Zientziarekiko grina
Udazkenean etorriko den "Ezagutzarekiko grina" jaialdiaren atarian, eta giroa berotzen hasteko, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute Kutxaren Gizarte Ekintzak eta DIPC Donostiako Nazioarteko Fisika Zentroak, Kutxa Andia ekitaldi-aretoan. Maiatzaren 13a eta ekainaren 17a bitartean, DIPCk azkeneko 10 urteetan egin duen ikerketa-lanari buruz hitz egingo da. Mintzaldietan entzungo dena iraileko jaialdian aurkeztuko denaren aurrerapena izango da.Hitzaldi-zikloa irekitzeko, Pedro Miguel Etxenike, DIPCko lehendakariak "Baliogabeko zientziaren baliagarritasun bikaina" hitzaldia eskainiko du, maiatzaren 13an, Kursaaleko Ganbara aretoan.
Termiten aurkako borroka
Hiriko termiten aurka egiteko eta haiek kontrolatzeko asmoz, CIDEMCO-Tecnalia euskal ikerketa-zentroko Biotek-zura sailak proiektu bat jarri du martxan. Lehen urratsa izango da harrapatzen diren termitak kolonia berekoak diren ala ez jakitea. Horretarako, markatzaile genetikoak identifikatzen dituen kit eramangarri bat garatzen ari dira. Informazio hori garrantzitsua izango da termiten aurkako amuak optimizatzeko; izan ere, kolonia bezainbat amu jarri beharko dira, koloniak errotik suntsitzeko. Etxe, auzo edo hiri bateko termita-izurritea desagerrarazteko, beharrezkoa da jakitea zenbat koloniari aurre egin behar zaion, eta CIDEMCO-Tecnaliaren proiektuak arazo horri irtenbidea aurkitu nahi dio.
Pertsona bakarreko hegazkina
NASAko Mark Moore ingeniariak plaza bakarreko hegazkin baten prototipoa diseinatu du. Hegazkinak energia elektrikoarekin funtzionatuko luke, eta orduko 241 kilometroko abiadura maximoa hartuko luke. Inoiz eraikiko balitz, txikia eta arina izango litzateke: hutsik, 136 kilo. Kopuru horri bateriaren 45 kiloak gehitu beharko litzaizkioke, eta baita bidaiariaren pisua ere. Lurreratze-tren gisa, hegazkinak lau hankako isats bat du. Asmatzailearen hitzetan, prototipoa, oraingoz, ikasketa-amaierako proiektua baino ez da, eta, era berean, oraindik urrun dagoen amets bat.
Bideo-joko bilbotarra Nintendorentzat
Bilboko Delirium Studios enpresak borrokako bideo-joko bat sortuko du Nintendo Wii kontsolarako. Aplikazioaren behin-behineko izenburua "Kinito Ninja" da, eta Japoniako garai feudalean girotuta dago. Nintendo multinazionalak Delirium Studios enpresak era honetako lanak egiteko duen ahalmena aztertu zuen lehenik. Orain, Bilboko enpresa bideo-jokoaren itxurari azken ukituak ematen ari zaizkio, eta baita finantziazioa bilatzen ere. Bideo-jokoa Bi dimentsioko animazioan oinarrituko da. Delirium Studioseko arduradunek uste dute 2011 urtearen bukaerarako prest egongo dela.