Naroa Agirre, atleta: Ez dut lan erraza izan aukeraketa, bideoak oso ezberdinak baitziren. Batetik, ikasleek egindako bideo batzuk zeuden; bestetik, betiko edo ohiko dokumentalak zeuden; eta, azkenik, berritzaileagoa iruditu zaidan dokumental bat zegoen.
Zaila izan da, denek baitauzkate nabarmentzeko gauzak; baina, azkenean, hegaztiei buruz hitz egiten duena aukeratzea erabaki dut. Dokumental hori aukeratu dut, gaia interesgarria iruditu zaidalako eta ez nuelako ezagutzen.
Hegaztiaren mokoa haiek jaten duten janariarekiko egokitua dagoela. Dokumentalak hori erakusten du: zergatik daukaten hegazti batzuk moko zapala, beste batzuk luzeagoa, beste batzuk motzagoa. Gainera, adibideekin eta oso argi azaltzen du. Dokumental horrekin zerbait gehiago ikasi nuela uste dut. Horrekin ez dut esan nahi besteekin ez nuela ezer ikasi, baina, gai horri buruz ezer ez nekiela kontuan hartuta, oso interesgarria iruditu zitzaidan.
BIDEOA:
Dani Morcillo, biologoa: Ez da arraroa txoriei buruzko liburu askok mokoen eta hanken formari buruzko atal bat izatea. Espezie horiek zer jaten duten esaten digute mokoek, eta hankek, berriz, haien habitataren berri ematen digute. Biak ala biak, gainera, espezieak sailkatzeko eta identifikatzeko irizpide gisa erabiltzen dira.
XIX. mendean, Charles Darwinek, Galapago Uharteetara egin zuen bidaia ezagunean, ikusi zuen txontek uharte bakoitzeko elikagaien araberako mokoa zutela. Hori lagungarri izan zitzaion hautespen naturalagatiko bilakaeraren teoria formulatzeko. Darwinek arrazoia izan ala ez, argi dago moko bakoitza zehaztasunez diseinatuta dagoela harrapatu behar duen elikagaia harrapatzeko.
Mokoa hortzik gabeko bi hezur-barailak osatzen dute, eta erranfoteka izeneko zorro korneo batez estalia dago. Askotan, zorro horrek kolore biziak izaten ditu, eta espezie batzuek aldatzeko gaitasuna ere badute.
Zenbait kasutan, elikaduraren ondoriozkoa da mokoaren eta hanken kolorea, eta baita lumena ere. Flamenkoek, elikatzeko, lohia iragazten dute, eta animalia txikiak harrapatzen dituzte; animalia horiek, ordea, pigmentu arrosa ekoizten duten bakteria batzuk jaten dituzte. Eta, hala, flamenko gazteak eta zaharrak erraz bereizten dira, gazteek pigmentu gutxiago metatu baitute.
Mokoa ia denerako balio duen tresna bat da, orrazteko zein habia egiteko balio du; hala ere, edateko nekagarri samarra da: ez du uzten zurrupatzen, eta bete egin behar da, ontzi bat balitz bezala. Jateko erabiltzea da normalena, inolako zalantzarik gabe.
Janaria uretan bilatzea lan zaila da. Zisneek hanka egokiak behar dituzte igeri dabiltzanean abiada hartzeko. Hatzak mintz batez elkartuta dauzkate, eta hankak, berriz, atzerago; hori dela eta, baldar ibiltzen dira oinez. Zenbait itsas hegazti oso-osorik murgiltzen dira, eta urpean igeri egiten dute. Kasu horretan, hatz bakoitza independentea da, baina forma zapaldua du, errazago igeri egiteko.
Ehizaki txikiak harrapatzeko, mokoak ere txikiak izaten dira, eta fin-finak. Hegazti intsektiboroak jatun handiak dira, eta pertsonentzako gogaikarriak diren intsektuen kantitate handiak jaten dituzte egunero; adibidez, eltxoak.
Ehizaki handiagoak harrapatzeko, hegazti harrapariak dira jaun eta jabe. Haien egokitzapenek eraginkortasun handia ematen diete ehizarako. Mokoa okerra eta kakoduna dute, haragia tarratatzeko prestatua. Atzapar gogorrak eta zorrotzak dituzte; behin ehizakia harrapatutakoan, ez du ihesbiderik. Gainera, espezie ehiztariek aurrera begira dituzte bi begiak; hala, hiru dimentsioko ikusmen perfektua dute, eta hori oso erabilgarria da distantziak kalkulatzeko. Ehizaki diren hegaztiek, berriz, buruaren bi aldeetan dituzte begiak, eta ikusmen-angelu handiagoa dute, harrapari posibleak detektatzeko. Ez dago argi begiak bereiz izateak moko luzea izan beharra dakarren edo moko luzeak begiak bereiztea errazten duen. Dena dela, ohikoena da hegaztiek tarteko zerbait izatea.
Lertxunek, sastakai-formako mokoa dutenez, zehaztasun osoz arpoitu ditzakete igelak eta arrainak, etsairen bat baletor ere arretari eusten dioten bitartean. Hanka luzeak dituztenez, gorputza uretatik kanpo geratzen zaie, eta goragotik ikusteko aukera dute. Lertxuntxoek galtzerdiak dituztela ematen du: hatzen kolorea hondarrezko hondoarekin nahasten da, eta, hala, arrainen babesleku izan litezkeen landare-adarrak dirudite hankek.
Mokoak forma berezirik ez badu, hegaztiek ehiza-teknika harrigarrien bidez egokitzen dute beren portaera. Harri-iraulari deritzon hegaztiaren izena ez da kasualitatea: ur-ertzeko harri-koskorren azpian bilatzen dute janaria.
Mokozabalek koilara handi bat dute mokotzat, baina horrek ez digu argitzen zer jaten duten harik eta horretan ikusi arte. Arrain-sarda bat iritsi da, eta ez ditu mokozabalak soilik erakarri. Ubarroi gogaikarri batzuk ere hurbildu dira festara. Askotan, taldean egiten dute ehiza, uretan sartuz eta beste hegazti batzuk eragindako ihesaldiak aprobetxatuz.
Dani Morcillo, biologoa: Ikusi dugunez, hegaztien moko eta hanken diseinuak askotarikoak dira, eta bizi diren habitatetara egokituta daude. Gure esku dago ekosistema horiek zaintzea, etorkizunean txori-kontuez hitz egiten jarraitu ahal izan dezagun.