BSE ez zaie ardiei kutsatzen
2000/08/10 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa
‘Scrapie’ eta behi eroen gaitzaren harremanaz ikerketa plazaratuko du ‘Nature’-k
Behien entzefalopatia espongiformea (BSE) —edo behi eroen gaitza— hizpide izan dugu 1990ko hamarkadaren erdialdean gaitz hori duten abelgorriak jateak Creutzfelt-Jakob-en eritasun hiltzailea (vCJD) sortzen zuela aurkitu zenean. Milaka abelburu hil behar izateaz landa, Europako Batasunak Britainia Handiko abelgorri-okelaren esportazioak debekatu zituen gaitza Europa kontinentalera zabal ez zedin.
Ika-mika politiko, ekonomiko eta zientifikoak ez dira falta izan sendabiderik ez duen gaitz honen kontrako neurriak hartzeko unean.
Bestetik, ardien entzefalopatia espongiformea edo scrapie izeneko ardien gaitza oso hedatuta dago Europako ardi-azienden artean; Britainia Handian endemikoa da atzen 200 urteotan, esaterako. Euskal Herriko artaldeetan ere gaitza zabaltzen ari da. Aski usua da Ipar Euskal Herriko ardien artean eta eztabaidagai dira oraindik orain Naparin eta Tafallan detektatutako kasuak.
Antzeko sintomak
BSE eta scrapie-ak, halaber, oso antzeko sintomak dituzte. Beraz, kezka handia dago osasun-arduradunen artean ea abelgorriek ardiei gaitz hori kutsa diezaioketen elkarrekin larratzen direnean bereziki. Horrela gertatuko balitz, gizakion artean vCJD epidemia gerta liteke. Osasun-arduradunek badute kezkatzeko arrazoia. Izan ere, 1993an eginiko ikerketa esperimental batzuetan BSE ardiei kutsa dakiekeela ikusi zen. Alta bada, larretan hazitako ardiengan ez da, oraindik, BSE kasurik detektatu. Alabaina, ez du horrek zuzen-zuzean esan nahi horrelakorik gertatu ez denik, bi gaitzen sintomatologia antzekoa izanik scrapie moduan gaizki diagnostikatuak izan baitaitezke.
Mike B. Gravenor-ek zuzendutako taldeak Nature aldizkarian bihar kaleratuko den zenbakian argitaratuko duenez, ez dirudi BSE epidemiarik gertatu denik Britainia Handiko ardien artean. Azterketa estatistiko bat erabili dute ondorio horretara iristeko. 7.000 ardi-haztegi baino gehiagotan 1962 eta 1998 artean gertatutako scrapie kasuen kopurua aztertu dute.
Ikusi dutenez, scrapie-ren intzidentzia atzen hogeita hamar urteotan zertxobait handitu bada ere, hazkundea konstantea izan da. Horrela, grafiko batean urtez urteko scrapie-ren intzidentzia eta BSEren intzidentzia jartzen badira, ez da tontorrik ikusten scrapie-ren intzidentzian BSE epidemia gertatu denean, ez lehenago ezta gero ere.
Baiespen biribilik ez
BSEren epidemia puri-purian zegoen garaian scrapie kasuen kopurua asko handitu izan balitz (hori tontor moduan ikusiko litzateke grafikoan), BSEren eta scrapiea-ren artean lotura legokeela esan nahiko luke, horrek izan litzakeen arrisku guztiekin.
Azterketaren emaitzak ez dira erabatekoak eta ikerlariek beraiek ez dute baiespen biribilik egin: «BSEren epidemia adierazgarria ardi-populazioan nekez gertatu izan da», diote hitzez hitz Nature-ko artikuluan.