}

Antartikako azken gordelekua

2001/11/21 Elhuyar Zientzia

Antartikako Ross izeneko eremua munduko txoko basati eta ezezagunenetakoa da. Hemendik aurrera, ordea, badirudi Ross-en sekretuak agerian uzten ahaleginduko direla.

Eremu hori ez da guztiz ezezaguna: Scott, Shackleton eta Admusen esploratzaileak bertatik igaro ziren eta, populazio txikia duen arren, badira urte osoan zehar bertan lan egiten duten bi estazio (Zeelanda Berriarena bata eta Estatu Batuena bestea) eta beste bi uda partean jarduten dutenak. Base horietako ikertzaileek 50 urte daramatzate datuak biltzen eta azterketak egiten. Alabaina, benetako egoera zein den jakiteko hutsune esanguratsuak daudela salatu dute Zeelanda Berriko Antartikako Institutuak aurkeztu berri duen agirian. Bertan azaltzen denez, klima-aldaketak eta ozono-geruza desagertzeak eragin ikaragarria izango dute eremu horretan, eta kalteak ahal den neurrian kontrolatu ahal izateko, datu gehiago jakin beharko lirateke.

Gainera, ez dira horiek bertako ekosistema arriskuan jartzen duten eragile bakarrak. Azken hamarkadatik baseetako zaborra basearen jabegoa duen herrialdera eramaten da, baina lehen besterik gabe izotzetan lurperatzen zen. Eta bi urte barru araztegia martxan jartzeko asmoa badute ere, ur zikinak oraindik itsasora isurtzen dira.

Bestalde, turismoak eta arrantzak izan ditzaketen ondorioak zein izango diren jakin beharko liratekeela ohartarazi dute. Jarduera horiek oraindik ez dira oso garrantzitsuak bertan, eta beraz, aurrea hartzea komeni da.

Hitz batez, Ross babestekotan eremu horretan egiten diren jarduera guztiak kontuan hartu behar direla da Zeelanda Berriko Antartikako Institutuaren aldarrikapen nagusia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia