}

Amets baten truke

2019/10/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Goizeko makarrak garbitzen ez dituzten batzuentzat (makarrak malkar?), zientziaren mundua hertsia eta zurruna da. Imajinaziorako lekurik gabea edo. Bai zera: zientziaren historia poesiaz eta ametsez beterik dago!

amets-baten-truke

Ikus dezagun F. A. Kekule kimikariaren pasadizo ospetsu bat. Zazpi urte zeramatzan Kekulek bentzenoaren misterioa argitu nahian, buru eta bihotz. Ez zen auzi erraza, eta ikerlari ugari zebilen korapilo hura askatzeko gogoz: nola arraio ezkon zitezkeen sei hidrogeno-atomo sei karbono-atomorekin, eta aldi berean hidrokarburo haren ezohiko ezaugarriak azaldu? Ezin asmatu. Bentzenoak salbuespena ematen zuen, onartutako sistema polit batean… baina zientziak ezin salbuespenei besoak zabaldu.

1865ean, Ganten zela, bus publiko batera igo zen Kekule. Ohi bezala, bentzenoaren kontua zerabilen buruan. Nekatuta zegoen gizona, eta ibilgailuaren triki-trakak gozo-gozo urrumatu zuen. Lo arinean eta erdi-ametsetan, zer ikusiko, eta atomo batzuk dantza alaian, hainbat traiektoriatan kiribiltzen, suge moduko batzuk osatuz bezala. Halako batean, suge antzeko haietariko batek bere isatsari heldu zion.

Tximista batek zeharkatua bezala esnatu zen Kekule. Ideia bat zuen, berria, bikaina, zoragarria! Bentzenoaren egitura ez zen, uste bezala, lineala, ziklikoa baizik! Sei karbono-atomok hexagono bat osatzen zuten, eta erpin bakoitzari loturik hidrogeno bat zuen. Korapiloa askatuta!

Adolf von Baeyer kimikari handiak esan zuenez, bere bizitza osoko lorpen guztiak aldatuko zituen Kekuleren eldarnio zoragarri haren truke. Ez zen amets makala izan!

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia