Pinguino artean

2015/02/01 Elhuyar

Animaliak ikertzean, betiko arazoetako bat da nola hurbildu ahalik eta gehien animaliak beldurtu gabe edo haien portaeran eragin gabe. Urrutitik gidatutako gailuak aukera on bat izan litezke Strasbourgeko Unibertsitateko ikertzaileek egindako esperimentu batzuek erakusten dutenez. Nature Methodsen argitaratu dituzte emaitzak.

Esperimentuetako batean 34 pinguino erregeri bihotz-erritmoa neurtzeko gailuak jarri zizkieten. Neurgailu horien informazioa antena bat hurbilduta irakur zitekeen. Antena hori urrutitik kontrolatutako ibilgailu txiki batean jarri zuten, eta ibilgailuan pinguino-kolonian sartuta, ikusi zuten pinguinoen pultsua gutxiago azkartzen zela eta azkarrago etortzen zela bere onera, lan hori pertsonek egitean baino.

Beste esperimentu batean pinguino-txitaz mozorrotu zuten ibilgailua, izutiagoak diren pinguino enperadoreengana hurbiltzeko. Argazkitan ikus daitekeenez, pinguino enperadoreek ongi onartu zuten ibilgailu mozorrotua, eta txita eta heldu batzuk harekin komunikatzen ere saiatu ziren.

Azkenik, itsas elefanteekin egindako lehen probetan ere lortu dute animalien ondora iristea, haiek aztoratu gabe. Ikertzaileek diotenez, ezinezkoa da hori pertsona batek egitea. Hala, ondorioztatu dute urrutitik kontrolatutako ibilgailuak aukera on bat izan daitezkeela espezie hauek edo beste batzuk ikertzeko.