Gaur egun, ibaiak oso bestelako itxura du, araztegiek egin duten lanari esker. Horietako bat da Legorretan dagoen Gaikaoko araztegia.
JOXE MUJIKA: Urte batean, Zegamako paper-fabrika egin zen garaian, arrain guztiak tripaz gora agertu ziren. Erreka-bazterrak arrainez tapatuta. Orain gustua ematen du. Orain, erreka garbi-garbi dago: arrainak eta guzti ikusten dira. Hor, lehen ez zen ezer ikusten. Ezta lurreko harriak ere! Ez ziren ikusten! Dena tapatuta zegoen. Honelako aparra egoten zen boladetan. Gero, araztegi hori jarri zuten, eta asko lagundu zion.
Gaikaoko araztegia Legorretan dago, Oria ibaiaren ertzean. Honelako araztegiei eta fabriketan bertan jarritakoei esker, ibaira iristen den poluzioa asko murriztu da. Hala ere, Euskal Herriko ibairik kutsatuenen artean dago Oria.
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa:Araztegia martxan jarri zenetik, asko hobetu da ibaiaren egoera. Baina, oraindik, Legorretatik gora dauden urak bakarrik tratatzen dira, Tolosaldeko zatia falta da. Eta aurten jarriko da martxan beste araztegi bat, Adunan. Horrekin Gipuzkoa osoko sarea osatuko da.
JOXE MUJIKA: Kontxa zen guretzat! Igeri hor egiten zen, presan.
Ibaian gora dauden Goierriko 12 herrietako urak iristen dira hona. Etxeetako urak eta industriakoak dira, oro har, eta baita herri batzuetako euri-urak ere, estolderia bereizi gabe duten kasuetan. Guztira 4.500 milioi litro ur zikin tratatzen dituzte urtean.
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Urak hona heltzen dira. Hemen putzu bat daukagu. Putzu honetan bonba batzuk dauzkagu, eta ur hori dena goiko kanalera ponpatzen da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Solido dezenterekin iristen dira, ezta?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Bai. Ponpatu eta gero, solido horiek bereizi egiten dira iragazki batzuetan. Bigarren fase batean, hondarrak eta koipeak banatzen dira.
Hemen, area kentzeko leku honetan, urak aireztatzen dira, eta, haize horrekin, koipeak duen berezko joera, flotatzea, handitu egiten da.
Pala handi batekin biltzen dute azalean geratutako koipea. Harea eta koipeak kendu ondoren, urak bere bideari jarraitzen dio grabitateak hala aginduta, araztegia horretarako diseinatuta baitago.
Araztegi baten oinarrizko diseinua nahiko sinplea den arren, xehe-xehe begiratuta, egitura konplexua dela ikusten da. Izan ere, etengabe funtzionatu behar duenez, ponpa guztiek gutxienez ordezko bat dute, lehenengoak huts eginez gero martxan jartzeko prest.
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Ura hona etortzen da area kentzeko lekutik, dekantagailura. Lehenengo dekantazioa gertatzen da hemen. Urak dakartzan lohiak hondora joaten dira, eta ponpa batzuen bitartez xurgatzen ditugu, eta gainerako ura prozesu biologikora eramaten da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuen lanean eraginik badute eurite handiek eta lehorteek?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Lehorte-garaian ez da arazorik izaten, baina ekaitz-egunetan, adibidez, ur asko etortzen da. Horregatik daukagu hirugarren dekantagailu bat hutsik, lehenengo etorraldiari eusteko.
Horren ondoren ura erreaktore biologikora eramaten dugu. Tratamendu biologikoa gertatzen da hemen: konposatu organikoak eta nitrogenatuak degradatzen dira.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Bakterioen bidez, ezta?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Hori da, bakterioen bidez. Bakterioak berez sortzen dira: nahikoa elikagai badute uretan, eta behar dutena oxigenoa da, oxigenoa geuk ematen diegu haizea sartzeko makina batzuen bitartez. Haizea tanke azpitik sartzen da.
Tratamendu biologikotik datorren ura dekantatu egiten da berriro. Lohia hondora joaten da eta urak gainezka egiten du. Ur hori garbia da, ur tratatua da, eta ibaira isurtzen dute.
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Hemen batzen dira bi dekantagailuetako urak.
Ur horretan, amonioaren maila kontrolatzen dute, besteak beste. Txiza da ur horien amonio-iturri nagusia. Alegia parean egindako neurketen arabera, ibaiko ur-litro bakoitzeko 2,5 mg amonio izatera iritsi ziren. Araztegia 2003an zabaldu ondoren nabarmen jaitsi zen maila, eta gaur egun 0,3 mg inguruan dago.
Gaikaora 60.000 lagunen etxeetako hondakin-urak iristen dira. Esate baterako, 2010ean 263.000 kg amonio iritsi ziren, eta, tratatu eta gero, % 3 baino ez zen iritsi ibaira.
JOXE MUJIKA: Gu, legorretarrok, pixka bat haserretuta egon gara hau hemen jarri zelako.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Lekuarengatik?
JOXE MUJIKA: Lekuarengatik. Eta, gainera, uste genuen usain gehiago botako zuela. Tarteka botatzen du, baina ez du hainbeste botatzen.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Usaina hemen sarkorragoa da, Aitor. Zergatik da hori?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Bai, instalazioko lohiak hona ekartzen dira. Lohi organikoak flotagailura ekartzen dira loditzeko. Lohi ez-organikoak beste hemen atzera ekartzen dira, loditzeko horiek ere. Gero lohi horiek nahastu egiten dira, hemen azpian dagoen ganbera batean, eta digerigailura eramaten dira.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Globo antzeko hau zer da?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Hau gasometroa da. Digerigailuan sortzen den metanoa hementxe biltzen da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Metano horrekin zer egiten duzue gero?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Orain arte, metano hori galdara batzuetan erretzen zen digerigailua bera berotzeko. Baina, orain, hobekuntza bat jarri dugu martxan: motosorgailu bat jarri dugu, eta metanoarekin argindarra sortzen dugu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kogenerazioa?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Hori da, kogenerazioa.
450 milioi litro metano ez dira alferrik galtzen uzteko modukoak. Biogas hori erreta araztegiaren bero- eta argindar-beharren zati handi bat asetzen dute.
Ura araztetik ateratako lohia lehortzeko, prentsa bat erabiltzen dute.
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Iragazki-prentsa bat da. Lohia presioan sartzen da. Oihal batzuk dira hauek, lohia tartean geratzen da eta ura kanpora ateratzen dugu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Lohiak jaso eta zabortegira, ezta?
AITOR IRIZAR; Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Hori da.
Lohi lehorra siloan metatzen da, eta handik kamioira. Hamaika bidaia egin beharko ditu kamioiak zabortegira, urte baten buruan 2.500 tona lohi eramango baditu.
JOXE MUJIKA: Nik ezagutu nituen hemen amuarrainak egoten zireneko garaiak. Harrapatu egiten genituen, gainera.
Azken urteetan bueltatzen hasiak dira amuarrainak Oriara. Eta baita aingirak eta izokinak ere: azkeneko zenbaketan, 48 izokin zenbatu zituzten, eta horietatik bi baino ez ziren gizakiak sartutakoak. Araztegien lanari esker, Oria bere onera etortzeko bidean da.