Gaur egun, hainbeste smartphone daude merkatuan, non zaila egiten baitzaigu bata bestearengandik bereiztea. Horregatik, gaur, guztiz desberdina den gailu bat dakarkigu: Sony Ericsson Xperia Play. Lehen begiratuan, telefono arrunt bat dirudi, astun samarra beharbada; baina pantaila irekitzen badugu, PSP Go-ren antzeko kontsola eramangarri batekin egingo dugu topo.
Mugimendu hori egin bezain laster, joko-interfazea aktibatzen da. Zenbait joko dakartza aurrez instalatuta: Sims 3, Bruce Lee, Fifa 10 eta Star Battalion. Internetetik gehiago deskargatu ditzakezu. PlayStation baten ohiko kontrolak ditu: bi gurutzeta, bi joystick, kasu honetan ukipenezkoak, eta beste bi botoi pantailaren azpian kokatuta. Nahiago baduzu, ukipenezko pantaila erabiliz jolastu dezakezu, edo gailua mugituz.
GHz bateko prozesagailua, grafiko-motor indartsua eta 4 hazbeteko pantaila dituenez, joko-esperientzia nahiko ona da. Eragozpen nagusia baterian dago: jokoetako batek harrapatzen bazaitu, ez du lauzpabost ordu baino gehiago iraungo.
Telefonoari dagokionez, Androidekin funtzionatzen du, Google-k mugikorretarako garatu duen sistema eragilearekin. Kontaktuen kudeaketa on bat eskaintzen du, zure agenda sare sozialekin eta bat-bateko mezularitza-sistemekin integratuz. WiFi edo 3G bidez konekta daiteke Internetera, eta bi kamera ditu: nagusiak 5 Mp-ko bereizmena eta flasha ditu, eta besteak, aurrealdekoak, bideokonferentziak egiteko balio du.
Xperia Play apirilaz geroztik dago salgai, eta operadore batekin lortzen ez baduzu, 649 € balio du. Ez da merkea, baina gama altuko mugikorren parean dago, eta gadget bat baino gehiago biltzen ditu gailu bakar batean.