Tabletak ukipen-pantailaren bidez, teklaturik gabe, erabiltzen diren ordenagailu eramangarriak dira. Batik bat, Interneten nabigatzeko eta edukiak kontsumitzeko pentsatuta daude. Baina testuak, kalkulu-orriak eta horrelakoak sortzen ordu asko pasatzen badituzu, beharbada, noizean behin teklatu bat faltan botako duzu.
Dagoeneko badaude teklatua duten tabletak. Asus etxeko Slider modeloari, adibidez, teklatua pantailaren azpitik ateratzen zaio. Ukipen-teklatua baino erosoagoa da idazteko, baina pisu dezente gehitzen dio tabletari. Transformer izeneko beste modelo honi, berriz, teklatua akoplatu egiten zaio. Hala, tableta bera bakarrik erabil dezakezu, eta etxean edo bulegoan zaudenean netbook bat balitz bezala erabili.
Teklatuek tableten ohiko beste gabezia batzuk ere betetzen dituzte: USB eta HDMI portuak dituzte, memoria-txartelen irakurgailuak… Transformer-aren kasuan, bateria-orduak ere gehitzen dizkio.
Dagoeneko tableta bat baduzu, iPad bat, adibidez, teklatu solteak ere aurkitu ditzakezu. Besteak beste, Logitech-en honako bi hauek: Tablet Keyboard honen kutxa tabletaren oinarri gisa erabil dezakezu. Keyboard Case izeneko beste hau, berriz, pantaila babesteko zorro gisa. Biak Bluetooth bidez konektatzen zaizkio iPadari.
Tabletari teklatua egokitzea atzerapauso bat ematea dela pentsa daiteke. Ez al gara netbooketara itzultzen ari? Baina kalean, etxean zein lanean gailu bera erabiltzeko aukera zabaltzen du teklatuak, eta, noski, erabiltzaileona ere bai.