Oporretarako kargagailuak
2011/07/10
Elhuyar
Iturria:
Teknopolis
Aparagailu elektroniko bakoitzarentzat dagokion kargailueentzako alternatiba egon badago. Kargagailu estandarren aurkezpena etxetik kanpo egonez gero arazorik ez izateko.
Transkripzioa ikusi
Aurtengo uda ere iritsi da, eta ziur zuetako asko jadanik oporretan pentsatzen ari zaretela. Bidaiatzerakoan, ahalik eta gauza gutxien eramatea komeni da, baina askotan ez da erraza izaten. Sakelako telefonoa, argazki-kamera, GPSa, ordenagailu eramangarria... Gero eta aparailu gehiago eramaten ditugu motxilan, eta bakoitzak bere kargagailua behar du.
Zorionez, hainbeste kable eraman behar ez izateko alternatibak badaude. Familiako mugikor guztiak batera kargatzeko, adibidez, tresna hau daukagu: MyGrid. Telefonoari moldagailu txiki hauetako bat sartu, edo horrelako zorro berezi batean sartu, eta xaflaren gainean jarri behar da. Lau aparailu batera kargatzeko gai da, eta, amaitzen duenean, bera bakarrik itzaltzen da.
Zure telefonoa sistema horrekin bateragarria ez bada, edo USB bidez energia hartzen duen beste edozein aparailu kargatu nahi baduzu, mota honetako moldagailu asko dago merkatuan. Kasu honetan, USB kablea ere eraman beharko duzu, baina transformadore osoak baino gutxiago pisatzen du, eta ordenagailuarekin konektatzeko ere balio du.
Izan ere, potentzia txikiko gailu ezberdinak kargatzeko irtenbide egokia da USBa. Hainbeste aipatu den mugikorrentzako kargagailu unibertsala ere estandar horren bidez etorriko da. Hala, 2012tik aurrera salduko diren sakelako telefono guztiek USB kargagailu bat ekarri beharko dute, nahi eta nahi ez.
Oporretan sare elektrikora konektatzeko aukerarik ez baduzu, autorako moldagailuak ere badaude, USB ataka eta guzti. Mendira bazoaz, eguzki-energiarekin edo energia zinetikoarekin funtzionatzen duen kargagailu bat beharko duzu. Azken aukera bat ere baduzu: oporretara zoaz, beraz... deskonektatu!