Bienvenido León; Telenaturako zuzendaria
"Telenaturan lan egiten dugunok bi helburu ditugu. Telebista ingurumen-heziketarako tresna izan dadin lan egiten dugu. Pentsatzen dugu telebistak entretenitu baino askoz gehiago egin dezakeela".
"Lehiaketara aurkezten diren filmen laguntzaz, oihu egiten dugu esateko oraindik asko egin dezakegula ingurumena eta natura ezagutu eta errespetatzeko".
"Oso maila ona izan da. 21 herrialdetako 105 film aurkeztu dira. Jatorriari dagokionez, ugaritasun handia izan da. Ez dira bakarrik etorri produkzio-etxe handiak edo munduko telebista handiak... produkzio-etxe txiki eta amateurrak ere izan dira".
"Epaimahaiak oso balorazio ona egin dio zuen erreportajeari. Akatsik gabeko narratiba du, kontatzeko trebetasun handia eta, horrez gain, zientzialarien atzetik lan gogorra egin da, produkzio-lan zorrotza egin da".
Inma Alvarez; Elhuyar Fundazioa
"Erreportajea planteatzeko unean gure helburua izan zen gehien bat behaketa egiten zutenen lanari behatzea, hau da, haien lanaren jarraipena egitea. Horretarako, hiru eremu hartu nahi genituen, eremu ahalik eta zabalena hartzeko: hau da, lurra, itsasoa eta zerua. Eta animaliak aukeratu genituen behaketa horren helburuak kontuan izanik, batetik, zainketa, eta, bestetik, kudeaketa eta zaintza bera".
Bienvenido León; Telenaturako zuzendaria
"Tamalez, produkzio-lan handia duten erreportajeak aurkitzea ez da erraza izaten. Sarriegi erreportaje azkarra egiteko joera dago: lau irudi hartu eta editatu. Kasu honetan, oso ondo landutako erreportajea da, bai erreportajeari dagokionez, baita gidoiari dagokionez ere".
Nagore Rementeria; Elhuyar Fundazioa.
"Gu, gure lana beteta, nahiko aseta etorri ginen. Bi aldiz joan ginen zetazeo horiek ikusi nahian, grabatu nahian batez ere, eta ez genuen alerik ere ikusi; ezta atalo triste bat ere, ezta zanga triste bat ere, nahiko egun txepelak izan ziren".
Oihana Jauregi; Elhuyar Fundazioa.
"Guk egia esan izugarrizko zortea izan genuen, bi egun eman genituen Somiedoko natura-parkean, eta bi egunetan ikusi genituen hartzak".
¿Lo estáis viendo chicos? Se ven dos osos, dos osos... ¡Bien!-
"Egia da azken aldian hartzen populazioaren gorakada nabarmena izan dela, eta, hortaz, orain gune jakin batzuetan, une jakin batzuetan itxaronaldiak eginda errazagoa dela hartzak ikustea; baina, hala ere, konturatzen gara, nahiz eta egoerak hobera egin duen, guk lortutako irudiak balio handia dutela, eta nahi izan dugun materialarekin bueltatu garela, eta oso pozik".
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa
"Sarrioak zenbatzera joan ginen gu, zenbatzen dituztenen erreportajea egitera, eta ehiztarien teknikak erabili genituen sarrioak zenbatzeko. Oso bitxia zen. Kontuan izan behar genuen haizeak nondik jotzen zuen, gerturatu, sarrioak zenbatu eta haien ezaugarriak, nolako adarrak zituzten ikusi eta apuntatzeko. Orduan, konturatzen zara nola egiten diren telebistan ikusten dituzun irudi horiek, naturako dokumental horiek, eta zenbateko lana ematen duten".
Bienvenido León; Telenaturako zuzendaria
"Gero eta sofistikazio handiagoa erabiltzen da irudiak hartzeko, animaliaren oso gertuko irudi hunkigarriak hartzeko, abiadura motelean erakutsiko diren aireko planoak hartzeko... Teknologiak asko laguntzen du, baita irudiak hartzeko moduek ere. Dena dela, funtsean, pazientzia-lana izaten segitzen du, kameraren aurrean gauzak gerta daitezen itxarotea. Hori da programa mota honen lilura".