}

Denborarik galdu gabe egin lo

2001/08/19 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Lo egitea ez da deskantsatzearen sinonimo, eta are gutxiago denbora galtzea. Loaren zergatiak oraindik definitu ez badira ere, guztiok dakigu gau txar baten ondorengo eguna zein luzea egiten den. Loa beharrezkoa da eta.

Lo egitea ez da argia itzaltzeko etengailuari ematea bezala. Lotan gaudenean, buruko jarduera ez da gelditzen eta, kasu batzuetan, ametsetan ari garenean esaterako, energia asko kontsumitzen da. Ikerlariek loari ematen dioten definizioa hauxe da: "Kontzientzia eta borondatezko mugimendu muskularraren falta erlatiboa dagoeneko egoera fisiologikoa".Definizioa ez da oso zehatza, baina argi dagoena hau da, lo egitea ez dela deskantsatzea. Loa egoera aktiboa da eta prozesu fisiologiko konplexuak gertatzen dira. Burmuineko hainbat parte inplikatzen ditu eta ordulari biologikoaren menpe dago neurri handi batean (beste neurri batean, goizero lanera joateko ordua dela esaten digun ordulariaren menpe).

Ana Bes Bartzelonako Dexeux Unibertsitate Institutuko adituaren arabera, lo egitea da bizitzan gehien egiten dugun jarduera eta garrantzitsua da arlo horretan ikerketa berriak aurrera eramatea. Izan ere, lo gaizki egiteak bi mailatako ondorioak uzten ditu: pertsonalak eta sozioekonomikoak. Gutxi edo gaizki lo egiteagatik izaten den ondoezak eta arreta galtzeko joerak galera ekonomikoak uzten ditu. Urtean, estatu espainiarrean, 400.000 milioi pezetako zuzeneko diru-galera eta 6 bilioi pezetako zeharkako kostua, hain zuzen ere.

Zergatik egiten dugu lo?

Zergatik egiten dugun lo jakin nahian, teoria bat baino gehiago plazaratu izan dira. Denborarekin, batzuk baztertu eta besteak oraindik ere frogatu gabe egon arren, bide zuzenekoak direla dirudi.

Teoria zahar batek, nahiko sinple bera, gauez zereginik ez dagoelako lo egiten dela zioen. Gazte batek baino gehiagok hori gezurra dela esango du (eta arrazoiarekin), baina gizakiaren lo kontuetara mugatu gabe, ikuspegi zabalagoa batetik ikusita, izan zezakeen zentzua. Hala ere, denborarekin, hori ez dela horrela ikusi da.

Beste teoria batek, lotan isilik eta ia mugitu gabe egoten garenez, loa defentsarako mekanismo bat zela zioen. Hori erabat da okerra, lotan harrapariaren arriskuaz ez baikara jabetzen.

Lana tajuz egiteko, ondo lo egitea premiazkoa da.

Teoria zentzuzkoenen arabera, egunean zehar metatutako (edo gastatutako) substantziaren bat kontsumitzen (edo sortzen) dugu lo egitean. Oraindik ez da horrelakorik frogatu, baina argudio hori ez da baztertzen. Beste teoria batzuen arabera, berriz, loak oroimenarekin eta ikastearekin lotura zuzena du, eta horregatik egiten omen dute lo gehiago haur eta gazteek. Gainera, egia da iluntzean ikastea ona dela, loaren REM faseak ikasten laguntzen baitu. Hala ere, teoria hori ere oraindik frogatzeke dago.

Adinarekin eta ohituren arabera aldatzen da

Lo pasatzen diren orduak eta loa bera ere adinarekin aldatu egiten dira. Jaioberri batek, adibidez, 18 ordu pasatzen ditu lotan eta, gainera, lo/esna ziklo txiki asko izaten ditu. Denborarekin zikloak gutxitu egiten dira, baita lotan ematen diren orduak ere. Nerabeek 9 bat ordu lo egiten dute eta helduek 7,5. Urteak aurrera egin ahala, zahartzaroan loak eraginkortasuna galtzen du, eta nahikoa izaten da 6,5 ordu lo egitea. Gainera, lo- ohiturak ere aldatu egiten dira, eta zahartzean nahiago izaten da goizago oheratzea.

Hala ere, ez da pentsatu behar nahi eta nahi ez egunero 8 ordu lo egin behar denik. Hori ohikoena izaten da, baina batzuek nahikoa dute 6 ordu lo egitearekin eta beste batzuek, berriz, 9 ordutik gora behar izaten dute. Azken finean, nahikoa lo egin den ala ez hurrengo egunak erakusten du hobekien.

Gaur egun, pertsona baten loa egokia den ala ez jakiteko punta-puntako materialez baliatzen dira. Hala ere, lehenik eta behin, beharrezkoa da pertsona horren ohiturak ezagutzea; historia klinikoa, loarekin zerikusia duten ohiturak (zenbat ordu lo egiten duen, noiz oheratzen den, erritmo aldaketarik dagoen...), botikarik hartzen duen, alergiarik edo arnas erritmoa aldarazten dion beste faktorerik ote dagoen, infekziorik edo minik duen...

Behin hori jakinda ikerketa sakona egiteko elektrodoak erabiltzen dira. Begien mugimendua, garun eta muskulu jarduera, eta bihotz erritmoa neurtzen dira.


Loaren faseak

Umetan loaldiak luzeak izaten dira. Gero, adinarekin, lo beharrak aldatu, egiten dira.

Loa bost fasetan banatzen da. Lehen fasea, loak hartu baino lehen gorputzak egokitzeko behar duen denbora da. Normalean, fase hori 10 bat minutukoa izaten da, hau da, loak irauten duen denboraren % 5 baino ez. Fase horretan, gorputza lasaitu egiten da, arnasa uniforme bihurtzen da eta garun-jarduera gutxitu egiten da.

Bigarren fasea, trantsizio fasea izaten da. Fase horrek denbora asko hartzen du, loaren % 50 gutxi gorabehera. 3-4 faseak antzekoak dira eta iraupena 60-70 minutukoa izaten da. Fase horietan ukimen-estimulu edo estimulu akustiko indartsuak behar dira esnatzeko.

Azken fasea, REM (Rapid Eye Movement) deritzona da. REM faseetan beti egiten da amets, baina REM fasean gaudenean esnatuz bakarrik gogoratzen dugu ametsetan ari ginela.

1, 2, 3-4 eta REM faseen jarraipenak zikloak dira eta 90-100 minutu irauten dute. Ziklo horiek, lotan ematen diren orduetan, 4-5 bider errepikatzen dira; 8 ordu jarraian lo egin dugun sentsazioa izan arren, beti esnatzen baikara 6-8 aldiz. Esnatze horiek oso laburrak izaten dira (30 segundo baino gutxiagokoak), eta gerta daiteke horretaz ez jabetzea. Dena dela, zikloak ez dira beti osorik gertatzen. Gauaren lehen erdian lo sakonagoa izaten dugu eta bigarren erdian, berriz, ohikoagoak dira REM eta 2. faseak.

Ardurak direla tarteko edo, lo-beharra handia denean ez da beti lo gutxiago edo gehiago egiten. Iraupena baino gehiago loaren faseak aldatzen dira. Parranda baten ostean, adibidez, ez da 1. faserik izaten.

Eskerrak loari buruzko teoria eta gora-beherak irakurtzean lokartu ez zaretenoi eta besteok, berriz, amets goxoak izan ditzazuela.

Ugaztunen eguneko lo-orduak

Jirafa2Elefantea3Balea5,5Gizakia7,5Katua12,5Arratoia13Lehoia13,5Saguzarra20

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia