21. aminoazidoa
2009/05/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizirik zaude. Horrek esan nahi du milioika erreakzio kimiko ari direla gertatzen zure zeluletan, eta horixe da harrigarriena: berez, erreakzio kimiko horiek ez lirateke gertatuko kondizio arruntetan. Baina bizia ez da kondizio arrunt bat; zorionez, bizirik egoteak esan nahi du proteinak ditugula, erreakzio horiek gerta daitezen.
Zer dute berezia, bada, proteinek? Azken batean, ia edozein erreakzio kimiko egiteko gaitasuna dutela. Gorputzaren zelulak laborategi kimiko txikiak dira, eta proteinak dira laborategietako kimikariak. Bakarka edo taldean, metabolismoaren molekula guztiak kontrolatzen dituzte. Denetik dago: azidoak, baseak, uretan disolbatzen diren molekulak, uretan disolbatzen ez direnak, neutroak, kargadunak eta abar luze bat. Erraz ulertzen da molekula horiek guztiak kontrolatzeko ia edozein kimika egiteko prest egon behar dutela proteinek.
Eta prest daude. Proteinak aminoazidoen kate luzeak dira, molekula berezi batzuk elkarri lotuta. Aminoazidoen sekuentziaren arabera, proteina jakin batek lan bat edo beste egingo du. Horregatik, proteina desberdin asko egoteko, pentsa liteke aminoazido-mota asko daudela. Baina ez. Hogei besterik ez daude; biziak behar duen kimika guztia hogei molekulatan laburbilduta dago.
Uharte galduaren jolasa bezalakoa da. Zer hiru gauza eramango zenituzke uharte galdu batera? Zentzu praktikoa ematen badiozu, jolas zaila da; zein dira uharte batean bizirik irauteko nahitaezko hiru gauzak? Oso zaila. Kexatzeko moduko jolasa da; zergatik hiru gauza bakarrik?
Hemen, berdin; zer aminoazido sartuko zenuke zelula baten proteinetan, bizirik iraun ahal izateko? Bada, hogei aminoazido besterik ez dira behar, ohikoak diren hogei horiek, hain zuzen. Batzuk hidrofiloak dira, beste batzuk hidrofoboak; batzuk azidoak, beste batzuk basikoak; batzuk aromatikoak, beste batzuk alifatikoak eta abar. Baina hogeirekin osatzen da biziaren beharra, kimikaren aldetik.
Selenioa
Hogei bakarrik. Eta, hala eta guztiz ere, 1986an aurkitu zuten hogeita batgarrena: selenozisteina.
Egia esan, hogei "aukeratuetako" baten aldaera da; zisteina aminoazidoaren ia berdina da, baina selenio-atomo bat du sufre-atomo baten lekuan. Bizidun batzuek bakarrik sartzen dute selenozisteina proteinetan, ez denek. Beraz, eztabaida piztu zen. Hogeiko zerrendari beste bat gehitu behar zitzaion ala ez?
Aminoazido batean selenio-atomo bat izateak abantaila batzuk ematen dizkio biziaren kimikari; hori ez zuen inork zalantzan jartzen. Protoien emaile ona da, eta, adibidez, erradikal askeak neutralizatzeko ezin hobea da. Baina, orduan, zergatik ez zegoen selenozisteina bizidun guztietan? Horren erantzunik ez dakigu.
Proteinetako aminoazidoen zerrendan sartu behar ote den ala ez jakiteko, kode genetikoari begira dakioke. Azken batean, kode genetikoa aminoazidoen kode bat da. DNAren molekularen sekuentzian, elkarren segidako hiru nukleotidok kodetzen dute aminoazido bakoitza. Eta aukeran lau nukleotido-mota daudenez, 64 konbinazio daude (64 kodoi); hogeiko talde batentzat, nahikoa eta sobran.
Kodetu beharrekoak ez dira hogei bakarrik, sekuentziaren hasiera eta bukaera ere kodetu behar baitira. Hala ere, 22 direnez, ematen du 42 kodoi sobran daudela. Baina ez da egia. Hogei aminoazidoetatik hemeretzi kodoi batek baino gehiagok kodetzen dituzte. Mutazioen aurkako babesean, abantaila handia da.
Kontua da selenozisteinak ez duela berezko kodoi bat. Agertzen denean, bukaerako seinalearen kodoi bera erabiltzen du, beste seinale berezi batzuekin batera.
Esan bezala, ez da bizidun guztietan azaltzen... ondo begiratu badugu, behintzat. Dirudienez, litekeena da gizakion proteina batzuetan ere azaltzea. Giza genoma proiektuan ez zen aukera hori kontuan hartu; kodoi hura aurkitzen zuten bakoitzean, gene baten bukaeratzat hartzen zuten. Gehienetan hala da, baina, kasu batzuetan, agian, selenozisteinaren kodoia izan daiteke.
Eta zientzialari batzuek giza proteinetan selenioak duen presentzia aztertzen duten bitartean, beste batzuek hogeita bigarren aminoazido bat aurkitu dute beste bizidun batzuetan, pirrolisina. Hasi al gara berriro?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia