}

Aurrez aurre azalduta, hobeto

2008/08/04 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ez da soldata. Ez da lan-karga.Ez da ordutegia. Lankideen arteko harremana da langileak kezkatzen dituena. Hori dio, behintzat, Alcala de Henares-ko Unibertsitateko ikerketa batek. Ikerketa egiteko erabili duten inkestari erantzun diotenen % 55,5entzat, lankideen arteko giro txarra da laneko tentsio eta kezken erruduna. Komunikazio falta % 51,5entzat da arazo. Datuei erreparatuta, badirudi ez gaudela, ez, elkar ulertzeko eginak; ez behintzat lanean.
Askorentzat lankideen arteko giro txarra da laneko tentsio eta kezken erruduna.
Artxibokoa

Eta azken urteetako joerak hori erakusten du. Norbera bere ordenagailuaren aurrean esertzen dela, eta beharrezkoa duen informazio-trukea, gero eta gehiago, posta elektronikoz egiten duela, edo, asko jota, telefonoz. Dinamika hori ez da langileen kontua bakarrik. Enpresa-zuzendariek ere gero eta garrantzi gutxiago ematen diote pertsonen kokapenari. Langile bat egon liteke Bilbon, beste bat Lisboan eta beste bat bere etxean. Eztabaidak saihesteko ez dirudi ideia txarra denik, baina lanaren emaitzan eragiten duela ondorioztatu du Cambridgeko MIT Media Lab-ek egindako ikerketa batek.

Egin kontu: informazioa oinarri duten lan-mota gehiago daude orain, eta, zenbait lanetan, esku artean darabilgun informazio-kopuruak ere gora egin du. Hortaz, informazioaren erabilera eta banaketa oinarrizko bilakatu dira langileen eta enpresen funtzionamendurako. Horren garrantziaz konturatuta, informazioaren transmisioa modu batean edo bestean egiteak lanaren emaitzan zer eragin duen aztertu dute.


Ikerketa 37 langile dituen enpresa batean egin dute, 25 lanegunez. Ikerketa egiteko, zailena aurrez aurreko komunikazioa neurtzea zen. Nola neurtu erregistratuta geratzen ez diren kontaktu horiek? Inkesta bidez egin zezaketen, baina ez. Gailu soziometriko bat erabili dute, txapa moduko bat, langileek soinean eraman dutena. Gailu horrek langile bakoitzaren portaerak neurtu ditu: eserita edo tente zegoen, hizketan ari zela pozik, aspertuta... zegoen, norekin elkartzen zen... Hori bai, intimitatea ez urratzeko, ez dute elkarrizketen edukia grabatu. Zer lan egiten ziharduten ere kontuan izan dute. Lanaren konplexutasuna eta emaitza.

Kezkak aurrez aurre konpontzen dituzten langileen produktibitatea handiagoa da. (Maier Tapia)

Etekina, kostua baino handiagoa

Datuak aztertu ostean, lanean sortzen diren aurrez aurreko harremanak elektronikoak baino eraginkorragoak direla esan dute ikertzaileek; eta kezkak aurrez aurre konpontzen dituzten langileen produktibitatea handiagoa dela. Batez ere, egiteko konplexuetan.

Zergatik egiteko konplexuetan? Lekutik jaiki, norbaitengana joan eta hari traba egiteak baduelako kostu bat, denbora aldetik batez ere. Kontu txikietan kostua errentagarritasuna baino handiagoa izan liteke. Ez, ordea, lan zailetan. Kostuak kostu, errentagarriagoa da lankideekin gauzak komentatzea guztia mezu bidez azaltzea baino. Azaldu dutenez, pertsonen arteko aurrez aurreko interakzioa beharrezkoa da ezagutza osoa transmititzeko. Beraz, lanorduetan hitz egitea ez da kaltegarria lanarentzat, baldin eta, noski, egitekoarekin lotura badu eta egiteko baten eta bestearen artean egiten bada, eta ez tartean. Ikerketaren arabera, bere lekuan eta isil-isilik zeuden langileen produktibitatea txikiagoa zen harremanak zituztenena baino.

Ikerketaren arabera, bere lekuan eta isil-isilik zeuden langileen produktibitatea txikiagoa zen.
Lorea Arakistain

Ados, beraz, egiteko zailetan lankideekin hitz egitea ona dela; baina, horretarako, beharrezkoa da lankideen artean harreman ona izatea. Eta, ikusi dugunez, asko dira lankideekin gustura ez daudenak. Euren arazoen errudun lankideak direla esan duten horiek guztiek ez dute oso gustuko izango ondorio hau, eta, ikerketa honen aurrean, nahiago izango dute burua jaitsi eta pantailari begira jarraitu aldamenekoari lagundu baino. Korridoreren batean harrapatuko ditugu ikerketa zentzugabea dela esaten.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia