Ordulari batean edo beste batean begiratu eta ordu desberdina ematen dute sarritan. Nola jakin zein den ordu zehatza? Tecnikronos enpresakoak horretan egiten dute lan. Haiei galdetuko diegu.
“Zer ordu da?” galderari erantzuteak uste baino gehiago eraman du historian. Denbora neurtzeko gailu eta moduak gizakia bezain antzinakoak dira. Hasieran, izarrek zeruan egiten zuten ibilbideak adierazten zuen denboraren joana. Lehen erlojuek eguzkia zuten atzean, haren itzala, hain juxtu. Klepsidren ur jarioa, kandelen sua edo erortzen den harea ere baliatu da denborak zenbateko abiaduran ihes egiten duen jakiteko. Mekanikoak, kuartzozkoak eta orain atomikoak, ordulariak geroz eta zehatzagoak dira. Denbora, kontrolpean edo ia kontrolpean dugula esan daiteke.
JOSÉ LUIS FERRO; Tecnikronos: Deformazio profesionala esaten dena, azkenean, norbaitekin gelditu bazara, eskumuturreko ordulariari begiratu eta hau oraindik ez da etorri, denbora luzeago egiten zaizula dirudi.
Txantxak txantxa, Jose Luisen enpresa, Teknikronos denboran aditua da. Udaletxe, eliza eta antzekoetako ordulari publikoak instalatu eta kudeatzen ditu. Abandoko geltokikoak ere berak eramaten ditu. Kalera, Plaza Zirkularrera ematen dutenen erlojuen ordua agintzen duen gailua da hau. Ordulari baino ordu zerbitzari dei dakioke. Ordua ez baitu berak sortzen, irrati-uhin bidez jasotzen du antena txiki horren bitartez.
JOSÉ LUIS FERRO; Tecnikronos: Bai oso txikia, horrek jasotzen du, kasu honetan Paristik datorren seinalea, France Inter irrati-igorleak bidalitakoa, seinale garraiatzaile bat bidaltzen du eta seinale horretan dator data osoa, eta orduak, minutuak eta segundoak. Hori da erloju patroiak antena horren bidez jasotzen duena eta bere agintepean dituen ordulariei bidaltzen diena. Paristik denbora guztian etortzen da informazioa, segundoro, gaztelaniaz esaten den bezala bit a bit.
Hortaz, Bilbora ordu hau, Paristik edo Paris gertutik dator, eta ordu hori ordulari atomiko batek sortzen du, Frantziako metrologia laborategian. Atomikoa eta zehatza sinonimoak dira kasu honetan. Era honetako erlojuak zesio-133 atomoaren bibrazioan oinarritzen dira. 9.192.631.770 bibraziok segundo bat daramate, eta hala, gaur egun denbora neurtzeko dauden sistemarik zehatzenak dira: segundo bakarreko errorea dute 30 milioi urtean. Munduan barreiatutako 200 ordulari atomikok osatzen duten sarearen batez bestekoak ematen du Nazioarteko Denbora atomikoa, nolabait, planetaren denbora estandar ofiziala. Eta Pariskoa ere ez da ordua irrati uhinez zabaltzen duen bakarra. Europan, Frankfurtekoa da gehien erabiltzen den beste bat, 2000 kilometro hedatzen da handik seinalea eta Pariskoa berriz, 3.500. Munduan hainbat dira irrati bidez ordua hedatzen duten erakundeak.
Irrati-ordu hori izatea denon eskura dago honezkero. Ohikoa da, gaur egun, etxeko horma nahiz gure eskumuturretan halako bat izatea, eta zer esanik ez ordu zehatza eta fidagarria behar den egoeretan. Hor, kuartzozko ordulariak, bere horretan, ez dira nahikoa.
JOSÉ LUIS FERRO; Tecnikronos: Kuartzoaren ezaugarrietako bat da oszilazioa bere tamainaren araberakoa dela, eta hozberoarekin tamaina hori pixka bat aldatu liteke eta oszilazioren frekuentzia ere, beraz, aldatu egingo da. Hor etorriko da erlojuaren aurrerapena edo atzerapena.
Abandoko kontrol gela honetako orduak bai izan behar duela ona.
JOSÉ LUIS FERRO; Tecnikronos: Askotan zer gertatzen zaigu tren geltoki batera iristen garenean, gure ordularira begiratu eta ez datorrela bat, kalean ikusi dugu botika bateko ordularia, eta berdin, beraz, zer ordu da ona? Ba, ona da azkenean geltokian dagoena erloju guztiek markatzen dute ordu berdina eta ordu hori gainera irrati edo satelite bidez etorritako ordu bat da.
Izan ere, kasu honetan, GPS seinale bidea jasotzen da ordua, ordu atomikoa hau ere. GPS sateliteetako bakoitzak erloju atomiko propioa darama. Distantziak eta kokapena ahalik eta zehazten emateko, denborak ere halakoa izan behar du.
JOSÉ LUIS FERRO; Tecnikronos: Geltoki honetan, Abandoko geltokiko ordulari guztiak, eta bestetik, 44 geltoki gehiagokoak, hiru trenbide ibilbidetakoak, Bilbo-Muskiz, Bilbo-Santurtzi eta Bilbotik Orduñarakoa. Hiru linea, 44 geltoki guztira, eta hango ordulari guztiak honen menpe daude.Eskema honakoa litzateke: ordulari nagusi honek jasotzen duen ordua ethernet sare baten bidez zabaltzen du 44 geltoki horietara eta han, beste ordulari nagusi batzuk zabaldu egingo dute, behar den ordulari guztietara. Denbora berdinean lan egitea ez da bakarrik trenak orduan irten eta iristeko, hori ere bai, baina bada arrazoi pisuzkoagorik. Operazio asko eta askotan, eta bereziki komunikazioa, seinaleak edo uhinak tartean direnean, denbora-sinkronizazioa ahalik eta zehatzena izatea ezinbestekoa da.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Zientzia: Zer ordu da? Nirean hamaikak eta lau...
JOSÉ LUIS FERRO; Tecnikronos: Hor hamaikak eta bi minutu. Hortaz aurreratuta daukazu ordularia.Denbora, ordulariak eta trenbidearen arteko harremana ez da, gainera, oraingoa. XIX. mendean, karriletan zabaldu zen orduaren beharra. Normala: ongi funtzionatuko bazuten eta jendeak trenak erabiliko bazituen, ezaguna izan behar zuen orduak, zehatz jakin noiz irten edo ailegatzen ziren. Ordulari pertsonalak luxua zirenez, geltokietako sarreretan ordulari handiak agertzen joan ziren, ordu fidagarria zutenak eta, trenean ibili edo ez, jendeak hura zuen erreferentzia. Denbora joan da eta orain denok daramagu ordua geurekin, zer ordu den dakigu beti … gutxi gorabehera.