NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kaixo, Mikel!
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Kaixo, Nagore!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zer moduz?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Ondo.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hondarribiko traineruko entrenatzailea izanda, zuri tokatzen zaizu dauzkazun arraunlariak traineruan kokatzea. Zer duzu nahiago: teknika ala indarra?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Biak dira garrantzitsuak. Egia esan, teknika beharrezkoa da arraunean, eta indarra izatea ere ona da. Zaila da teknika duen arraunlari batek indarra irabaztea. Arraunlariak duen indarra du. Errazagoa da indarra duen arraunlari batek teknika lantzea eta arraunlari ona egitea, indarrik ez duen arraunlari bat arraunlari ona egitea baino.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan, oinarri-oinarrian indarra behar da arraunlari on bat izateko.
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Bai, arraunlari on bat izateko, zalantzarik gabe, indarra behar da. Baina bada jendea teknikarekin ere ondo moldatzen dena eta, nahiz eta indar gutxixeago izan, arraunean defenditzen dena.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Teknika esaten dugunean, arraunean zertaz ari gara? Zer da teknika on bat izatea?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Entrenatzaile bakoitzak bere ikuspuntua izango du. Baina, oro har, behintzat, indarra arraunean ongi egiteko ongi aprobetxatzen duen arraunlaria, besteekin batera doana, eta ahalik eta kalte txikiena egiten diona ontziari.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Esate baterako, itsaso txarra denean, hobe da teknika ona izatea ala indarra? Eta, alderantziz, teknika ala indarra da hobe?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Itsaso txarra denean, teknika duen tripulazioa betiere hobeto ibiliko da normalean. Eta errioan, edo bare denean, indarra duen tripulazioa hobeto ibiliko da normalean.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zein da traineruaren aurrealdea? Zein atzealdea?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Aurrealdea da helmugan lehenengo sartzen den traineruaren muturra. Jendea nahastu egiten da esateko garaian "Mikel, zu atzean joaten zara!".
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Aurrelaria, brankaria, zara zu.
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Aurrelaria, bai. Hori da aurrean joaten naizelako. Jendea nahasten da atzeraka joaten garelako. Aurrealdean joango litzateke jende teknikoa eta, tripulazioaren barruan, arinagoa dena. Eta atzealdean ere jende teknikoa eta arina. Patroia joango litzateke atze-atzean. Eta erdialdean esango genuke jende astunagoa eta indartsuagoa.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Bi koxka hauek pentsatzen dut patroiarentzat izango direla, maniobretan laguntzeko?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Bai, hori da. Patroia errioko estropadetan edo ur bareko estropadetan hor behean joaten da. Eta itsasoan, edo olatu handiak direnean, hankak gora igotzeko aukera du trainerua hobeto eramateko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zenbat arraun eramaten dituzue?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Hamahiru arraun (arraunlari bakoitzak arraun bat), ordezko arraun bat, eta aurrelariak beste arraun bat eramaten du ziabogetan patroiari laguntzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Arraun txiki bat, ezta?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Arraun txiki bat, bai.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta patroiarena, berriz, handiagoa.
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Handiagoa, bai. Patroiaren arrauna izaten da 4-4,5 metro luze. Hori eguraldi ona denerako eta errioan. Eta itsaso txarrarekin 5 metrokoa... luzeagoa da palanka hobeto egin dezan.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gogoan dut karbono-zuntzezko traineruak erabiltzen hasi zinetenean oraindik egurrezko arraunak erabiltzen zenituztela. Kostatu egin zen trantsizioa egitea?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Kostatu egin da, bai. Baina pisuan alde handia dago bien artean.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zer alde dago?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Egurrezko arraun arin batek 3,5-4 kilo pisatzen ditu, eta zuntzezko arraun batek 2-2,5 kilo.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Alde handia da, ezta?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Alde handia da, bai, batez ere, mugimenduan doan pisu bat delako. Eta horrek oraindik ere kalte handiago egiten dio traineruari.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kontrako inertziak eragingo ditu.
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Nire ustez azken urteetako aurrerapenik handiena arraunetan gertatu da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Dena dela, patroiak batzuetan egurrezkoa eramaten du, ezta?
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Bai, gehienbat gusturago aurkitzen delako egurrezko arraunarekin, gogorragoa delako eta astunxeagoa izanik segurtasuna ematen diolako itsaso txarrarekin hobeto maneiatzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eskerrik asko! Eta oso zorte ona opa dizuegu aurtengo denboraldian.
MIKEL ORBAÑANOS; Hondarribia Arraun Elkartea: Zuei. Ea hala den.