Gasteizko kaleetan tranbia ibiltzen hasi zenetik hilabete gutxi batzuk besterik ez da pasa. Sistema guztiek doitasunez funtzionatu behar dute. Lan horiek asko erraztu ditu Mondragon Unibertsitateak eta Traintic enpresak elkarrekin garatu duten trenetako komunikazio-analizagailu berriak.
Gasteizko kaleetan tranbia ibiltzen hasi zenetik hilabete gutxi batzuk besterik ez da pasa. Ordutik, ehunka mila pertsonak erabili dute garraio berria eguneroko joan-etorrietan. Lehen balantzeen arabera, tranbiaren puntualtasuna % 95 izan da.
Emaitza horiek lortzeko, sistema guztiek doitasunez funtzionatu behar dute, eta hori lortzea ez da erraza. Ekoizle askok hornitzen dituzte trenak, eta mantentze-lanak luzeak eta neketsuak izan ohi dira.
Mondragon Unibertsitateak eta Traintic enpresak elkarrekin garatu duten trenetako komunikazio-analizagailu berriak asko erraztuko ditu lan horiek.
Teknopolisek eskatuta, Mikel Mendikute, Ania Garcia de Salazar eta Aitor Belar Gasteizera joan ziren trenetarako aplikazio berri batek nola funtzionatzen duen erakustera. Mondragon Unibertsitateak eta Traintic enpresak elkarlanean garatu dute trenetako komunikazio-analizagailua. Mikel Mendikute irakaslea da, eta Aitor Belar eta Ania Garcia de Salazar analizagailuaren garapenean parte hartu zuten ikasleak, biak ere gaur egun Traintic-eko langileak.
Trenetan gailu asko dago: sentsoreak, interfazeak... eta guztiek zehaztasun handiz funtzionatu behar dute trenek egoki lan egin dezaten. Funtzionatu ez ezik, gailu guztiak elkarrekin komunikatuta egon behar dute. Komunikazio-busak bermatzen ditu komunikazio horiek.
AITOR BELAR; TRAINTIC-MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Kable urdin hau da: tren guztia bus honekin konektatzen da, eta bertatik pasatzen da denbora errealean trenean doan informazio guztia. Bus honetan zehar bidaltzen dira kontrolerako eta monitorizaziorako datuak.
Komunikazio-busaren analisi-lanak oso neketsuak izan ohi dira orain arte. Arazoren bat zegoela jakin arren, arazoaren jatorria zehaztasunez ezagutzea ordu luzetako lana ez ezik, egunetakoa izan zitekeen. Horrez gain, zaila da gailuetara fisikoki iristea.
MIKEL MENDIKUTE; MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Arazo nagusia Traintic bezalako konpainientzat zen eurek analisi hauek egiteko tresnak erosi egin behar zituztela. Erosten zituzten oso prezio garestian, eta, gainera, oso emaitza txarrekin. Azkenean, tresna hauek ez dizute uzten jakiten zer gertatzen ari zen trenean trena gelditu gabe. Orduan guk proposatu geniena zen produktu berri bat egitea, orain daukagun teknologia elektronikoa erabiliz eta besteek zeuzkaten muga denak gaindituta.
Urtebeteko lanaren emaitza Mondragon Unibertsitateak eta Traintic enpresak garatutako komunikazio-busen arazketa- eta diagnosi-sistema adimenduna izan da. Pertsona askoren lana eskatu du bus-analizagailua garatzeak.
MIKEL MENDIKUTE; MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Bertan lan egin genuen eskolako lau irakaslek, telekomunikazio- eta informatika-alorretako lau ikaslek eta Traintic enpresako hiru ingeniarik.
Lana ere konplexua izan da.
Diziplina ugari nahasten zituen lanak, eta lan oso gogorra eta oso handia zen. Azkenean, produktu berri bat garatu dugu urtebetean, munduan beste inon ez dagoen produktu bat.
Garatutako sistemak bi elementu nagusi ditu. Bata hardwarea edo euskarri fisikoa da. Euskarri fisikoa trenaren komunikazio-busera fisikoki konektatzen da.
AITOR BELAR; TRAINTIC-MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Plataforma honek egingo digu lan guztia treneko informazioa jasoz eta ordenagailura bidaliz eta ordenagailuan ikusiko dugu une oro zein datu ari garen bidaltzen trenean. Plataforma honen ezaugarri nagusiak hauek dira: datuak prozesatzeko gaitasun handia, datuak denbora errealean prozesatzen dituelako; gero, datu horiek guztiak memorian gordetzeko gaitasuna, eta, azkenik, ordenagailura bidaltzeko daukan abiadura handiko interfazea.
Bus-analizagailuaren bigarren elementua softwarea edo aplikazio grafikoa da. Euskarri fisikoak jasotako informazioa ethernet bidez ordenagailura bidaltzen du. Aplikazio grafikoak modu ikusgarrian azaltzen du sistemen egoera. Arazoren bat balego, pantailan gorriz azalduko litzateke.
AITOR BELAR; TRAINTIC-MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Aplikazio honen bitartez mantentze-lanak egiten dituen pertsonak jakin dezake zein gailutan dagoen akatsa, eta berak aurrez dakienez zein motatako gailuak dauden trenean, zuzenean joan daiteke gailu horretara arazoa kopontzera.
Berria izan arren, bus-analizagailua dagoeneko hainbat tren-zerbitzutako mantentze-lanak egiteko erabiltzen hasi dira. Teknopolisen, Gasteizko tranbian probatzeko aukera izan genuen.
AITOR BELAR; TRAINTIC-MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Arazo bat dagoenean, tranbiara etortzen gara eta egiten duguna da komunikazio-busean gure kableatua sartu. Horretarako, komunikazioetarako dagoen aparatu batean sartu behar dugu. Kasu honetan, seinalea errepikatzen duen komunikazio-gailu batean sartzen ari gara, eta gure kablea puntu horretan sartuko genuke.
Behin treneko komunikazio-kanalera lotuta, egiten dena da ikusi aplikazioan seinaleak zelan dauden. Eta hemen ikus dezakegu zer arazo ari den gertatzen trenean momentu honetan, seinalearen forma guztia eta berak dakartzan datuak interpretatuz. Une honetan ez dugu arazorik ikusten; hortaz, tranbia martxan jartzeko puntuan dago.