Aerosorgailuak ikusten ditugunean energia berriztagarri eta jasangarria datorkigu burura, baina sekula pentsatu al duzue azpiegitura erraldoi horiek nola eraikitzen dituzten?
Pieza erraldoi horiek egiteko, makina ikaragarriak behar dituzte. Gaur makina horietako baten fabrikatze-prozesua ikusiko dugu. Aerosorgailuen eraztunak egiteko eraiki duten tornu-plater mekaniko hau munduan dagoen handiena da. Gernikako enpresa batek egin du Alemaniara bidaltzeko.
7 metroko diametroa. Hori da Gernikan egin duten tornu-plateraren tamaina. Aerosorgailuen dorreetako eraztunak fabrikatzeko erabiliko da.
Munduan dagoen tornu-plater mekanikorik handiena da; orain arte handienak 5 metroko diametroa zuen, eta bere tamainak benetako odisea bat bihurtu du ohikoa izan behar zuen fabrikazio-lana.
Kalkulu nagusiak estruktura antolatzeko egin behar izan dituzte, hain pieza handiak sortzen zituen arazoak konpondu ahal izateko.
ALAIN CLAVIER; TDG: Tornu honetan lotu eta muntatu behar diren piezak oso handiak dira, eta oso astunak, hainbat tonakoak. Horrek zailtasunak eman dizkigu. Eta bestalde, doitasuna mantentzea ere arazoa izan da.
Eredua sortu ondoren, pieza fabrikatzeko prozesua bera hasten da. Lehenengo urratsa moldea egitea da.
Bezeroak 3 dimentsioko diseinua bidali du. Horren gainean egiten da programazioa, ondorengo mekanizatuari ekiteko.
Lehengaia 500 x 1200 zentimetroko poliestirenozko plakak dira. Behar den lodiera emateko, bata bestearekin kolatzen dira plakak, nahi den neurria lortu arte.
Zenbakizko kontrol bidezko fresatzeko makinak plakak mekanizatzen ditu; hau da, sobran dagoen materiala kendu, zulatu eta torneatu egiten du plakak, ereduaren txura lortu arte. Moldea bukatutzat eman aurretik ziurtatzen dira neurriak, diseinuarekin konparatuz.
Lantegi honetan egin den molde biribil handiena izan da honako hau, eta ezin da pieza bakar batean egin. Horrela, bide batez, garraioaren arazoa konpondu da.
RAUL ESPINOSA; Modelos Belako: Bost zatitan egin behar izan dugu. Lau sektore, eta barneko 4 metroko pieza borobila.
Garraio berezirik behar ez izateko, lau zatitan egitea ezinbestekoa izan da. Gero, pieza bi zatitan galdatuko dute.
7 metroko diametroa duen moldeak ia 200 kilo pisatzen ditu, eta ia 40 tonako burdinazko pieza bihurtuko da.
Hain pieza handia izanik eta bakarra izanik, eredu galdu bat prestatzen da.
RAUL ESPINOSA; Modelos Belako: Poliestirenoz egiten dugu pieza, eta, ondoren, galdategia hondarrez betetzen dute. Hondarra izango da moldea. Galda moldearen gainean isurtzen dute, eta pieza burdinazkoa bilakatuko da, altzairuzkoa, erabiltzen den materialaren arabera.
Poliestirenoaren ordezkapena Gasteizko galdategi batean egingo da.
Galdaketa egin baino lehen, moldea prestatu egin behar da. Zulo eta tarte guztiak hondarrez betetzen dira, eta ondo estutzen, galdaketa egitean hondarra mugi ez dadin.
Pieza honentzat 73 tona burdina galdatu dira, 1.535 graduan.
Isurketan galdak hartzen du poliestirenoaren lekua.
Emaitza burdinazko bi pieza izango dira, tornu-plateraren bi zatiak. Baina oraindik zakarrez beteak egongo dira.
Bizarrak kendu, pieza arbastatu eta behin betiko pieza izango dena bilakatzeko 1.500 orduko mekanizazio-prozesua behar da. Hau Aviles-en egingo dute. Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa egingo da, tornu, fresagailu edo mandrinatzeko makinen bidez. Soberakinak kentzen zaizkio, eta benetako forma ematen zaio piezari.
BENJAMIN GARCIA; ASTURFEITO: Kasu honetan, kanpoko forma ematea da, izan behar duen biribiltasuna, barneko forma, fresatzeko makinak egingo dizkion kutxak, eta hori guztia proiektuak ematen dizkigun neurrien arabera.
Lehenik fresatzeko makina doa, eta arbastatzearen lehen fasea egiten du. Soberan den materiala kentzen dio, baina ez guztia. Piezak batzen dira doitzeko, eta tornuak kanpoko diametroak mekanizatzen ditu, kanpokoak, barrukoak eta garaierak. Mekanizatua poliki-poliki egiten da, gero arazorik ez izateko eta bukaeran kalitatea izateko.
Hemen ere piezaren tamainak lana baldintzatzen du.
BENJAMIN GARCIA; ASTURFEITO: Lehenik erdiko piza egiten dugu; gero, banaka, kanpoko biak, eta azkenean hirurak elkartzen dira, josi. Lanaren amaieran gaude.
Zailena azken akabera eta baraila mekanikoen ahokalekuen akabera dira.
Gernikako Tailerretan platera osatzen duten hiru zatietara egokitu beharreko gainontzeko piezak egin dituzte.
IRATXE MADARIAGA; TDG: Egin dugu barruko nukleoa, gero oinarriko atzapar deitzen direnak, dira luzeak, eta orain inportanteak dira doikuntzak. Piezek ezin dute dantza egin, sakon-sakon sartu behar dira, eta doikuntza da..., hamarren txiki bateko aldea egon liteke
Hori lortzeko azken zuzenketa egin behar zaie pieza guztiei.
Azken muntaketaren ondoren, funtzionamendua ziurtatu dute.
Emaitza, hainbat aukera ematen dituen tornu-platera izan da.
IRATXE MADARIAGA; TDG: Funtzio ezberdinak batzen dituen plater bat da. Ez bakarrik automatikoa edo manuala, aparte bloke euslea deitzen diren atzapar berezi batzuegaz ere amarra liteke pieza...
Platera desmuntatu eta garraiatzeko prestatzea da proiektu honen azken urratsa. Azken helmuga, aerosorgailuen dorreak fabrikatzen dituen Alemaniako lantokia izango da.