}

Erabili eta botatzeko mugikorrak, kontsumo-gizartearen isla

2002/09/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mugikorren eskaintza egunetik egunera ari da zabaltzen. Berrikuntzak ia etengabe merkaturatzen dira eta zerbitzu hobeak ematen dituzten mugikorrak bata bestearen atzetik datoz. Orain, erabili ondoren botatzen diren poltsikoko telefonoak jarri nahi dituzte salgai. Baina egileek diotenaren aurka, dena ez dute aldeko.
Eskuko telefonoak kontsumo-gizartearen isla zuzena.

Datuen arabera, euskal herritarren % 70 inguruk du telefono mugikorren bat edo gehiago. Izan ere, modeloak hain azkar aldatzen direnez, lehen erositakoak berehala gelditzen dira zaharkituak, eta azkena eskuratzeko premia sentitzen du batek baino gehiagok. Bestetik, gaur egungo gizartearen ezaugarrietako bat azkar kontsumitzeko produktuek duten arrakasta da, eta mugikorrak egiten dituzten enpresak gizartearen gogoak eta nahiak betetzen saiatzen dira, noski.

Hori guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa erabili eta botatzeko mugikorrak azaltzea merkatuan. Oraindik ez daude salgai, baina AEBetan Hop On izeneko enpresak duela gutxi jaso du merkaturatzeko baimena; beraz, luze gabe izango dira dendetan. Erabili eta botatzeko mugikor horiek plastikozkoak dira eta poltsikoan eramateko moduko neurria dute. Eskurik gabe erabili ahal izateko aurikular-mikrofono bat dute, bateria-kargatzailea, baita larrialdietarako zerbitzuetara zuzenean deitzeko tekla bat ere. Hortik aurrera ez dute beste zerbitzurik eskaintzen; merkeak izan daitezen, ez dute ez pantailarik, ez agenda elektronikorik, ez beste ezer. Eskurik gabe hitz egiteko aurikular-mikrofonoa ere ezinbestean dauka, telefonoak berak ez baitu ez bata ez bestea.

Mugikorrak ordubetez, ordu eta erdiz edo bi orduz hitz egitea ahalbidetuko duen txartel batekin batera salduko dira, eta behin txartelaren denbora agortu denean, bota egiten da. Edo, bestela, erosi den lekura itzul daiteke; kasu horretan, 5 $ itzuliko dituzte

mugikorrak berak gutxienez 40 $, hau da, 40 euro baino gehiago, balioko du

Aipatzekoa da guztiz birziklagarriak direla. Horretaz gain, enpresaren esanean, oso erabilgarriak dira hainbat egoeratan, esate baterako, oporretan eramateko, telefono-konpainiekin kontraturik eduki nahi ez dutenentzako, umeei emateko gero kontrolatuta egon daitezen... Gainera, edozein tokitan salduko direnez, hasi saltoki handietatik eta etxe azpiko denda txikira arte, oso eskuragarriak izango dira.

Erabili eta botatzeko beste mugikor batzuk

Hop On enpresak modelo berezi bat prestatu du Europarako, nazioartean erabiltzen den GSM teknologian oinarritutakoa. Baina Europan ere badira ideia bera izan duten asmatzaileak. Horietako bat Fernando Catalá da, eta proposatzen duen mugikorra funtsean Hop On enpresarenarena bezalakoa da: oinarrizko zerbitzua besterik ematen ez duen mugikor arina, merkea eta erabilgarria. Cataláren esanean, ordea, badaude aldeak; batetik aurrez ordaindutako txartela agortu ondoren, berriro erabiltzeko aukera emango luke, eta bestetik 30 euro baino gutxiago kostatu beharko luke gainerako mugikorrekin lehiatu ahal izateko.

AEBetan bertan ere baditu beste lehiakide batzuk. DTC eta Telespree Communications enpresek, bakoitzak bere aldetik, garatu dituzten erabili eta botatzeko mugikorrak esku-ahurrean sartzen dira, eta Telespree Communications enpresarenak, AirClips izenekoak, ez du ezta teklaturik ere, hizketaldia hasi eta bukatzeko tekla bakar bat besterik ez du. Ezin da gehiago (edo gutxiago, akaso?) eskaini.

Iragarkietan era horretako mugikorrek onura ugari dituztela aipatzen bada ere, batek baino gehiagok zalantzan jartzen du haien erakargarritasuna. Bestela, zergatik ari da atzeratzen hainbeste merkaturatzea? Kontuan izan behar da Hop On enpresak iaz jarri nahi zuela salgai bere produktua, baina eragozpen dezente izan ditu.

Oztopo deigarriena, agian, AEBetako segurtasun-arduradunek jarritakoa da. Hain zuzen ere, terroristentzat lagungarriak izan zitezkeela pentsatu zuten, arrastorik utzi gabe elkarren artean komunikatzeko balio dutelako. Azkenean, segurtasun-arauak ez dituztela urratzen erabaki dute, eta merkaturatzeko bidea libre utzi diete.

Erabili ondoren, mugikorrak zabor bihurtzen dira

Ekologisten kezka, berriz, beste era batekoa da. Produktu horiek itsu-itsuan betetzen dute ingurumenarentzat hain kaltegarria den ‘erabili eta bota’ leloa, eta birziklagarriak izateak ez du arazoa guztiz gainditzen.

Argi dago mugikorrak oso azkar gelditzen direla zaharkituak, etengabe ateratzen direlako modelo berriak. Eta modako produktu bat denez, askok eta askok lehendik zuena hondatu baino lehen erosten du beste bat. Zaharra, besterik gabe, etxeko zabor-ontzira botaz gero, ingurumena kaltetzeko arrisku handia dago. Izan ere, mugikorren zenbait osagai oso poluitzaileak dira.

Poluzio-arriskua saihesteko, onena saltokira eramatea da. Guztiek ez bada ere, saltoki gehienek, edo behintzat handienek, hartzen dituzte erabilitako mugikorrak, eta haiek bideratzen dituzte Europako Batasuneko legea betetzeko ezarri zen birziklatze-sistema berezira. Horrela, tratamendu egokia emango zaiela ziurtatzen du erabiltzaileak.

GARATZE-BIDEAN DAUDEN HERRIALDEETAN, MUGIKORREK KOMUNIKAZIOA ERRAZTEN DUTE

Nazioarteko Telekomunikazio Batasunaren txosten baten arabera, mugikorrei esker garatze-bidean dauden herrialdeetako biztanleek telefonoz hitz egiteko aukera dute. 2001. urtearen bukaeran, munduan 941 milioi pertsonek zuten mugikor bat; telefono finkoa zutenak, aldiz, ia 1.000 milioira iristen ziren. Alabaina, mugikorrenhazkuntza-erritmoa ikusita, maiatzetik mugikorrek finkoak gainditu dituztela uste dute adituek. Herrialde garatuetan mugikorrak ia asetze-mailara iritsi badira ere, garatze-bidean dauden herrialde askotan oso mugikor gutxi daude oraindik, eta hazkuntza ikaragarria ari da izaten, batez ere Asian. Adibidez, Txina mugikor gehien dituen herrialdea izatera iritsi zen iaz, AEBei aurrea hartuz. Afrikan ere ikaragarri ari dira ugaritzen, eta dagoeneko hango herrialdeen erdietan telefono finko baino mugikor gehiago dago.

Mugikorrek gero eta estaldura handiagoa dutela ikusita, adituek honakoa gomendatzen dute: telefono finkoen lineak ezartzeari utzi eta mugikorrentzako antena gehiago jartzea. Horrela, komunikazioa hobetzea espero dute.

TELEFONOKO UHINEI HESIAK JARTZEN

Mugikorrak ugaritu ahala, gero eta zailagoa bihurtzen ari da erabateko isiltasuna. Edozein tokitan egonda ere (bileran, ospitalean, zinean), oso litekeena da norbaiti mugikorra itzaltzea ahaztu eta dei bat jasotzea. Ikertzaile japoniar batzuk, ordea, irtenbidea asmatu dute: mugikorren soinurik entzun nahi ez den nahi den aretoa edo egoitza mugikorren uhinak xurgatzen dituen materialez inguratu eta kito.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia