}

Barne-odoljarioak geldiarazteko, ultrasoinuak

2001/11/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Istripuetan heriotzaren eragile nagusia izaten da barne-hemorragia. Orain arte kirurgiaz ixten zen zauria; orain, ordea, ultrasoinuez ixteko aukera lantzen ari dira.

Istripuetan kolpearen ondorioz odol-hodiren edo organoren bat zauritzean, odol-jarioa gerta daiteke, eta bitarte horretan medikuen laguntza jasotzeak berebiziko garrantzia izaten du. Odol-jarioa geldiarazteak, ordea, kirurgia eskatzen du, eta horretarako denbora larregi behar izaten da. Izan ere, hemorragia arterial batean odolaren abiadura oso handia izaten da; milimetro bateko hausturak 45 minututan odol-kantitate osoa irtetea eragin dezake.

Odol-jarioak geldiarazteko beroa erabili izan da aspalditik. Gaur egungo ebakuntzetan ere intentsitate handiko korronte elektrikoa aplikatzen da beroa sorrarazteko. Beroaz odol-hodien eta inguruko ehunen egituran aldaketak gertatzen dira: odol-hodiak txikitu, odola koagulatu, eta zainak itxi egiten dira. Baina kirurgia saihestezina da, zauritutako ehunarekin kontaktu zuzena eduki behar baita.

Orain, ordea, ultrasoinuez diagnostikatzeko eta tratatzeko modua garatzen ari dira Washingtongo Unibertsitateko fisikariak. Intentsitate handiko ultrasoinuak zauritutako odol-hodira edo organora bideratuz, segundo batean 70 ºC inguruko tenperatura lor daiteke. Horrek proteinen desnaturalizazioa eta odolaren koagulazioa eragingo du, eta organoak odola galtzeari utziko dio. Metodo horrek ez du kirurgiarik behar, eta denbora asko aurrez daiteke. Hain zuzen ere, istripu-tokira eraman daitekeen aparatua garatzen ari dira.

Bestalde, zauria ixteaz gain, barne-hemorragia detektatzeko ere balioko du. Gaur egun zaila izaten da, barne-hemorragiak ez baitu identifikatzeko erraza den sintomarik. Beraz, ultrasoinuek askoz ere detekzio eta tratamendu azkarragoa ahalbidetuko dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia