}

Atomo artifiziala

1996/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nukleorik gabekoa eta erabat laua den “atomo artifiziala” sortu berria dute MIT (Massachusetts Institute of Technology) erakundeko fisikariek. Atomo normaletan negatiboki kargatutako elektroiak erdiko nukleo positiboak erakartzen ditu, baina “atomo artifizialak” elektroi-multzoa besterik ez dira. Erdieroale baten barnean sortutako potentzial-diferentziak sortzen duen eremu elektrikoak higiarazten ditu elektroiak.

Itxuraz elektroi-multzo txiki hauek ez dute egiazko atomoen antzik. Askoz ere zabalagoak dira (100 nanometro zabal dira, eta atomo naturalak 0,3 edo 0,4 nanometro besterik ez) eta benetako atomoen erdian daude (galio artseniurozko geruza baten tartean.

Atomo artifizialak bestetik, lauak dira eta elektroiak atomo-geruza baten barnean higitzera mugaturik daude. Hala ere, elektroi hauek jasaten dituzten indarrak egiazko atomoko elektroiek jasaten dituzten berdinak dira, hau da, erdiko potentzialak erakarri egiten ditu eta elektroiek elkar aldarazi egiten dute. Horregatik dira atomo artifizialak hain interesgarriak.

Egiazko atomoekin egin ezin diren saiakuntzak egiteko laborategi mikroskopikoak direla esan daiteke. Elektroi bat erantsi edo erauzteko behar den energia neurtu ahal izango da, edo mekanika kuantikoaren iragarpenak era kontrolatuan egiaztatu ahal izango dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia