}

Airea girotzeko sistemen arriskuak

2001/04/01 Sarasua Etxeberria, Arantxa | Umaran Sanchez, Adelaida Iturria: Elhuyar aldizkaria

Airea girotzeko sistemek gaitz askorekin lotura zuzena dute adituen ustez. Arnas traktuko gaixotasun asko, alergikoak zein infekziosoak, aireztapen-sistemek aireratutako mikroorganismoek eraginak dira. Sistema horien garbiketa sistematikoa eta kontrol zorrotza egin ezean, inguruko bakterioak eta onddoak hoditerietan ugaldu egingo dira. Jarraian, aireztapen-sistema abiaraztean, gela barruko airean hedatuko dira abiadura handiz, arnastean gaixotzeko arriskua gehituz. Dena den, pertsona gehienengan ez dute arazorik sortuko, aireztapen-sistemetan dauden mikroorganismo horiek ez direlako berez oso birulentoak. Baina alergikoek eta immunoeskasiaren bat duten pertsonek gaixotzeko arrisku handiagoa dute. Hainbat inguru berezitan, ospitalak kasu, arazo larria bihur daiteke aireztapen-sistemen kutsapena. Beraz, airea girotzeko sistemak neurrian erabili beharko ditugu, mantentze-lana nahitaezkoa dela ahaztu gabe.

Airea eta osasuna

Uda partean, hondartzatik etxeratzeko kotxea hartu eta berehala airea sakatzen dugunean, hori bedeinkapena! Edo udazkeneko lanegunetan, kanpoan sargori galanta dagoenean, bulegoko airea freskatzeko sistemarik ez balego! Baina kontuz, arnasten dugun aireak eta osasunak lotura zuzena dute.

Aire girotuarekin inoiz erlazionatu diren gaitzak 3 motatakoak dira:

  • Begien eta eztarriaren narritadura, sudurreko jarioa, buruko mina eta beste sintoma ez-espezifikoen multzoa.
  • Alergiak.
  • Arnas traktuko infekzioak.
Aireztapen sistemetan onddoak hazten direnean, milaka espora mikroskopiko aireratzen dira.
A. Sarasua A. Umaran

Arnas aparatuaren bidez, inguruko airea etengabe barneratzen dugu oxigenoa eskuratzeko. Hori bai, oxigenoaz gain, airean dauden partikulak ere barneratzen ditugu, besteak beste, alergenoak eta mikroorganismo infekziosoak. Zorionez, arnas aparatuko mukosetan dauden babesbideek (ile, zilio, muki eta abar) kanpoan mantentzen dituzte airean etorritako partikula gehienak. Dena den, defentsa horiek gaindi daitezke eta airearen poluzio-maila handitu ahala gaixotzeko arriskua ere areagotu egiten da.

Bioaerosolak

Aireak beti ditu hautsa, polena, onddoen esporak, bakterioak, birusak eta abar; alda daitekeena partikula horien kontzentrazioa da. Aireztapen artifizialak zirkuitu itxiak erabil ohi ditu eta gela barruko partikulak behin eta berriz aireratzen ditu. Bestalde, sistema gehienek airea garbitu eta freskatzeko ura erabiltzen dute eta girotu ondoren, hoditeriaren bidez, aire freskoa banatu eta gela barrurantz bultzatzen dute. Inguruan bizi diren hainbat onddo-espezie eta bakterio-espezie gutxirekin konformatzen dira eta hezetasuna eta materia organiko arrunta nahikoa dute ugaltzeko.

Aireztapen-sistemen hodiek, bereziki bihurgune edo geldiuneak dituztenean, zikinkeria (materia organikoa) metatzen dute eta inguruko mikroorganismoen hazkuntza ahalbidetzen dute.

Eraikuntza gaixoaren sindrome deritzo artifizialki aireztatutako bulegoetako langileen artean agertu ohi diren gaitzen multzoari.

Mikroorganismo horiek, milaka aldiz ugaldu ondoren, abiadura handiz aireratzen dira gela barnean, bioaerosolak eratuz. Bioaerosolak airean dauden mikroorganismoen edo haien zatien partikula fin-finak dira eta gaixotasun alergiko zein infekzioso batzuen agerpenaren erantzuleak dira 1 .

Eraikuntza gaixoaren sindromea

Eraikuntza gaixoaren sindrome deritzo artifizialki aireztatutako bulegoetako langileen artean agertu ohi den sintoma-multzoari: begien eta eztarriaren narritadura, sudurreko jarioa, buruko mina, larruazaleko gaitzak, nekea, errinitis alergikoak, arnas traktuko gaixotasun infekziosoak eta abar. Ikerketa epidemiologiko asko saiatu dira langile horien ondoezak aireztapen-sistema motarekin eta bulego bakoitzean dauden mikroorganismoen eta beste partikulen kontzentrazioarekin lotzen. Eraikuntza gaixoaren sindromearen definizioa zabalegia denez, ikertzaile batzuen ustez, aireztapen artifiziala ezin da izan gaitz horien guztien erantzule bakarra, eragina baduen arren 2 . Krisi alergikoak eta arnas traktuko hainbat gaixotasun infekziosoen agerraldi batzuk, ordea, korrelazio zuzena eta adierazgarria dute airea girotzeko sistemekin 3 .

Alergiak

Inguruan bizi diren beste izakien osagarri batzuk gure sistema immunea aktibatzeko gai dira. Hori, sistemaren erantzuna egokia eta neurtua denean, onuragarria da, mikroorganismoak barneratzea oztopatzeko balio duelako eta, beraz, gaixotasun infekziosoak ekiditeko. Hainbat pertsonengan, ordea, produktu horiek sorrarazitako erantzuna gehiegizkoa da eta kaltegarria suertatzen da.

Horrelako erantzunak eragiten dituzten partikulei alergeno deritze eta erantzun ez-egoki horiek izateko joera duten pertsonei hipersentikor edo alergiko. Alergenoak arnasten dituztenean alergikoen arnas traktuko mukosa handitu egiten da eta errinitisa edo asmaren sintomak jasan beharko dituzte. Alergia horiek izateko joera, alde batetik, geneetan idatzitakoaren ondorioa da, baina, bestalde, krisi sintomatikoak gertatzeko alergeno-dosi zehatzak arnastu behar dira.

Bainuetxeetan airea beti hezea da eta horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du.
A. Umaran

Alergeno-mota asko daude, batzuk mikrobianoak dira (onddoen esporak, bakterioen toxinak eta abar) eta beste asko animalien edo landareen osagarriak (polena, ileak...). Azken hauek geldoak dira, airean ugaldu ezin direnak, mikroorganismoak, berriz, aireztapen-sistemen barruan arin-arin ugaltzen dira, batez ere materia organikoa aurkituz gero. Ondorioz, aireztapen-sistema kutsatzen bada, gero eta alergeno mikrobiano gehiago aireratuko ditu, aireko alergenoen kontzentrazioa gehituz.

Ikerketa batzuek etxeko airearen kalitatea eta umeen krisi asmatikoak erlazionatu dituzte, aireztapen-sistema artifizialak, besteak beste, sintoma alergikoak eragiteko arrisku-faktore bat direla aditzera emanez4. Ahal den neurrian, pertsona alergikoek airea kutsatua duten lekuetatik aldentzen saiatu beharko lukete eta haien etxeetan onddoen esporak, animalien ileak eta beste alergenoen iturri guztiak desagerrarazten.

Infekzioak

Aireztapen-sistemak zabaltzen dituen mikroorganismoak bizitzeko gai baldin badira, gizakia infektatzeko eta gaixotasun infekziosoak eragiteko aukera dago; beraz, arrisku horiek baloratzeko aztertu behar ditugun aldeak birulentzia, ostalariaren egoera eta dosia dira.

Birulentzia




A. Sarasua A. Umaran.

Aire-laginetan isolatu ohi diren mikroorganismoak 1. taulan zerrendatzen dira 5 . Onddo- eta bakterio-espezie asko aurki daitezke aire-sistemetan, baina guztiek ez dute gaitasun berdina arnas traktuko infekzioak sorrarazteko.

Gizakiaren mikroorganismo parasitorik birulentoenak, hain zuzen, ohituta daude gure lepotik bizitzen eta eskakizun zorrotzak izaten dituzte ugaltzeko: bitaminak, tenperatura epela, materia organiko asko eta gozoa eta abar. Ondorioz, aske bizitzeko, giro-tenperaturan eta janari gutxi izanik jai dute. Inguruan libre bizi diren espezieak, aldiz, edozein materia-mota aprobetxatzen ikasi dute eta tenperatura- eta hezetasun-aldaketetara egokitu dira. Horrexegatik, oro har, aireztapen-sistemak kolonizatzen dituztenak inguruko mikroorganismo saprofitoak izango dira gehienak, gaixotasunak eragiteko gaitasun gutxikoak, edo bestela esanda, birulentzia txikikoak. Dena dela, gaixotasun infekziosoaren agerpena bi izakiren arteko erlazioaren adierazlea da: mikroorganismoa eta ostalaria, hau da, gizakia bera.

Ostalariaren egoera

Pertsona guztiek dute infekzioetatik babesteko sistema immunea. Horren funtzionamendua faktore batzuen araberakoa da, esaterako, adinak, nutrizio-egoerak eta hainbat gaixotasunek nabarmen eragiten diote. Hainbat defentsa-mekanismo garatzeke daude ume txikietan eta adinekoetan, aldiz, askotan akatsak edo agorraldiak agertzen dira.

A. Sarasua A. Umaran.

Nutrizio-eskasia, alkoholismoa, infekzioak, diabetea eta, batez ere, sistema immunearen jatorrizko zein hartutako berezko eskasiak (ihesa, neutropenia eta abar) erabakigarriak dira aireztapen-sistemak hedatutako mikroorganismoak arnastu eta gaixotzeko arriskua baloratzeko orduan. Beraz, sistemak berdinak izan arren, arriskua oso bestelakoa da etxeetan, edo bulegoetan eta ospitaletan, edo beste inguru berezietan.

Ostalari baten defentsak gutxituak daudenean, berez birulentzia eskasekoa den mikroorganismo batek gaixotasuna sorraraz dezake. Mikroorganismo hori aprobetxategia edo oportunista dela esaten dugu. Inguruko bakterio eta onddo saprofitoen artean horietako batzuk badaude. Aspergillus onddoa horietariko bat da, horren esporak, aireak hautsarekin batera eramanda, leku guztietan daude, etxeetan, eskoletan, kalean edo ospitaleetan.

Dosia

Gaixotasun infekziosoak sortzeko, espeziearen arabera ezberdina den gutxieneko mikroorganismo-kopurua arnastu behar da. Horrela, gela bateko airean metro kubikoko 10-100 Legionella baleude, zaila litzateke barruan dagoen pertsonak infekzioa garatzeko behar den gutxieneko dosia arnastea. Airea girotzeko sistemen hodietan Legionella finkatu eta ugaltzen bada, metro kubikoko milioika bakterio aireratu eta zabalduko ditu. Ondorioz, aire hori arnasten duten pertsonek legionelosia harrapatzeko beharrezkoa den gutxieneko bakterio-kopurua erraz arnas dezakete 7 .

Dosiaren kontzeptu hori funtsezkoa da sistemen kontrolek nolakoak izan behar duten ulertzeko.

Arrisku bereziko inguruak

Hainbat leku arrisku berezikoak dira bertan daudenak direla eta, ospitalak kasu. Ospitaleratuak dauden pertsonek askotan immunoeskasiaren bat dute, gaitz bat edo beste dutelako edo kanpo-defentsa mekanikoak, hau da larruazala eta mukosak, urratuak dituztelako. Ondorioz, kalean kalterik eragiten ez duten hainbat mikroorganismo, Aspergillus onddoa kasu, ospitaleetan arazo larri bihur daitezke, bertan daudenen infekzioekiko sentikortasuna txit handiagoa delako. Ebakuntza-geletako aireztapena bereziki oso kontrolatuta dago eta hamaika ikerketa egin da ebakuntza-geletako aireztapen-sistemen funtzionamenduaren eta hartutako aspergilosiaren eta beste gaixotasun infekziosoen arteko erlazioa ikertzeko 8 .

A. Sarasua A. Umaran.

Bestalde, gizakien hainbat jarduerek, beharra dela edo aisia dela, bioaerosolak sortzen dituzte. Simaurra astintzeak, adibidez, bere baitan dituen milaka mikroorganismo aireratzeko arriskua dakar. Modu berean, araztegietan aritzen diren langileek15, edo dentistek kontsultetan16, bioaerosolak arnasteko probabilitate handia dute eta alergia zein arnas traktuko infekzioak nozitzeko besteek baino arrisku handiagoa dute.

Bainuetxeetan airea beti hezea da, horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du eta ur beroaren hoditerietan Legionella bakterioa arineketan haziko da. Beraz, airean dagoen mikroorganismo-kopurua beste lekuetan baino askoz handiagoa denez, bezero eta langileentzat errazagoa izango da, osasuntsu egon arren, infektatzeko behar den dosia arnastea. Horrelako lekuetan, airearen kalitatea kontrolatu behar da, airean dagoen onddo- eta bakterio-kopurua neurtuz, eta aireztapen artifiziala baldin badago, mantentze-lanak zorroztasunez egin eta sistematikoki garbitu beharra dago infekzioak sor ez daitezen 9 .

Sistemen mantentze-lana

Aireztapen-sistemak diseinatzean, ahalik eta bihurgune gutxien izaten saiatu behar da eta erraz garbitzen diren materialak erabili behar dira. Dena den, sistemek botatako airearen kalitatea kontrolatzea ezinbestekoa da, ondorengo pausoetan eta irudietan adierazten den moduan:

  • Aireztapen-sistematik datorren airea iragazki mikrobiologiko batetik pasarazten da. Iragazkian geratuko dira aire horretan dauden mikroorganismoak.
  • Jarraian, kultura-medio ezberdinetan inkubatzen dira, 22 ºC-tan gutxienez astebete, airean zeuden bakterioak eta onddoak hazi eta ikusteko moduko koloniak era daitezen.
  • Koloniak mikroorganismoen populazio homogeneoak dira, mikroorganismo bakar batetik sortuak. Beraz, iragazkian geratu diren onddoen esporak edo bakterioak zenbatzeko, haiek sortutako koloniak zenbatu baino ez dugu egin behar.
  • Onddo izpitsuen koloniak mikroskopioaren bidez identifikatu ahal dira, Penicillium eta Aspergillus espezieak bereizteko.
Aspergillus
onddoaren ugaltzeko egiturak
esporoforoak

Azterketa guztiek onddo izpitsuen espora-kopurua eta bakterio-kopurua neurtzen dituzte. Hainbat kasutan merezi du bakterio espezie zehatz baten kontzentrazioa aztertzea. Horretarako iragazkia lortuz gero, lortu nahi dugun espeziearen hazkuntza soilik ahalbidetzen duen kultura-medio hautakorretan hazten dira; adibidez, BCYE agarrean Legionella pneumophila bakterioaren kontzentrazioa neurtzen da.

Airearen ikerketarekin batera, sistemen hodien azalean dauden bakterio- zein onddo espezieak ikertu egin beharko dira. Horretarako, neurri jakineko azalera kotoi esterilez igurzten da hoditeriaren hainbat puntutan eta bildutakoa aipatutako kultura-agarretan erein eta inkubatu ondoren, zentimetro karratu batean dauden koloniak zenbatzen dira, zenbat mikroorganismo dauden jakiteko.

Kontrol horiek sistematikoki egin ahal dira edo sistemak garbitu ondoren, hau eraginkorra izan denentz jakiteko. Edonola ere, tokian tokiko erabilerak erabakitzen du aireztapen-sistemetan egin beharreko azterketa-mota eta maiztasuna.

Mikroorganismoak

Bakterioak Onddoak
Infekzio
oportunistak
maiz eragiten
dituztenak
  • Pseudomonas
  • Legionella
    Acinetobacter
  • Staphylococcus
  • Aspergillus
  • Penicillium
  • Alternaria
  • Cladosporium
  • Fusarium
  • Rhizopus

Esporak, endotoxinak edo beste alergenoak ekoizten dituztenak

  • Bacillus
  • Thermoactinomyces
  • Arthrobacter
  • Corynebacterium
  • Citrobacter
  • Enterobacter
  • Klebsiella
  • Blastobacter
  • Aureobasidium
  • Epicoccum
  • Helminthosporium
  • Monilia
  • Paecilomyces
  • Phoma
  • Trichoderma
  • Wallenia

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia