}

Bizirik dagoen zuhaitzik zaharrena

2008/04/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Irudian ikusten den zuhaitz eskas hori bizirik aurkitutako munduko zuhaitzik zaharrena da, 9.550 urteko izei baten ondorengoa baita. Hainbat adinetako zuhaitz-hondarrak ditu azpian bizirik dagoen oinak; 375, 5.660, 9.000 eta 9.550 urtekoak, hain zuzen. Denek material genetiko bera dutenez, esan daiteke denak zuhaitz bakarra direla. Suediako Fulu mendian aurkitu dute.

Izeiek begetatiboki (asexualki) ugaltzeko duten gaitasunak egin du posible irudian ikusten dena munduko zuhaitzik zaharrena izatea. Ugalketa begetatiboan, bizidun batek gorputz-zati bat galtzen badu, zati horretatik jatorrizkoaren berdin-berdina den beste bizidun bat sortzen da. Zuhaitz horren kasuan, zuhaitz zaharrena hil arren, garai batean galdu zuen puska batetik sortu zen zuhaitzak bizirik iraun zuen, eta, hori behin eta berriz errepikatuta, ia hamar mila urte eman ditu bizirik.

Argazkia: L. Kullman

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia