}

Eguzkia, udako erregea

2000/07/16 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Baliteke dagoeneko oporretan izatea; eta ez bazaude, ziur zain zaudela, oporrak noiz iritsiko. Lepoa ez, baina kaferen bat edo beste jokatuko nuke egun osoan kolpe zorrik jo gabe igaroko duzula oporraldia, hori izaten baita gehienon ametsa eta hautua. Eta baliteke ere, eguna joan eguna etorri, eguzkipean orduak eta orduak ematea. Horrela egon behar baduzu, ohiko aholkuei erreparatu beharko diezu, bestela kiskaliko zara. Ez naiz ni horretan hasiko, nahiz eta ondorengo lerroetan Eguzkia izan hizpide. Izan ere, aurtengoan eklipserik gertatuko ez den arren, Eguzkia baita udako erregea.

Nahiz eta batzuetan lainoen ostetik agertzeko gauza izan ez, Eguzkia egunero ateratzen da. Beharbada horregatik ez zaio kasu gehiegirik egiten, aspergarria dirudi. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, Eguzkiaren jarduna izugarria baita. Bibrazio etengabean ari da Eguzkia, dardara batean. Lurrak bezala, errotazio-mugimendua du Eguzkiak, baina ez da errotazio homogeneoa, gainazalean abiada handiagoan mugitzen baita Ekuatoreko latitudean gainerakoetan baino; eta Eguzki barrurantz joanez gero, gauzak aldatu egiten dira.

Bestalde, Eguzkia bera da eguzki-haizearen eragile nagusia, etenik gabeko elektroi, ioi eta eremu magnetikoen fluxuaren eragilea. Badirudi haize hori bi motakoa dela: bata geldoa, segundoko 350-400 kilometrokoa; bestea, berriz, bizkorragoa, segundoko 750 kilometrokoa. Badirudi fluxu geldoa Eguzkiko Ekuatoreko eremuetan sortzen dela; bizkorra, berriz, koroa inguruan. Sorlekua edozein dela ere, koroak eragiten du haizearen bultzada. Koroan 1.000.000 graduko tenperatura dagoenez, Eguzkiaren grabitate-indarra gainditzeko gauza den kanporako presioa sortzen da, eta etenik gabeko fluxua sortzen du. Eguzkiaren zikloak ere ezagunak dira, izarraren eremu magnetikoan gertatzen diren aldaketa-garaiak. Gutxi gorabehera ziklo bakoitzak 22 urteko iraupena izaten du.

Ikusten denez, Eguzkia jarduera ugariren topalekua da. Baina nolakoa da gure izar erraldoia? Egiturari dagokionez, adituek barne- eta kanpo-egitura bereizten dituzte. Nukleoak, erradiazio eremuak, eta konbekzio-eremuek barne-egitura osatzen dute. Nukleoa Eguzkiaren erdi-erditik 200.000 kilometrora hedatzen da. Gehienbat helioz, hidrogenoz eta aske dauden elektroiz osatuta dago. Fusio nuklearrak han gertatzen dira. Nukleoaren gainean erradiazio eremua dago, nukleoa bukatzen den tokitik 500.000 kilometro ingururaino. Geruza horrek nukleoa sortzen den energia hedatzen du. Horren gainean, berriz, konbekzio-eremua dago, 500.000 kilometrotik 700.000 kilometroraino. Eremu honetan ere energia hedatzen da, Eguzkiaren azaleraino iristen diren konbekzio-zelulen bidez. Pikorrak eta superpikorrak dira horren adierazgarri, sarri eta maiz Eguzkiaren gainazalean agertzen diren eremu oso argitsuak.

Beraz, Eguzkiaren pikorrez eta superpikorrez hitz egiten hasi aurretik, Eguzkiaren kanpo-egituraz hitz egin beharko litzateke, fotosferak, kromosferak eta koroak osatzen duten egituraz, alegia. Fotosferak 350 kilometro inguruko lodiera du, eta Lurrean jasotzen den argia handik iristen da. Izan ere, fotosferara iristean, fotoiak ihes egin eta Lurreraino iristeko gai izaten dira. Aurrez ezin izaten dute ihesik egin, materiaren dentsitate handiak ez dielako uzten. Adituek diotenez, fotoiek 10 milioi urte behar dituzte nukleotik fotosferaraino iristeko. Eguzkiko orbanak, fakulak, lumak, pikorrak eta abar ere fotosferako parte dira. Fotosfera bukatzen den tokian kromosfera agertzen da, 10.000 kilometro lodierako geruza. Espikulak, protuberantziak eta filamentoak, besteak beste, kromosferako parte dira. Eta azkenik, koroa. Pasa den abuztuaren 11n eklipsea oso-osoa izan zen tokietan aparteko tresnak erabili gabe ikusi ahal izan zen. Eguzkiko atmosferako kanpoaldeko geruza izan arren, tresna bereziekin ez bada -edo eklipseetan- ezin izaten da behar bezala ikusi. Hortik kanpo, heliosfera ere bereizi izan da, eguzki-haizea eta berekin daraman eremu magnetikoa iristen diren espazioko gunea.

Irakurritakoaren arabera, argi dago Eguzkia ez dela Lurretik begiratuta dirudien izar lasaia, sekulakoak gertatzen baitira han. Adituen arabera, Eguzkia gaur egun ziklo lasaian dago. Beraiek diotenez, dagoeneko 4.500 milioi urte inguru daramatza ziklo lasai honetan, eta baliteke beste 5.000 milioi edo igarotzea lasaitasun-zikloa amaitu baino lehen. Hortik aurrera, eboluzioan aurrera egiten duen heinean, Eguzkian gertatzen diren fenomenoak eraldatu egingo dira, konplexuagoak eta erraldoiagoak izango omen dira, gainezka egin arte. Lasaitasuna itzuliko omen da gero, baina beste era batekoa…

Badaezpada ere, adituek ikerketa-lanean jarraitzen dute, Eguzkia behatzetik etor daitezkeen emaitzek zer irakasten duten. Horregatik, gaur egun, Eguzkia ikertzeko programak badira. SOHO (Solar Heliosphere Observatory) sateliteak zeregin hori du, Eguzkia behatzea eta ahalik eta informazio gehien pilatzea. 1995. urtean espazioratu zuen Europako Espazio Agentziak NASAren laguntzarekin. Zeregin bera zuen Ulysses zundak ere. Jupiterretik itzulia egin ondoren, 1994. urtean Eguzkiko Hego Poloaren gainetik pasa zen, eta 1995. urtean Ipar Poloaren gainetik.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia