}

Erreinu berria itsas hondoko tximinietan

2003/01/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Itsas hondoko tximinia hidrotermalak 1977an ikusi ziren lehen aldiz. Geroztik, itsas azaletik milaka metroko sakoneran eta presio eta tenperatura ikaragarri altuetan dauden ekosistema berezi horien gainean ikerketa ugari egin dira. Ordura arte ezagutzen ez ziren animalia- eta bakterio-espezie asko aurkitu dira bertan, baita gutxiago ikertu diren mikroorganismo zelulabakar batzuk ere.

Hain zuzen ere, orain mikroorganismo zelulabakar horiek ikertzaile batzuen arreta piztu dute. Protista erreinukoak zirela uste zuten arren, azken azterketen arabera, baliteke erreinu berri bat sortzea mikroorganismo horietako batzuk sailkatzeko.

Urrutira gidatutako ibilgailu baten bidez, Atlantikoaren erdialdeko dortsalean, tximinia baten inguruko jalkinen nukleoa bildu dute ikertzaileek. Gero, laginaren DNA erauzi dute, eta 18S RNA erribosomikoa kodetzen duen gunea aztertu dute. Izan ere, DNAren gune hori bizidunek izandako eboluzioa ondorioztatzeko erabiltzen da, aldaketa gutxi izaten baititu eta maiztasun jakinarekin gainera.

DNA aztertuta ateratako datuekin zuhaitz filogenetikoa egin dute, eta orduan ikusi dute jalkinean dauden mikroorganismoetatik gutxienez bi protistetatik oso desberdinak direla genetikoki. Hain dira desberdinak, ezen erreinu propioa izatea merezi baitute. Hala uste dute behintzat ikertzaile horiek, eta Proceedings of the National Academy of Sciences web gunean haiek biltzeko erreinu berria sortzea proposatu dute. Beraz, baliteke orain arteko erreinu nagusiei beste bat gehitzea. Monera, Protista, Fungi, Animalia eta Plantae erreinuak dira orain artekoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia