-Rosetta zunda
-Blue Gene: superordenagailua
-Hegaztien eraztuntzea
-Sariak
Europako Espazio Agentziaren Rosetta zunda, Txurjumov kometara eramango duen bidaian jarraituz, Lurretik 5.000 kilometrora pasatu da. Horrela, Lurraren grabitate-indarraz baliatu ahal izan da, eguzki-sistemaren kanpoalderantz bideratzeko. Rosetta 2004an jaurti zuten, eta 2015ean bukatuko du bere misioa Txurjumov kometara iristean. Kometaren orbitan sartu, eta Eguzkiaren inguruan ibiliko da datuak bilduz. Kometen jatorria, izarrarteko materia eta eguzki-sistemaren jatorria ikertzeko erabiliko dituzte datu horiek. Guztira, 7.000 milioi kilometro baino gehiago egingo ditu bidaian, baina, hara iritsi aurretik, Lurreko, Ilargiko, Marteko eta beste bi asteroidetako datuak ere bilduko ditu. Harako bidean, beste hirugarren aldi batean pasatuko da Lurraren ondotik, 2009ko azaroan.
Bi urtean behin, munduko 500 sistema informatiko ahaltsuenen zerrenda osatzen da. Aste honetan bertan argitaratu dituzte emaitzak, eta, oraingoan ere, Blue Gene superordenagailua da azkarrena, laugarren urtez jarraian. 478 teraflop-eko abiadura du; hau da, 478 bilioi kalkulu egiten ditu segundoko. IBM etxekoa da eta aurreragorako duten helburua ere ez da makala, petaflop-eko abiadurako superordenagailua lortu nahi dute; hau da, segundo bakoitzean 1.000 bilioi kalkulu egingo dituen ordenagailua.
Datorren larunbatean, azaroak 24, hegaztien eraztuntzeei buruzko jardunaldia izango da Baionan. Jardunaldia Historia Naturalaren Museoak antolatua da, eta bertan azalduko dute hegaztiei eraztunak zergatik eta zertarako jartzen zaizkien. Goizeko bederatzietan hasiko da jardunaldia, eta Baionako Barta etxean izango da, hots, Ansot ordokiko naturguneko egoitza nagusian
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Gurutzeta Ospitaleko diziplinarteko talde batek saria jaso du. Neonatologiari buruzko Ordesa saria, hain zuzen ere. Garaia baino lehen jaiotako haurretan, oxigeno eta odol faltak kalte neurologikoak eragiteko arriskua izaten da. Kalte horiek kuantifikatu eta ebaluatzeko garatu duten eredu esperimentalagatik jaso dute saria. Ereduan arkumeak erabiltzen dira, oso egokiak baitira garuneko zirkulazioa eta metabolismoa aztertzeko eta haur jaioberrien antzeko neurria dutelako.
Eta sari batetik, beste sari batera. Zamudion egoitza duen ITP aeronautika enpresak Espainiako EMAS Ingurumen Saria irabazi du. EMAS sariak Europako Batzordeak sustatutako ingurumen-sariak dira, eta estatu bakoitzean irabazleak dira Europako saria jasotzeko hautagaiak. Aurten, hondakinak gutxitu, berrerabili eta berziklatzen nabarmendu direnak saritu dituzte, eta ITPk enpresa handien kategorian lortu du saria. Titanio-txirbilari dagokionez, esaterako, 1.000 tona bereizita jaso eta egoki kudeatu dituzte, hau da, beren hondakin metalikoen erdia baino gehiago. Azaroaren 19an jakingo da zein diren Europako irabazleak.