Argazkietan galdutako dimentsioa
2008/07/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Holografia 1947an sortu zuen Dennis Gabor fisikari hungariarrak, eta, hain zuzen ere, horren harira jaso zuen Fisikako Nobel saria 1971n. Haren asmoa mikroskopio elektronikoa hobetzea zen, irudien erregistro fotografiko baten bidez. Ez zuen helburua lortu, baina irudiak lortzeko bide interesgarri bat asmatu zuen: holografia. Izena grekotik hartu zuen; izan ere, holos -ek 'osoa' esan nahi du, eta hologramek objektua oso-osorik erakusten dute, ez soilik perspektiba bat. Gerora, laserra erabilita, Emmet Leith-ek eta Juris Upatnieks-ek Estatu Batuetan, 1963an, eta Juri Denisiu-k Sobietar Batasunean, asko hobetu zuten sistema.
Errealitatea esku artera
Errealitatearen isla besterik ez bada ere, misterioa eta zientzialarien izerdia ere gordetzen ditu hologramak, errealitatea islatzen saiatzen baita.
Horretarako, argazkigintza tradizionalean bezala, lehenik eta behin argazkia atera behar da, eta ondoren errebelatu. Hologramen erregistroa ere bi pausotan oinarritzen da: lehendabizi, plaka fotografiko batean erregistroa egin behar da, eta, ondoren, hura 'errebelatu' ostean, argi-izpia pasarazten da objektuaren irudia osatzeko. Hologramen kasuan, argazkia argi-izpien arteko interferentziaren ondorioa da.
Hologrametan, interferentzia hori bi argi-izpiren arteko desfaseak eragiten du. Bi uhin fase berean doazenean, inolako desfaserik gabe, koherenteak direla esaten da. Hologramen azterketan ezinbestekoa da uhinen arteko fase-diferentzia hori ezagutzea. Zergatik da garrantzitsua uhin baten fasea ezagutzea? Fase berarekin eta ibilbide edo distantzia bera egiteko asmoarekin foku beretik abiatzen diren bi uhinek fase bera izango dute helmugan. Bi uhin horiek egiten duten ibilbidea ezberdina bada, ordea, bata bestearekiko atzeratuta daude, eta ez dira fasean egongo.
Laserra da argi-sorta benetan koherentea eskaintzen digun iturria. Hologrametan, laserraren argia bitan banatzen da: argi-sortaren zati bat objektua argiztatzeko erabiltzen da, eta besteak, berriz, erreferentzia-sorta deitutakoak, euskarriari, plaka fotografikoari edo emultsioari erasotzen dio. Bi izpi horiek fasean daude. Noiz arte? Objektuaren gainazalean erasotako argi-izpiak objektuaren kontra talka egin, eta, ondorioz, islatutako izpiak desfasaturik azaldu arte. Izan ere, objektuan jotzen duen argi-sorta objektuaren puntu guztietan islatzen da, eta, hortaz, islatutako izpi bakoitza desfasaturik azaltzen da.
Holograma behatzen dugunean, beraz, objektua irudi dimentsiotan ikus dezakegu, eta hologramari alde batetik bestera mugitzen ari garela erreparatuz gero, irudia aldatzen dela ikusiko dugu, eta irudiaren atalak behatu ahal izango ditugu, errealitatean ikusiko bagenitu bezala; alegia, mugimendu eta guzti. Dena den, hologramek ez dute nahitaez hiru dimentsioko irudi bat islatu behar. Gerta liteke bi irudi edo gehiago euskarri berean txertatu, eta angeluaren arabera bata zein bestea ikustea. Adibidez, gainean lupa bat duen liburu ireki baten holograma egingo bagenu, posizio bakoitzetik begiratuta testu-zati jakin bat irakurri ahalko genuke.
Holograma horiek behar bezala argiztatuz gero, beren mugetatik kanpo ateratzen dira, nolabait esateko. Gainera, behatzailearen posizioaren arabera, modu bateko edo besteko irudia behatzen da, eta, maiz, zaila izaten da haiek ukitzeko tentaldiari eustea.
Begi-bistako aplikazioak
Holografiaren aplikazio batzuk hain dira egunerokoak, ezen jende asko ez baita ohartu ere egiten. Baina esku artean duen billeteari erreparatuko balio, berehala ikusiko luke atzealdean eta eskuinean goitik behera dagoen zerrenda distiratsua. Holograma bat da; billetea mugituz gero, euroaren ikurra eta billetea zenbatekoa den azaltzen dira. Kreditu- eta telefono-txartelek ere, benetakoak direla egiaztatzeko, ageri-agerian dute holograma bat.
Agian, gehien ezagutzen den eta zabalduen dagoen aplikazioa segurtasun-sistemetakoa da: billeteetan, kreditu-txarteletan, identifikazio-txarteletan... ohikoak dira irudi berezi horiek. Distiratsuak eta deigarriak badira ere, ez dira apaingarri gisa erabiltzen, baizik eta faltsutzaileei lana zailtzeko.
Holografiaren aplikazioen artean interesgarrienetakoa informazioa metatzeko gaitasuna da. Memoria holografikoa hiru dimentsioko argazkiaren antzekoa da. Baina, argazki-pelikuletan ez bezala, memoria holografikoko materialean hainbat 'irudi' gordetzeko aukera dago, bata bestearen gainean.
Horretarako, angelu desberdinetatik igorritako erreferentzia-izpiak erabiltzen dira. Gero, 'irudiak' irakurtzeko, bi laser-izpi gurutzatu erabiltzen dira, idaztean erabilitako argi-eredua berreskuratzeko. Lortzen den informazioa, euskarriari zein angeluetatik begiratzen zaion, modu batekoa edo bestekoa da. Hartara, informazio asko gorde daiteke euskarri txiki batean, eta, horrekin, besteak beste, DVDen eta haren ondorengoen memoria ikaragarri handitzea espero dute.
Holografiak materiaren sekretuak argitzeko ere balio du; izan ere, molekulak hiru dimentsiotan ikus daitezke holografian oinarritutako teknikari esker. Teknika horrek ikaragarrizko bereizmena du; gutxi gorabehera atomo baten neurriaren ingurukoa. Beste aplikazioetan bezala, bi izpien arteko interferentzia erregistratzean datza. Erabiltzen diren izpiak, ordea, laserrarenak izan beharrean, X izpiak edo elektroiak izaten dira. Horien bidez, molekulen egitura zein den jakin daiteke.
Holografiak garapen izugarria izan du azken urteotan arlo askotan, hala nola ikerketan, medikuntzan, industrian nahiz artean. Erabilera asko ezagunak ditugu, eta eguneroko bizimoduan erabiltzen ditugu. Arteari dagokionez, berriz, ez dirudi eragina espero bezain handia izan denik. Salvador Dali margolaria izan zen hologramak erabiltzen lehenetarikoa, beti izan zuen bere koadroetan ilusio optikoak sortzeko grina.
Salvador Dali bera honela mintzatu zen holografiari buruz 1972ko apirilean, New Yorken: "Velazquezen garaietatik, artista guztiei interesatu zaizkie irudi tridimentsionalak. Garai modernoetan, Picassoren kubismo analitikoa Velazquezen hiru dimentsioak eskuratzen saiatu zen. Orain, Gabor-en jenialtasuna dela medio, holografiaren bidez hain zuzen, artearen Errenazimendu berri baterako ahalmena lortu da".
Ordenagailuaren, digitalizazioaren eta errealitate birtualaren garaian bete-betean sartuta gauden honetan, zinemari eta arteari dagokionez, holografiak ez du izan espero bezainbesteko garapena. Horrek ez du esan nahi, ordea, etorkizunik ez duenik, gero eta aplikazio gehiago baititu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia