Itsasargiari dario

2013/11/01 Elhuyar

Argazkian ikusten den argirik distiratsuena Cape Pallisier faroa da; Zeelanda Berriko North Islanden dago. Hantxe pasatu zituen gauaren lehen orduak Mark Gee australiarrak. Goizeko bostetan jaiki zen, Esne Bideari argazkiak ateratzeko asmoz. Orduan, konturatu zen kamera faroaren goiko solairuan utzi zuela, 250 eskailera gorago.

Kamera berreskuratu, farotik urrundu, eta hogei argazki atera zituen, panoramiko hau osatzeko. "Lan handia izan zen denak elkartzea, baina emaitzak merezi zuen!", dio Geek. Bai merezi ere, argazki honekin irabazi baitu Astronomy Photographer of the Year 2013 lehiaketa. Epaileetako batek honela azpimarratu du argazkiaren edertasuna: "Konposizio zoragarria da. Atsegin dut nola dirudien itsasargiari dariola Esne Bidea".

Sari nagusia irabazteaz gain, "Jendea eta espazioa" kategoria ere Geek irabazi du, bigarren argazkiarekin. Wellingtongo Mount Victoriako begiratokian daude ilargiaren aurrean ikusten diren siluetak. Bi kilometro urrunago zegoen Gee, ez kasualitatez: "Hau ez zen izan une egokian leku egokian egotea; ia urtebetez landu nuen argazki hau ateratzeko plana".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia