}

Aire zikina duzu Bilbo

2001/09/23 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Milioia inguru biztanleko hiri zalapartatsua da Bilbo Handia. Esnatzen denetik, batez ere lanegunetan, autoak eta kamioiak izaten dira nagusi Bilboko kaleetan, eta egun osoan hainbeste auto putz eta putz ibiltzeak bere eragina du. Hortaz, garai batean hiriko atmosferaren poluitzaile nagusia izan zen industriaren ordezkoa, gaur egun, trafikoa da.

Laneko ordutegiaren menpe, goizeko 7:30ean argi gorrian gelditutako gidaria urduritzen hasi da. Gaur ere berandu dabil, eta argi berdea piztu orduko klaxona jo eta motorra behartuta ziztu bizian abiatu da. Gidaria nobela bateko protagonista izan liteke, baina ez, lanera joateko Bilbo Handian sartu edo bertatik atera behar duten 350.000 langileetako bat baizik ez da.

Bilboko sarrera zein irteeretan auto ilara luzeak izan ohi dira.

Horrela da, bai, 350.000 auto ibiltzen da egunero Bilbo inguruan, eta trafiko handi hori neurtu eta ondorioak aztertzeko neurketa zehatzak egiten dira. Gaur egun, sare zabala erabiltzen da horretarako, baina 1977a ezkeroztik (industriaren eraginez airearen kalitatearen arazoa ez baita gaurkoa) martxan dago Nerbioi-Ibaizabal Beherako poluzio atmosferikoaren zainketa eta kontrolerako sare automatikoa.

Gaur egun, airearen kalitatea ez ezik trafikoa ere neurtzen da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak kudeatzen dituzte sentsoreen bidez. Bizkaiko Foru Aldundiaren sentsoreek hirian egunero sartu edo bertatik ateratzen diren autoak kontatzen dituzte, eta Bilboko Udalak, 140 gune esanguratsutako neurketei esker, hiri barneko trafikoaren bi datu ematen ditu: batetik, ibilgailuek galtzadan iragandako denboraren portzentajea, eta bestetik, hamar minutu oro bertatik pasatzen den ibilgailu kopurua.

Gehiegizko trafikoaren prezio garestia

Elena Agirre Basurko eta Gabriel Ibarra Berastegi, EHUko Matematika Aplikatua eta Jariakinen Mekanika sailetako ikertzaileak 1993tik ari dira Bilbo Handian gehiegizko trafikoak sortzen duen atmosferako poluzioa neurtzen. Horien datuen arabera, hanka sartzeko batere beldurrik gabe esan daiteke Bilbok arazo handiak dituela airearen kalitateari dagokionez.

Trafikoak arazo ugari sortzen du hir handietan.

Elena Agirre Basurko eta Gabriel Ibarra Berastegi ikertzaileen hitzetan, "gaur egun, Bilboko aire-poluzioaren errudun nagusiak trafikoaren eraginez sortzen diren ozonoa (O 3 ), nitrogeno-oxidoak (NOx) eta karbono monoxidoa (CO) dira. Lehen, airearen kalitate -arazoen sortzailea industria-jardueratik zetorren SO 2 -a zen; orain aldiz, hirigunekotrafikoaren ondorioz sortutako smog foto-kimikoa da arazo nagusia".

Smoga, edo ke lainoa, zenbait hiri handiren gainean poluzio atmosferikoak eratzen duen kupula gisako laino astun eta iluna da. Ikertzaileek ozonoaren kasua berezia dela diote; "ozonoa bigarren mailako poluitzailea da, hau da, ez da atmosferara zuzenean igortzen. Nitrogeno-oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek eguzki izpien erradiaziopean erreakzionatzen dutenean sortzen da. Ozonoaren eratze-abiadura meteorologia eragileen eta aurrekarien kontzentrazioen menpe dago, eta azken horiek trafikoaren ondoriozkoak dira nagusiki".

Poluzioaren hedadurari dagokionez, Bilbo Handian aire poluzioa bazter guztietara zabaldua dagoela esan daiteke. Izan ere, Bilbo Handia arro atmosferiko bat da. Airea bertan nahasten da eta gutxi gorabehera poluzio arazoak antzekoak dira leku batean eta bestean. Beraz, ikertzaileen iritziz, toki batean igortzen diren poluitzaileek, Bilbo Handiko edozein tokitan izan dezakete eragina.

Adibidez, Zierbenan (Bahia Bizkaia, 800 MW), Alonsotegin (Zabalgarbi, 95 MW) eta Las Carrerasen (IGCC- Petronor, 800 MW) eraikiko diren planta termikoek eragin zuzena izango dute aire kalitatean. Instalazio termikoek igorriko dituzten nitrogeno-oxidoek Bilboko ozonoaren eta NOx-aren mailak igoaraziko dituzte, eta horrek, noski, airearen kalitate arazoa areagotu egingo du.

Urtaroen eragina eta asteburuko efektua

Esan bezala, Bilbo Handiko aire poluzioa arroa guztian zabaltzen da, eta, beraz, alde horretatik homogeneoa dela esan daiteke. Denborari dagokionez, berriz, ezin daiteke horrelakorik esan. Urtaro batetik bestera, eta baita astegunetatik asteburuetara ere, gorabeherak atzematen dira.

Trafikoak Bilbok airean kalitate arazoak izatea ekarri du.

Meteorologiak ere aire poluzioan zer esana duelako, urtaro batetik bestera, aldaketak sumatu dira ozono mailetan. Izan ere, Elena Agirre Basurkok gogorarazten duenez, "poluzio foto-kimikoa nitrogeno-oxidoak, hidrokarburoak eta oxigenoak eguzki izpien erradiaziopean erreakzionatzean sortzen da. Hortaz, erradiazio handiak, haize ahulak eta presio altu iraunkorrak daudenean, erreakzio horiek errazago gertatzen dira eta ozonoa bezalako bigarren mailako poluitzaileak sortzen dira".

Horregatik, apirila eta abuztua bitartean ozono mailak altuagoak izaten dira eta gomendatutako ozono-mailak (atalaseak) gainditu egiten dira. Atmosferako ozono kontzentrazioak maila jakin bat (110 g/m 3 ) gainditzen badu giza osasunerako arriskua dagoela kontsideratzen da. Adibidez, 1999ko udan ozonoaren maila baimendutakoa baino 20 aldiz handiagoa izan zen Bilbon.

Aste barruko egunetatik asteburura ere nabaritzen da ozono mailaren fluktuazioa. Harritzekoa bada ere, jaiegunetan trafikoa gutxitu arren, ozono mailak gora egiten du; gertaera horri asteburuetako efektua deitzen zaio. Bilbon, asteburuetako efektua nabaritu eta kuantifikatu zuen lehen taldea aipatu ikertzaileen taldea izan zen.

Hala ere, Bilbo ez da efektu hori jasaten duen hiri bakarra, eta jatorri fotokimikoko poluzioaz eragindako Europako beste zenbait hiritan ere ikertu izan da. Baina, gisa horretako gertaera nabaritzea ez da nahikoa, eta azalpena ere eman behar izaten zaio. Ikerketan parte hartu dutenen esanean, "ozonoaren aurrekari diren nitrogeno oxidoa (NO 2 ) eta konposatu organiko lurrunkorrak ez direnez trafikoaren neurri berean gutxitzen, ozonoaren ekoizpenerako oreka apurtu egiten da, eta, ondorioz, ozono gehiago ekoizten da".

Poluzio atmosferikoa ikusezina izan arren, Bilboko biztanle guztiei eragiten dien poluzioa da eta, beraz, benetan serio hartzeko gaia. Europako Ingurugiro Agentziaren ikerketen arabera, ozonoa da Europa osoko hirietan airearen kalitate arazoak sortzen dituen poluitzaile nagusia. Halaber, hirien garapen jasangarrirako 21 Agendari lotuta dauden hirietan, poluzio atmosferikoaren % 80-90ak trafikoan du jatorria. Beraz, ezinbestekoa da trafikoa kontrolatzea eta garraio sistemen plangintza egokia egiteko.

OZONOAREN ERAGINA OSASUNEAN

Ingurugiroa kaltetzeak epe ertain edo luzera giza osasunean ondorio kaltegarriak izaten dituela gauza jakina izan arren, maiz gaiari ez zaio behar bezalako seriotasunarekin heltzen. Gainera, poluzioaren eragina zehaztu arte urteak pasatzen dira, eta ordurako berantegi izaten da.

Bilboren kasuan, industriak eragindako kaltea normalizatu den heinean trafikoarenak gora egin du eta poluzio horiek giza osasunean duten eragina aztertzeko ikerketa 1992--96 urte bitartean egin da.

Bilboko poluzio maila handienak 70eko eta 80ko hamarkadetan izan ziren. SO 2 kontzentrazioak 150-250 mg/m 3 koak izan ziren 1984-85 urteetan. Industria gutxitzen joan den heinean, poluitzaileen kontzentrazio-a tamaina horretako Mendebaldeko beste herrien antzeko mailara jaitsi da eta, gaur egun, trafikoa bihurtu da poluitzaile handiena.

Industriak eragindako istripu ezagun bakarra 1994an gertatu zen. Azido sulfurikoa ekoizten duen enpresa batean isurketa gertatu zen eta, horren ondorioz, 15 minutuz 1.500 mg/m 3 SO 2 isuri zen. Ikerketak iraun duen garaian, batez besteko kontzentrazioa 25 mg/m 3 -koa izan da. Istripu horren ondorioz 16 pertsona eraman zituzten larrialdietara.

Gaur egungo poluzio atmosferikoak pertsonaren osasunaren arabera eta gainditutako mailaren arabera, buruko mina, begietako narritadura, arnasteko arazoa eta ahulezia fisikoa nabari daitezke. Osasuna ez kaltetzeko atalaseen gainditzeak 700 ospitalizazio eragin zituen Europako Batasunean 1995eko martxoa eta urria bitartean.

Horrez gain, landaredia eta eraikinak kaltetzen ditu eta klima aldaketa eta berotegi--efektua moduko fenomenoak bizkortzen ditu. Hala ere, aire poluzioa kaltegarria dela jakin arren, jendeak noizean behin autoa garagean uzteko asmorik inork agertzen ez duen bitartean, biriketaraino aire zikina barneratzen jarraitu beharko dugu.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia