Braillezko idazkera matematikoa
1994/10/01 Angulo, Patxi Iturria: Elhuyar aldizkaria
"Hamar zifrak”* izeneko artikuluak, itsuen alfabetoa, Braille, eta gormutuen alfabetoa ezagutzeko parada eskaini zidan. Alfabeto bi horiek ez dira letrak eta zifrak beste era batean adieraztera mugatzen; baizik eta bi lagunen arteko komunikazio-esparru osoa betetzen dute, hau da, pertsona arruntek ahoz eta idazkien bidez azaltzen dutena, itsuek eta gormutuek braille- edo keinu-sistemetan azaltzerik badute. Ideia honek matematikan erabiltzen dituzten ikur eta keinu bereziak bilatzera eraman ninduen, eta orain landutako material osoaren lagin txikia aurkeztu nahi dizugu. Braille sistemarekin hasiko gara, geroago gormutuen sistema azalduko dugularik.
Braille alfabetoaren historia laburbilduko dizugu. Braille alfabetoa Louis Braille-k (1809 1852) 1829. urtean plazaratu zuen lehenengo aldiz. Braille-ren alfabetoa Carlos Barbier-ek asmatutako beste batean oinarritzen da. Barbierren sisteman frantsesezko soinu eta letra guztiak 6x6 eta 5x5-eko bi tauletan sartzen ziren. Gero letrak eta soinuak adierazteko bi zifra erabiltzen zituen, lehenengoak soinua edo letraren errenkada eta bigarrenak zutabea adierazten zuten.
Hasieran idazki sekretuak egiteko pentsatua bazen ere (ilunpean idaztea komenigarria zela pentsatuz) zenbakien ordez bi zutabetan soinu edo letraren errenkadek eta zutabeek adierazten zuten adina puntu grabatzea otu zitzaion. Geroago sistema hura itsuentzat onuragarria izango zela pentsatu zuen. Sistema hura 1819an aurkeztu zuen Barbierrek Pariseko Gazte Itsuen Erakundean. Urte hartan, hain zuzen ere, sartu zen Louis Braille Erakundera. Aipatu beharra dago lehenago itsuek guk erabiltzen ditugun letra berberak, baina erliebean, irakurtzen zituztela.
Barbierren sisteman oinarrituz beste batzuk asmatu ziren, baina Louis Braillerena izan zen aurrera egin zuen bakarra. 1825. urtean sistemaren oinarria egina zegoen, baina probatu egin behar zen. 1827an “La Grammaire des Grammaires” lanaren zati batzuk idatzi ziren braillez. 1829an Noël eta Chapsal-en “La Grammaire” idatzi zen. Urte berean Brailleren idazkera-metodoaren lehenengo azalpena agertu zen, aurreko sisteman idatzia, hots, gure letren erliebean: “Procédé pour écrire les paroles, la musique et la plain-chant au moyen de points, à l´usage des aveugles et disposés pour eux”. Bertan letrekin batera zifrak eta ikur matematikoak eman zituen. Hurrengo zortzi urteetan Erakundeko ikasleekin saiakuntza ugari egin zen eta haien ondorioak 1937. urteko bere “Prozedura”ren bigarren argitalpenean agertu ziren, non alfabetoa, zifrak eta ortografi ikurrak finkatzen baitziren.
Bestetik, Braillek bere sisteman idazteko erregeleta bat eman zuen; bere idazkera bezala, Barbierren erregeletan oinarritzen zena.
Idazkeraren zabalpenari dagokionez, Frantzian 1854. urtean onartu zen ofizialki. Braillez idatzitako lehenengo liburua, “Précis sur l´histoire de France divisée par siècle, acompagné de synchronismes relatifs à l´histoire générale placés à la fin de chaque règne”, 1837. urtean egin zen. 1937ko “Prozedura”ren argitalpenean Aita Gurea sei hizkuntzatan idatzi zuen braille sistemaren bidez: latin, frantses, italiera, gaztelania, alemaniera eta ingelesez.
Herri desberdinetan braille sistemaren aldaketak egin ziren, bertako hizkuntzara egokitzearren. Suitza frankofonoan 1858an onartu zen. 1873. urtean Leipzig-en “Itsuen Irakasleen I. Kongresua” ospatu zen, nahasketa handia izan zelarik. Austrian 1867an sartu zen Elkartean. II. Kongresua 1876an izan zen Dresden. Bertan 14 eskola alemanierara egokitutako braillearen alde azaldu ziren. Beste 11 eskola, aldiz, jatorrizko braillearen alde. 1878an Parisen egin zen Kongresu Unibertsalaren ondorioetan jatorrizko braille sistemaren orokorpenaren alde azaldu ziren. Berlinen, 1879. urteko Itsuen Irakasleen III. Kongresuan, Alemaniak braille sistema osorik onartu zuen. Estatu Batuetan egoera nahasiagoa zen, eta 1917. urtera arte ez zen adostasunik izan. 1929an adituen batzorde bat bildu zen Parisen eta braillezko musika idazkera onartu zuen.
Bestalde, gure grafia erabiltzen ez deneko herrietan braille alfabetoa bertako alfabetoetara egokitu ohi zaie. 1949. urtean UNESCOk braille alfabetoaren uniformizaziorako printzipioak ezarri zituen. 1950. urtean Indiako hizkuntzetarako eta 1951. urtean (Beiruten) hizkuntza arabiarretarako ere onartu ziren. Japoniera, txinera eta Afrikako hizkuntzetara oraindik egokitu gabe dago.
Azkenik, idazkera matematiko eta zientifikoaren batasuna 1929ko Vienako Kongresuan hasi zen. 1987. urtean, Montevideon, espainierazko braille inprenten bilkuran kode matematiko bateratua onartu zen.
Hori da, hain zuzen, hona ekarri dugun kodea. Jakina, hamaika ikur matematiko dago eta guztiak ez lirateke hemen sartuko. Hori dela eta, kodearen laburpena argitaratu dugu, zazpi ataletan sailkaturik, braille idazkera matematikoaren adibide gisa. Bestalde, braille sistema osoa aztertu nahi duenak ONCE erakundera jo dezake; han informazio osoa eskura bailezake.
Agerian geratu denez, itsutasuna ez da oztopo gaindiezina matematika, eta oro har edozein gai, ikasteko. Oztopo handiena ekonomikoa da. Izan ere, braillezko liburuek handiagoak izan behar dute eta idazkerak material berezia behar du. Mila esker ONCE erakundeari.
OHARRA: Braille alfabetoan eragiketa matematikoak nola adierazten diren azaltzen dituzten taulak artikuluaren PDF formatuan soilik daude ikusgai.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia