}

Entzumena berreskuratzeko aurrerapausoa

2001/03/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bristolgo Unibertsitateko Mattthew Holley-k eta bere taldekideek genetikoki aldatutako belarriko zelulak lortu dituzte gizakiaren belarrietan ezarri eta entzumenaren galera geldiarazi edo epe luzeko gorreria sendatzeko.

Holley-ren ustean, ezarritako zelulek koklea-inplanteekin batera lan eginez, entzumena berreskuratzea lor daiteke. Izan ere, entzumen-nerbioa kitzikatzen duen koklea-inplanteak kasu batzuetan besterik ez dute izaten arrakasta. Adibidez, epe luzeko gorrak entzumen-nerbioa hain hondatua dutenez, koklea-inplantea ez da oso egokia gertatzen.

Entzumen-nerbioaren zelulak ordezkatuz, inplantearen eta burmuinaren arteko kontaktu elektrikoa hobe daiteke. Horrela, inplanteen eraginkortasuna areagotzen da eta askoz gaixo gehiagotan erabili daiteke. Ikertzaileek hiru-bost urte barru aurrerapen horiek lortu ahal izango dutela uste dute.

Beste ikerketa batzuetan zelula amak erabili dituzte belarrietako zelulak lortzeko, baina oraindik ez dute gizakiengan pobatu. Oraingoz eta gizakiekin saiakuntzak egin baino lehen, gehiago ikertu behar dute, belarria oso organo konplexua baita. Enbrioien entzumen-zelulak genetikoki aldatzerik balego, zelula-kulturak egin eta behar diren zelula-motak lortu ahal izango lirateke.

Holley-k zuzendutako taldeak saguen belarrietako zelulak genetikoki aldatu eta gizakien belarriko hainbat zelula-mota lortu dituzte. Diotenez, etorkizunean genetikoki aldatutako zelulekin eta inplante beharrik gabe entzumena berreskuratu ahal izango dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia