Telebista adimenduna
2012/04/15
Elhuyar
Iturria:
Teknopolis
Orain etiketa bat gehiago daukate telebista berriek: Smart TV. Telebista adimenduna, alegia. Ezaugarri nagusia, Internetera konektatzeko gaitasuna.
Transkripzioa ikusi
TDT, HD, 3D… Telebista berria erostera goazenean, etiketa horiei erreparatzen diegu, nahi ditugun teknologia guztiak dituztela ziurtatzeko. Orain etiketa bat gehiago daukate telebista berriek: Smart TV. Telebista adimenduna, alegia. Ezaugarri nagusia, Internetera konektatzeko gaitasuna.
Zertarako balio du telebista Internetera konektatzeak? Helburua ez da ordenagailu arrunt bat bezala erabiltzea, bideo-zerbitzuak Internet bidez jasotzea baizik. Horretarako, interfaze bereziak dituzte, eta telebistentzat diseinatutako web nabigatzaileak.
Adibidez, Youtube telebista-kanal bat balitz bezala bisitatu dezakezu. Wuaki.tv edo antzeko bideoklub birtualetan, berriz, filmak erosi edo alokatu, jatorrizko bertsioan eta bereizmen handian. Gainera, egiten dituzun aukeren arabera, sistemak eduki berriak gomendatuko dizkizu. Beste aukera bat: telebistan ikusten ari zarena sare sozialen bidez komentatzea.
Hemen daukagun hau Samsung etxearen D8000 modeloa da. Ikusten duzuen bezala, 55 hazbeteko LED pantaila bat dauka. Serie honetan 40 eta 65 hazbete bitarteko tamainak aurkitu ditzakegu; beraz, bai, oraindik handiagoak ere badaude. Modelo honek, gainera, 3D irudiak ematen ditu, eta bi dimentsioko bideo arruntak 3Dra bihurtzen ditu. Hori bai, betaurreko bereziak jantzi beharko dituzu.
Teknologia berri guztiekin gertatzen den bezala, oraindik oso garestia da Smart TV bat erostea. 60 hatzbeteko modeloak 1.700 € balio ditu. Prezioak apur bat jaitsi arte itxaron nahi ez baduzu, ordea, zure telebista arrunta Internetera konektatzeko balio duten gailuak ere badaude. Argi dago benetako interaktibitatea telebistara ekarriko duen aro berri baten atarian gaudela.