Elur iraunkorrak eta inork zapaldu gabeak, eta 4000 metrotik gorako tontorrak... hauxe da Suitzako Alpeetako paisaia txundigarrienetako baten itxura. Eremu honek Jungfrau-Aletsch-Bietchhorn du izena, eta mendiek, haranek eta glaziarrek osatzen dute. Berna eta Valais-eko kantoietan kokatua dago.
Inguru natural honek 54.000 hektareako azalera du eta UNESCOREN gizateriaren ondare naturalaren zerrendan dago 2001. urteaz geroztik. Haren edertasuna, fauna eta flora alpinoaren dibertsitatea eta aberastasun geologikoa: arrazoi horiek eraman dute gune hau UNESCOREN zerrendara. Han dago Europako glaziar handiena. Aletsch mendigunean jaiotzen da, eta tontor elurtuen azpitik egiten du bere bidea 23 km-an zehar. 900 metro sakoneko izotz-geruza du.
Eskualde honen % 95 birjina da. % 5 besterik ez du eraldatu gizakiak. Zatitxo horretan, oinezkoentzako bidexkak, eski-pistak eta teleaulkiak jarri dira... baita orain dela hamar urte inauguratu zuten zientzia-estazio ikusgarri bat, terraza panoramikoa duena: Sphinx behatokia da. Eraikin txiki honetan, 3500 metroko altueran, zientzialariek glaziarren progresioa, klima-aldaketaren ondorioak eta ingurumenaren fisika ikertzen dute. Europan ez dago hain altuera handian eraiki den eraikuntzarik.
Alpeetako paisaia honen edertasuna egundokoa da. Neguan, elurrak zuriz jazten ditu bailarak, eta udaberrian, kolore berde distiratsua erakusten dute. Mendiko tren hau, ordea, lau urtaroetan da paisaiaren parte... Jungfraubhan trenbide ospetsua da. Elur-ekaitzik bortitzenak ere ez luke XIX. mendeko ingeniaritza-obra hau geraraziko.
Eraiki zuten garaiko espirituaren isla da trenbidea. 1896an eraiki zuten, erromantizismoaren eta naturaren gorespenaren gorenaldian. Urte haietan hasi zen jendea lehenengo aldiz entzuten bidaiariek naturaren mirariei, ur-jauziei eta glaziarrei buruz kontatzen zituzten istorioak. Mendira zihoazen lehenengo turistak agertu ziren Suitzan, eta horrek eskualdearen garapena sustatu zuen. Horrela jaio zen trenbidearen proiektua. Trenak 2000 metroko altitudean hasten du bere ibilbidea eta 3500eraino igotzen da, Jungfraucoch-eko geltokiraino. Europako tren-geltoki garaiena da.