}

Eguzkitako betaurrekoak, estetika baino zerbait gehiago

2001/06/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Udako lehen eguzki-izpiak gogoz hartzen badira ere, kontuz ibili! Indarrez jotzen dute eta gorputz osoa babestu beharra dago: azala eguzkitik babesteko kremarekin eta begiak eguzkitako betaurrekoekin. Maiz, eguzkitako betaurrekoak erabiltzea moda-kontua dela dirudien arren, oftalmologoek behin eta berriz errepikatzen dute izpi-ultramoreengandik babestu beharra dagoela. Baina merkatuan dagoen aukera hain da zabala! Nola jakin zein motatako betaurrekoak komeni zaizkigun?

Urteko lehen eguzki-izpiek, udako arroparekin batera, hondartzarako bainu-jantzia eta eguzkitako betaurreko zaharrak tiraderatik ateratzeko garaia heldu dela gogorarazten dute. Baina, aurkitzen ez direlako edo modaz erabat pasatuta daudelako, diru-apur bat (batzuek gehiago eta besteek gutxiago) hartu eta betaurreko-dendara jotzen da berriak erostera.

Orduan hasten dira komeriak! Kristalezkoak, polikarbonatozkoak ala akrilikoak? Beltzak, horixkak ala gorrixkak? Fotokromatikoak ala tindatuak? Erantzunik gabe gelditzen diren hainbat galdera. Azkenean, merkatuan dagoen aukera zabalean galdu eta aurrekontuan sartzen diren gustukoenak erosten dira, betaurrekoak begiak izpi- ultramoreetatik babesteko direla ahaztuta.

Baina eguzkitako betaurrekoak ez dira ikuspuntu estetikotik begiratuta soilik hautatu behar. Aukeratzeko orduan forma eta kolorea ez ezik norberaren jarduerak, eguzkiaganako sentsibilitatea eta aurrekontua ere aintzat hartu behar dira. Markak alde batera utzita, gogoratu, betaurrekoen egitura, materiala eta iluntasuna direla begiak izpi ultramoreetatik babesten dituztenak.

Nola aukeratzen dira eguzkitako betaurrekoak?

Eguzkitako betaurrekoak aukeratzerakoan, lehenik eta behin, norberak kanpoan pasatzen duen denbora hartu behar izaten da kontuan. Izan ere, gidatzen, mendian edo, oro har, kanpoan denbora asko pasatzen duen pertsonak begiak izpi- ultramoreetatik babesteko behar handiagoa du kanpoan gutxi egoten denak baino.

Betaurreko gehienek argitasunaren % 15-25 uzten dute pasatzen, baina kristalezkoak dira argitasun optiko gehien eskaintzen dutenak, baita harramazken aurkako erresistentzia gehien ere. Hala ere, kristalezkoak nahiko astunak izaten dira eta pertsona aktiboentzat polikarbonatozkoak erabiltzea aholkatzen da. Azken horiek ez dute kristalezkoak adinako argitasun optikorik ematen, baina badute beste abantaila bat: merkeagoak izaten dira.

Argitasun gutxiago pasatzen uzten dutenak ere badaude, baina horiek altitude handietan ibiltzen diren mendizaleentzat bakarrik gomendatzen dira.

Elurretan eta mendiian derrigorrezkoa da betaurrekoak erabiltzea.

Materiala ez ezik, betaurrekoaren tindu-kolorea ere kontuan hartu behar da. Eguzkitako betaurrekoak tindatzeko arrazoia eguzkiaren argitasuna ahultzea da, baina tindu-kolore- bakoitzak efektu desberdina du ikusmenean. Begietara heltzen den argitasun-mailan eta kolore zein kontrasteak bereizteko erraztasunean dute eragina betaurrekoen koloreek.

Marroia, grisa eta berdea kolore neutroak dira eta, beraz, koloreak bereizteko inongo eragozpenik sortu gabe apaltzen dute eguzkiaren argitasuna. Kolore horietako betaurrekoak jantzita oso argi ikusten da eta begiko muskuluak ez dira hainbeste nekatzen. Hala ere, egunean zehar oso jarduera desberdinak egiten dituztenentzat, argitasunaren arabera iluntzen diren betaurreko fotokromatikoak dira erosoenak, ez baitira behin eta berriz jantzi eta erantzi behar.

Betaurreko horixkek argitasunetik gutxiago babesten dute, baina argitasun gutxi dagoenean egokiak dira. Sakonera eta urruntasunerako oso pertzepzio ona eskaintzen dute, eta aproposak dira elurretako kirol guztietarako.

Gorrixkak argitasun gutxi dagoenean bakarrik erabili behar dira, ikuspena eta kontrasteak handitzen baitituzte. Ondorioz, lainotuta dagoenean eskiatzeko edo behe-lainoarekin gidatzeko gomendatzen dira.

Alde batera utzi behar ez den beste ezaugarri bat betaurrekoen prezioa da. Garestienak kristalezkoak izaten dira eta merkeenak, berriz, akrilikoak, beste bi materialek baino argitasun optiko gutxiago eskaintzen baitute eta irudian distortsio batzuk ere eragin baititzakete. Hala ere, oso egokiak izan daitezke oso gutxitan erabiltzen badira edo ordezko betaurreko gisa.

Denda arruntetan aurki daitezkeen betaurreko merkeak, berriz, ez erabiltzea gomendatzen da. Betaurreko horiek eguzkiaren argitasuna apaltzen dute, baina izpi- ultramoreetatik oso gutxi babesten dute, eta batzuetan batere ez. Ondorioz, begi-ninia gehiago irekitzen da, baina ez du ez inongo babesik jasotzen. Begiei onura baino kalte gehiago egiten die. Horregatik da garrantzitsua prezioari baino gehiago betaurrekoak eskaintzen duen babesari erreparatzea.

Eta erabiltzen ez badira, zer?

Eguzkitako betaurrekoak hautatzea ez da zeregin erraza, aukera handia baita.

Udan betaurrekorik gabe ibiltzen den jendeak ikusmenean ez duela batere arazorik argudia dezake, baina kontuz ibili behar da, eguzki-izpiek azalean bezala begietan ere, epe laburreko eta epe luzeko ondorioak utz baititzakete. Azalean hiru eguneko erredurak bezala, epe laburrera izpi-ultramoreek begietan konjuntibitis txiki bat baino ez dute eragiten. Mementoan ezerosoa eta batzuetan mingarria ere izan daiteke, baina sendatu egiten da. Epe luzeko ondorioak, ostera, askoz ere kaltegarriagoak dira, besteak beste, kataratak, minbizia eta erretinan edo muskuluetan endekapenezko gaixotasunak eragin baititzakete. Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaur egun, munduan 20 milioi pertsona daude itsu kataratengatik, eta horietatik % 20 eguzki-izpiek eragina dela kalkulatzen da.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia