}

Erretzeari uztea: Zaila bezain osasuntsua

1999/02/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Munduko Osasun Erakundeak dioenez, 2020. urtean tabakoa izango da munduan gertatzen diren heriotzen eragile nagusia.

Plazerraren kontua alde batera, tabakoak kalteak besterik ez ditu sortzen, poltsikoa urratzen du eta osasuna hondatzen baitu. Horregatik, behin eta berriz tabakoa uzteko ahaleginetan aritzen direnei laguntzeko sistemak kaleratu dira azkenaldian-beharbada horietako hedatuena nikotina?partxeena izan daiteke-. Hala ere, ez dirudi sistema bakarra erabilita erretzaile ohien kopuruak gora egin duenik, eta ondorioz, -beste hainbat gaitzetan bezala- adituak erretzeari uzteko sistemen koktelak gomendatzen hasi dira.

Islandian egin duten ikerketa luze baten arabera, nikotina?partxeak eta nikotinazko sudurreko inhalatzaileak aldi berean erabiliz gero, erretzeari uzteko aukerek gorantz egiten dute. Ikerketa erretzeari uzteko terapiapean zeuden 237 erretzailerekin egin da eta 6 urtez jarraipena egin zaie. Bi taldetan banatu ziren erretzaileak: talde batekoei partxea eta sudurreko inhalatzailea eman zitzaien; bestekoei, berriz, partxea soilik. Terapia hasi eta 6 hilabetera, lehen taldekoen % 51k erre gabe jarraitzen zuen; bigarrenekoan, % 33k. Sei urtetan, proportzioak oso antzerakoak izan ziren, koktelaren alde jakina.

Dudarik gabe erretzeari uzteak onurak dakartza osasunarentzat, baina kontuz ibili beharra dago, edozein sistema ez da fidagarria eta. Adibidez, Vienako ikerlari?talde batek adierazi berri duenez, tabakoari uzteko erabiltzen diren belar-zigarroak arriskutsuak izan daitezke osasunarentzat. Dirudienez karbono monoxido kontzentrazio handiegia dute.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia