}

Basque Research-ek ikertzaile berriak sarituko ditu

2003/06/11 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Elhuyar Fundazioaren Basque Research atariak ekainean egin du urtebete. Urteurrena ospatzeko eta gure ikertzaile berriak zertan ari diren plazaratzeko, tesi-lehiaketa bat antolatu dugu. Tesi-lehiaketan 2001-2004 urteen artean aurkeztutako doktoretza-tesiak onartuko dira, betiere, zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten ikasketen ingurukoak.

Tesi-lehiaketan ikertzaile bakoitzak bere tesiaren laburpen bat bidali beharko du web gunera, gehienez 3.000 karaktere izango dituen laburpena, eta irudi bat atxikitzeko aukera izango du. Laburpen horiek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez bidal daitezke.

Tesien laburpenak irailaren 15 arte jasoko dira eta, ondoren, irailaren 17an, guztiak bistaratuko ditugu Basque Research atarian. Une horretatik aurrera eta urriaren 19 arte, bisitarien botoak jasoko dira eta boto gehien jasotzen duen tesiak irabaziko du lehiaketa.
Urriaren 21ean irabazlearen izena jakinaraziko da eta hark Tenerifen sei eguneko egonaldia irabaziko du bi lagunentzat.

Oinarriak eta informazio gehiago ikusteko egin klik hemen.

Basque Research-i buruz: 2002. urtean jaio zen www.basqueresearch.com atariak dagoeneko batez beste 2.300 bisitari ditu hilero, eta 78 berri-emaile, 64 kazetari eta 198 pertsona daude alertetan izen emanda. Basque Research atariaren datu-baseak 280 berri, 232 ekitaldi eta 152 fitxa ditu euskal ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren direktorioan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia