Hauxe da merkatuan dagoen suaren kontrako lehen ate azkarra. NO-FIRE du izena, eta hori lortzeko ikerketak ia 3 urte iraun du. Ez du parekorik bere alorrean; izan ere, irekitze-ixte azkarrekoa izanik, ez zen planteatu ere egiten suari eusten zion produktua izatea. Bi ezaugarri horiek aurkakoak izan dira orain arte.
ASIER MAIZTEGI, Tecnalia: Ohiko ateak lonazkoak izaten dira beti; horregatik dira ate bizkorrak. Eta gure nahia zen ohiko ate horiek duten abiadura bera lortzea. Gure erronka izan da panel arinekin abiadura hori lortzea eta, gainera, suarekiko erresistentzia handiagoa izatea.
Panelek, hortaz, oihala ordezkatu dute. Arinak dira, baina ez plastikoa edo goma bezainbeste. Horregatik, ateak azkarra izaten jarraitu dezan, arraste-sistema berri bat diseinatu behar izan da.
Ateak suari aurre egiten diola frogatzeko, sutan jartzen da. Horrelako saiakuntzak egiteko labe bat da hau. Atearen prototipoak labea estaltzen du. Sua hor atzean dago. 1.000 graduko tenperatura gainditzen da barruan. Kanpoaldean, aldiz, metro-erdi eskasera, 20 gradu baino ez daude. Atearen azalean termopare edo sentsoreak ipintzen dira. Horietakoren batek 180 gradutik gorako tenperatura neurtzen badu, edo batez beste 140ko muga gainditzen bada, ateak ez du suaren kontrako akreditaziorik lortuko. Neurri horiek guztiak araututa daude.
ABEL CAPELASTEGUI, Tecnalia: Parametro guztiak estandarizatuta daude, laborategi guztiek modu berean lan egin dezagun, saiakuntza egin aurretik, proban zehar eta ondoren. Laginak berdin muntatzen dira edonon, labeak estandarrak dira, eta baita tenperatura edo deformazioa neurtzeko tresneria ere.
Sutan jarri aurretik, atearen oinarri diren panelen osagaiak eta horien egitura egokiena topatu behar izan da. Suari aurre egingo diona eta ahalik eta arinena. Makina honen laguntzaz egin da hori. Erabili diren materialak aerojeleak, arroka-zuntza eta elementu zeramikoak izan dira. Banaka eta era ezberdinetan antolatuta suari nola erantzuten dioten neurtu da, panelaren barneko sandwich-itxurako diseinurik eraginkorrena aurkitzeko.
AITOR BARRIO, Tecnalia: Lortu behar genuen lehenengo gauzetako bat izan da sua ez zegoen aldean erantzun jakin bat lortzea, isolamendu jakin bat. Kono kalorimetrikoa da hau, eta, hemen, labe barnean gertatzen denaren simulazioa egiten da. Surik gabeko aldean, tenperatura ezin da igo maila batetik; izan ere, horrek esan nahiko luke materialak ez duela proba gainditu. Hori neurtzeko, sentsore edo termopare bat jartzen da babesik gabeko aldean, eta beste bat, babestutakoan.
Saiakuntzak eskala txikian egiten dira lehenengo,; gero, metro bateko aldeko laginekin egiten dira probak, eta benetako neurriko ate batekin egitea da azken pausoa, 3 metro zabal eta beste hainbeste altu den ate batekin.
AITOR BARRIO, Tecnalia: Hauek 100 x 100 milimetroko laginak dira, eta, gero, metro bateko lagina labe esperimentaletik pasatu eta gero, honela gelditzen da panela.
Tentsioa nabari da proiektuan parte hartu duten ikertzaileengan. Aurrez egindako saiakuntza guztiek ez dute ehuneko ehunean ziurtatzen gaurko proba ongi irtengo denik. Lagin txiki baten eta 9 metro karratuko ate baten erantzuna ez dira berdinak. Ateak askoz elementu gehiago ditu, hala nola kanpoko egitura eta panelen arteko mekanismoak. Suak edozein puntu ahul balia dezake aurrera egiteko.
AMAIA ARAMBURU, Tecnalia: Saiakuntza txikietan lortu ditugun datuak onak izan dira, eta haietan oinarrituta egin da ate handia. Ikerketa ugari egin dira panelen diseinu ezberdinekin; saiakuntzak egin dira eta material-konbinazioak probatu dira. Eta emaitza da 90 minutuko erresistentzia lortzea espero dugula.
90 minutuak aise gainditu ditu ateak, hori gainditzea zen baldintzetako bat; beraz, ongi doa proba. Hau ez da, ordea, lehen saiakuntza. Beste prototipo batekin ere egin zuten proba, eta hark ez zuen iraun 36 minutu baino gehiago. Beheko aldeak egin zuen huts. Azpiko panela konkortu egin zen, eta su-garrak pasatu egin ziren.
Proba ez-gainditutzat jotzeko irizpideak bi dira: osotasun-akatsak, adibidez, su-garrek atea 10 segundotan baino gehiagotan igarotzea, eta isolamendu-akatsa, hau da, arauak ezartzen dituen tenperaturak gainditzea. Aurreko hartatik ikasi, eta bigarren saiakuntza honetarako atearen hainbat elementu birdiseinatu dira. Beheko azken panela estuagoa da orain, eta tximinia moduko batzuk ere jarri dizkiote.
JON ETXABE, Tecnalia: Kea sortzen zen, eta ke horrek, azkenean, tenperatura igoarazten zuen egituran. Ke horri irteera bat eman ahal izateko, egituraren zutabeen barruan zulo edo arrakala batzuk egin dira.
Ateak segurtasun-sistema bikoitza du. Batetik, beheko aldeko ukipen-banda, eta, bestetik, zutabeetan bertan daraman argi-hesia. Normalean, argi-sentsoreek egiten dute lan. Baina sua detektatzen denean, ukipen-banda hasten da lanean, argi-hesia itzalita. Arrazoia sinplea da. Sute batean, argi-sentsoreek kea detektatu, eta ez lukete atea ixten utziko.
Su-garra txiki batzuk ageri dira atearen azpiko aldean, baina, 10 segundo baino gutxiago irauten badute, proba ez da gelditzen. 113. minutua. Atearen azaleko sentsoreek gainditu dute arauak onartzen duen batez besteko tenperatura. Saiakuntza bertan behera utzi behar da; baina emaitzak onak dira. Emaitza horien arabera, ateak ziurtagiri bat du orain, gero, komertzializatzeko garaian bermea izango dena. 90 minutuko erresistentzia orokorra, eta 120koa atearen osotasuna bakarrik kontuan izanda. Proba gainditu da.