}

Elhuyar aldizkaria (1974-1996) sarean

2006/04/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ia Elhuyarrekin batera sortu zen Elhuyar aldizkaria, 1974an. Liburuxka txiki, horixka bat zen, eta, haren bidez, zientziaz euskaraz aritzeko urratsak eman nahi zituzten sortzaileek. Elhuyar aldizkaria 1996an desagertu zen, eta, orain, urte haietako guztietako lanak eta ahaleginak berreskuratu eta sarean jartzeari ekin diogu.

Elhuyar aldizkariaren 1974 eta 1979 urteen arteko zenbakiak Interneten jarri ditu Elhuyar Fundazioak. Orduko lanak sortu bezala jaso ditugu; zenbakiak bere horretan edo artikuluak hauta daitezke, gero inprimatu, gorde edo, besterik gabe, ikusi eta aztertzeko. Aldizkariak eta artikuluak http://www.elhuyar.org/elhuyar_aldizkaria eta www.zientzia.net web guneetan kontsulta daitezke.

Aldizkariko edukiak artikuluka kontsulta daitezke. PDF formatuan.

2005ean martxan jarritako proiektu bat da hau, eta gure asmoa da bi-hiru urteren buruan zenbaki guztiak sarean jartzea, denon eskura. Proiektu honekin, segida eman nahi diogu Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariarekin ekindako bideari. 2001ean, Zientzia.net web gunearen sorrerarekin batera, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbaki guztiak Interneten jartzeko erabakia hartu genuen, eta halaxe egin dugu: 2005eko apiriletik sarean daude Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian orain arte argitaratutako eduki guztiak.

Elhuyarren ondarea handiagoa zen, ordea, eta gure beste aldizkaria ere, gaur egungo Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren aitzindari izan zen Elhuyar hura, sarean jartzeko lanari heldu genion segidan. Aldizkari hartan jaso ziren zientziarako euskara garatzeko eta zientzia euskaraz zabaltzeko lehen ahaleginetako batzuk, eta, horrenbestez, uste dugu tresna ezin hobea izan daitekeela duela 30 urteko egoera zein zen eta nondik abiatu ginen jakiteko.

Sortzaileen ahotik

"Euskal kulturagintzan ia dena egiteko dadukagula gauza jakina eta tamalgarria da. Sukaldeko girotik eta lagunartetik irtetzen garen bezain laster bide ilunetatik abiatzen gara, euskara lotsagarri geratzen zaigu batzutan. (...) Zientzia gaietan konkretuki (...) hiztegi aberatsak, konzeptuen arlo osoa beregan dutenak behar ditugu, baina hori ez da aski.

Zientzi-euskara bat eraikiko badugu, piskana denok ados egon behar dugu, gaiak erabiltzeko ohitura bat hartuz, ohitura hori duen jende multzo ugari bat sortuz, edozein lekutako zientzilarik erabiltzen duen formulazioa eta euskara, batek bestea bortxatu gabe, uztartuz, e.a. (...) Euskarari, zientzien plazara jalgi dadin, agerlekuak prestatu behar dizkiogu bere sortzaileek nolakoa den erakus diezaguten eta denon artean haiei lagun diezaiegun gero eta helduagoa, egokiagoa, apainagoa sortzen." (...)

Hitz horiekin ekin zion bideari Elhuyar aldizkariak , 1974ko irailean. Luis Mari Bandresek —sortzaileetako bat— duela urte batzuk idatzi zuenez, "gaurko begiz begiratua, xumea eta apala zen hura, baina guretzat garai horretan lorpen izugarria izan zen". Gaurko Elhuyarrentzat, lorpenaz gain altxorra ere bada lan hura, eta gal ez dadin, sarean daukazue.