zoruaren nitrogenoa ugaritzen du eta horregatik beste landareen hazkuntzarako garrantzitsua da.

Geroago landare horien sustraien inguruan harrak aurkitu zituzten. Bishop-en taldekoek harrak landaretzaren kontrola egiten ari zirela ikusi zuten. Bishop-en ustetan, Lupinus-en efektua belaunaldi gutxi batzuetan du isla. Hala ere, eskala handiago batean gertatuz gero, kontuan hartzeko efektua litzateke.

Ikerketa irekita dago. Gaur egun beste maila trofiko batzuk ere aztertzen ari dira. Adibidez, zergatik ez den belarjale komunitaterik asko garatu erantzun beharreko galdera da. Baina garbi dago naturak baliabideak dituela hondamen handiei aurre egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia