}

Buber.net, Buberren orrialdea

2001/11/15 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

www.buber.net, horixe da Buberren orrialdera iristeko Interneten har daitekeen biderik laburrena. Hara sartuta, begien aurrean bi aukera: Buber´s Basque Page batetik, Blas´ Personal Page bestetik.

Sar gaitezen azken horretara. Hondo beltzaren gainean, Blas Uberuagaren bizitza pertsonalari buruzko xehetasunak ageri dira: berari eta bere familiari, jatorriari, jaioterriari, gaztaroko bere bizitokiari… buruzkoak orrialde honetan aurki daitezke. Adibidez, Blasek tronboia jotzen duela, garagardoa atsegin duela, edota beisbola ere gustuko duela ikus daiteke bere orrialdean. Ikasketei eta ikasketen ondorengo ikerketei ere toki dezente eskaini die Buberrek, eta bere orrialdearen bidez zehatzago ezagutu daitezke. Orrialdea osatzeko orduan lagunak ere kontuan hartu dituenez, Internet bidez haien web orrialdetara joateko aukera ematen du. Guztia ingelesez eta gaztelaniaz.

Dena dela, Buberri euskal internauten artean ospea eman diona ez da bere orrialde pertsonala izan, baizik eta Buber’s Basque Pagek, Blas Uberuagak Euskal Herriari eta euskal gaiei buruz, beste hainbat internauten laguntzarekin bete duen orrialdeak.

Zuria, berdea eta gorria nagusi dira Buber´s Basque Page-n; azalpenik behar ez duen sinbolismoa, beraz. Euskara, ingelesa, frantsesa eta gaztelania erabiltzen ditu, dokumentu batzuetan lau hizkuntzak, bi beste batzuetan, eta, jatorrizkoari kasu eginez, bakarra beste askotan.

Web-aren edukiak honako hauek dira:

  • Oharrak: Orrialdea egiten lagundu diotenei eskerrak emateko, jasotzen dituen kritikei erantzuteko, edo egiten dituen berrikuntzen berri emateko.
  • Sarrera: Euskal Herria zer den azaltzen duten hainbat orrialdetarako loturak.
  • Euskara: Euskararen historia, ikastolak, euskararen aldeko erakundeekiko loturak, ordenagailu bidezko euskara-ikastaroa, unibertsitateak, euskararen jaiak, hiztegiak…
  • Folklorea: Dantzak, Olentzero, lauburua, euskal izenak…guztiak loturekin.
  • Kirola: Pilota, herri-kirolak, hemengo futbol-taldeak…
  • Musika: Txalaparta, txistua, kantariak, musika entzuteko aukera, euskal kantak eskuratzeko modua…
  • Jan-edanak: Gastronomia orokorrean, jatetxeak, ardoak, errezetak, toki bakoitzeko janari tipikoak…
  • Tokiak: Euskal Herriko turismo-gida, argazkiak, ibilaldiak, landa-turismoa, herriak, hiriak…
  • Historia: Euskal Herriko historia, pertsonaiak, loturak…
  • Politika: Euskal Herriko erakundeak, alderdi politikoak…
  • Diaspora: Atzerrian bizi diren euskaldunekin harremanetan jartzeko hainbat bide, helbide…
  • Internet: Sarean aurki daitezkeen Euskal Herriaren inguruko web guneen zerrenda.
  • Albisteak: Euskal Herriko albisteak jasotzeko tokien berri, hemengo komunikabideak, satelite bidezko emisioak, beste toki batzuetako komunikabideak, berri-taldeak eta eztabaida-taldeak…


Blas Uberuaga: "Interneten euskaldunei buruzko ingelesezko informazioa falta zen"

Blas Uberuaga Interneteko Buber web gunearen sortzailea da. Internet sarean euskal gaiak dituzten orrialdeen artean, Buber ena bisitatuena da. Duela gutxi Euskal Herrian izan da, Munitibarren. Hemengo familiarekin egoteko aukera izan du, eta baita orain arte posta elektronikoz baino ezagutzen ez zituen hainbat internautarekin egotekoa ere. Tartetxoa egin zigun guri ere.

- Interneten web gune bat euskal gaiez bete zuen lehenetarikoa izan zinen. Nola bururatu zitzaizun?

Orrialdea 1994eko bukaera aldera hasi nuen. Doktoretza egiten ari nintzen Seattle-en, Washington-eko Unibertsitatean. Beka nuen horretarako, eta zortea izan nuen, klaserik eman beharrik ez nuelako. Hortaz, denbora libre apur bat banuen. Garai hartan Internet ezaguna egiten ari zenez, HTML ikasi eta mundu horretan murgiltzea erabaki nuen. Ikasteko modurik onena orrialde bat egiten hastea zela iruditu zitzaidan, baina ez nuen edozer gauza egin nahi, zerbait berria eta desberdina egin nahi nuen. Orduan Interneten ez zegoen euskaldunei buruzko orrialderik, eta ni urte batzuk lehenago Donostian euskara apur bat ikasten egona nintzenez, orduko apunteak ondo etorri zitzaizkidan orrialdea egiten hasteko. Egokia iruditu zitzaidan eta, beste barik, hasi egin nintzen.

- Bubernet duzun moduan edukita, ez al da lan handiegia pertsona bakarrarentzat?

Nondik begiratzen den. Orain ez dut ezer asko egiten; noizean behin lotura batzuk eta artikulu batzuk erantsi, besterik ez. Dena den, orrialdean agertzen den informazio gehiena ez da nik idatziz jarritakoa, jendeak bidalitakoa baizik. Munduan zehar, han eta hemen, bada hainbat euskaldun, eta horiek bizi diren eskualdeari buruzko informazio ugari bidaltzen didate. Esate baterako, orrialdean bada Argentina eta euskaldunen historiari buruzko artikulu-sorta bat, hango batzuek bidalia; era berean, Basque-L posta elektronikoko zerrendatik artikulu batzuk ere hartu ditut. Horrekin esan nahi dut lana ez dela dirudien bezain handia; nik ez dut gehiegi idazten, jendeak bidaltzen dizkidan gauzak jartzen ditut.
Lanik handiena Interneten aurki ez daitekeen euskaldunei buruzko informazioaz galdetzen dutenei erantzutea da.

- Zeintzuk izaten dituzu bisitari? Nongoak? Zein asmorekin?…

Egunean 800 bisitari inguru izaten ditut. Nongoak diren? Orain ez diot horri jaramon handirik egiten, baina lehen % 11 inguru Espainiakoak ziren, % 41 Estatu Batuetakoak, % 2 pasatxo Argentinakoak, ia % 2 Ingalaterrakoak, eta antzera Frantziakoak, Kanadakoak eta Mexikokoak ere; gainerakoa munduko hainbat herrialdetatik sartutakoek osatzen dute.

- Beraz, zurea orrialde arrakastatsua dela esan daiteke. Zergatik?

Uste dut arrazoiak bi izan daitezkeela. Nirea euskal kulturari buruzko lehen orrialdeetakoa izan zen; hortaz, urte asko dituenez, poliki-poliki edukiz bete ahal izan dudanez, gainerakoak baino informazio gehiago du. Bestetik, ingelesez idatzita dago. Internetera sartzen den jende gehiena —lehen behintzat— Estatu Batuetakoa da eta ingelesa baino ez du hitz egiten. Gainera, ingelesez oso gutxi idatzi da eta idazten da euskal kulturari buruz, uste dut arrakasta horregatik izaten ari dela.

- Zureak web erabat apolitikoa izan nahi ei du, posible al da hori?

Ez, ez dut uste erabat posible denik. Euskal Herriari buruz edozer gauza esanda ere, politikan sartzen zara. Adibidez, zazpi probintzia direla esanez gero, dagoeneko sartu zara; beste norbaitek hiru direla esango baitizu, Nafarroa ez dela Euskal Herria eta abar. Horrelakoak ere jasotzen ditut, baina, oro har, jendeak esaten dit gai politikoak alde batera uzteko asmoa ondo samar bete dudala.

Blas Uberuaga: Interneten Euskal Herria ez da erraz aurkitzen, bilatu egin behar da.

- Internetek mundua bildu egin du ala desberdintasun gehiago eragin ditu?

Apur bat batu egin duela esango nuke. Beste herrialde baten egungo egoerari buruz lehen baino errazago jakin daiteke, herrialdeen kulturak ezagutu daitezke eta baita jendea ere. Bai, uste dut gehiago biltzen duela. Nik behintzat, Interneti esker lehen baino jende gehiago ezagutzen dut, eta beren herrialdeei buruz zerbait gehiago ikasi ahal izan dut.

- Euskal Herriaren zein irudi ematen da Interneten?

Ez dakit zer esan. Nik Euskal Herria ez dut turismoa egiteko informazioa bila ari denak bezala ikusten. Nire iritziz, Euskal Herria Interneten ez da asko ikusten. Interneten Euskal Herriari buruz zerbait aurkitu ahal izateko bilatu egin behar da. Adibidez, CNN-n edo MSN-n —Interneteko orrialde bisitatuenak—, ez da Euskal Herriari buruzko publizitaterik agertzen.

Eusko Jaurlaritzaren orrialdeak, berriz, Euskal Herriko biztanleentzat zein kanpokoentzat eginda daude. Hortaz, kanpoko batek historiari, turismoari edo paisajeari buruzko informazioa nahi badu, ez zait iruditzen hor aurki dezakeenik.

- Euskal Herriak sarean dituen edukiak kontuan hartuta, zein maila dago hemen?

Oraindik ez dago oso maila altuan. Adibidez, ez dut ikusten unibertsitatean dauden ikasle asko orrialdeak egiten ari denik, eta harrigarria da. Izan ere, beraiek euskal gaien inguruko nik baino informazio gehiago dute eta, teorian, nik baino gauza gehiago egin ditzakete. Baina, badirudi ez dutela sarerako sarbiderik, ez dutela ordenagailurik… Dena den, ezagutzen dut helburu handiko orrialdeak prestatzen ari den jendea eta horiek ateratzen direnean egoera hobetu egingo da; aldi berean, uste dut orain egiten dena baino askoz ere gehiago egin daitekeela.

- Galdera pertsonalagoetara etorrita, Euskal Herrian egon berri zara. Zer nolako giroa aurkitu duzu? Asko aldatu da zure aurreko bisitetatik?

Euskal Herri osoa obretan dagoela ohartu naiz. Herri guztietan zerbait egiten ari dira, hori izan da niretzat deigarriena. Denbora asko pasa dut Munitibarren eta, herri hori behintzat, duela bost urte bezala dago. Jendea ere antzera; ondo ibili nintzen. Familia eta lagunekin egoteko aukera izan nuen eta guztiekin ondo.

- Hemengo internautekin egoteko aukera ere izan ei duzu.

Lehendik posta elektroniko bidez baino ezagutzen ez nituen batzuk aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut. Une honetan eskuartean ez dut beraiekin batera egiteko proiekturik, baina ideiak trukatu ditugu gutxienez, eta baliteke ingelesez normalean aurkitzen ez diren gaien inguruko zerbait egin ahal izatea.

- Aizu, eta euskara noizko?

Ez dakit, baina emaztegaia eta biok Euskal Herrian pare bat urtez lan egin ahal izateko bekaren bat lortzen saiatzea pentsatzen ari gara. Lortzen badugu, euskaltegi batera joango naiz euskara gehiago ikasteko, baina oraindik ez dakit egiteko aukerarik izango dugun.

- Nola promozionatuko zenuke Euskal Herria esaldi bakar batean?

Niretzat Euskal Herria nire etxea bezala da. Hau da, horko jende guztiak familia balitz moduan tratatu nau. Esan nahi dut Euskal Herrian benetan etxean nagoela sentitzen dudala. Nahiz eta herrialde aurreratua eta modernoa izan, berrikuntzek bizitza konplikatu ez duten tokia da.


Blas Uberuaga datuetan.

  • 1971ko urtarrilaren 21ean jaio zen, Caldwell-en (Idaho).
  • Denbora gutxira Homedale-ra (Idaho) bizitzera joan zen gurasoekin.
  • Blas-en aita, Pedro, Munitibarren jaio zen. 18 urte zituela iritsi zen Estatu Batuetara, artzain-lanera. Hiru urte artzain egin eta gero, Euskal Herrira itzuli zen. Baina Estatu Batuetara joan zen bigarrengoz, bidaian, eta han ezagutu zuen bere emaztea izango zena.
  • Monika Ines Telleria —Blas-en ama— Oregon-en jaiotakoa da. Bere aitona izan zen Euskal Herritik hara joan zena. Gaur egun senar-emazteek garraio-enpresa bat dute.
  • Idahoko unibertsitatean fisika-ikasketak egin zituen.
  • Ikasketen lehen urteak bukatu eta gero, Euskal Herrira etorri eta hemen urtebete egin zuen. Berak aitortzen duenez, hura "leherketa bat bezalakoa izan zen". Geroztik, bidaiatzeko asmoz dagoen edonori gomendatzen dio Euskal Herrira etortzea.
  • Estatu Batuetara itzulita fisika-ikasketekin jarraitu zuen, 1994. urtean Idahoko Unibertsitatean bukatu zituen arte.
  • Urte berean Seattle-era joan zen, Washington-a, doktoretza egiteko.
  • Orain Los Alamos National Laboratory-n ari da lanean, Santa Fen. Erdieroaleen ezaugarriak hobetzeko ikerketak egiten ari da.

Diaspora

Munduan zehar dauden euskaldunak zertan ari diren jakin nahi duzula? Honako helbide hauek ezinbestekoak izango zaizkizu:

www.naboinc.com, North American Basque Organizations, Estatu Batuetako euskal etxeen orrialdea. Loturak ditu haietako bakoitzarekin.
http://euskalherria.cjb.net , euskal-diasporaren eztabaida-foroa.
www1.euskadi.net/e_etxeak/indice_c.asp, Eusko Jaurlaritzako web gunea, munduan zehar barreiatuta dauden euskal etxeei buruzko informazioa.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia