Kaixo, Arrate Plazaola naiz, medikua, eta Donostiako onkologikoan lan egiten dut.
Medikuntza ikasi nuen. Gaztetandik gustatzen zitzaidan gauza bat zen, baina, egia esan, asko ezagutu gabe.
Medikuntza ikasten ari ginenean, udan ezer egin gabe egotea denbora galtzea zela pentsatzen genuen, eta ospitale bat aurkitu genuen praktikak egiteko. Minbizia tratatzen zuten ospitale txiki bat zen.
Ospitale hartan lehen praktikaldia pasatu ondoren, zer espezialitate egingo nuen galdetzen zidatenei erantzuten nien: “Edozer, onkologia izan ezik”. Eta begira, hementxe nauzu, onkologo lanetan, 36 urtean.
Onkologo batek botikak erabiltzen ditu minbiziaren aurka. Hau da, zirujauak bisturia erabiltzen du, eta ebakuntza-gelan gaitza kentzen saiatzen da; erradioterapiako zerbitzuek gaitza lokalki tratatzen dute, X izpiekin edo beste izpi-mota batzuekin; eta guk, berriz, gaixoaren gorputzera substantziak sartzen ditugu: kimioterapia botikak, hormonak edo antigorputzak.
Nik uste dut minbizia zahartzaroaren gaitz bat dela. Egia da haur txikiengan ere ikusten dela, baina gure mekanismoak, berritze-mekanismoak, hondatzen doazen heinean, gure zelulak zoratu egiten dira, eta haien biderkatzeak izugarri egiten du gora.
Zerk eragiten duen oraindik ez dakigu, baina badakigu nola babestu, nola zaindu. Badakigu ona dela tabakoa uztea, eguzkiarekin ez pasatzea, elikadura zaintzea... Ez dut esan nahi denak ekologikoa izan behar duenik. Sen ona erabiltzea ere ez dago gaizki.
Minbizi guztiak ez dira berdinak. Minbizi hitzarekin ehun gaixotasun baino gehiago aipatzen ari gara. Nik esango nuke, zer minbizi duzun, minbizi hori zein egoeratan duzun, zer zabalkunde izan duen, aurretik zer tratamendu izan duen... hori ezagututa esan dezakegula gauzak nola joango diren. Ehun gaixotik % 50 sendatu egingo dira gutxi gora behera; % 25 kronifikatzea ere lor genezake, eta beste % 25ak heriotza aurkituko dute, eta laster.
Gaztea zarenean ez duzu oraindik ondo menperatuta heriotzaren kontzeptua, zer pasatuko den. Pentsatzen duzu oraindik bizitza asko duzula, eta ez duzu onartzen zure heriotza ezta besteena ere. Eta poliki-poliki hori aldatzen joaten da. Nik orain askoz hobeto daramat, nahiz askotan egoera gogorrak izaten diren: pertsona gaztea denean, ume txikiak dituenean...
Baina aukera gero eta handiagoak dauzkagu. Ni minbiziaren aurka hasi nintzenean, bi-hiru botika besterik ez zeuden, eta bagenekien denek sententzia zutela. Gaur egun, nahiz eta ez sendatu, kronifikatzeko aukera handiak daude. Botika pila bat atera dira. Agian ez dute erabateko sendaketa lortzen, baina bai denbora askoan gaitza kontrolpean mantentzea. Kroniko bihurtzeak astuntasuna kendu dio gaitzari, jada ez da heriotza segurua, baizik eta diabetesa edo beste gaitz kroniko bat bezalakoa da.
Nik uste dut zorte handia dudala, nahiz eta heriotza eta sufrimendua hurbil ikusi. Itzulera handiko jarduera da. Gaixoekiko harremana oso ona da. Gaitz luzeak dira; ez dira ebakuntzarekin bukatzen. Gaixoa askotan etortzen da, tratamenduaren gogortasunak elkarrekin pasatzen ditugu, edo, behintzat, samurtzen laguntzen diogu, eta, batzuetan, harremana lagunartekoa da. Hori itzulera handiko esperientzia da.
Egiten dudan lana baloratzen dut, eta, gainera, ikusten dut baloratu egiten dela. Gaixoak oso gustura etortzen dira, nahiz eta minbizia izan eta sufritzera etorri askotan. Baina, gehienetan, harremana ona izaten da.
Batzuek ona dela esango dute, baina, niretzat, txarrena aldaketa da. Momenturo aldatzen doa, eta ez da erraza eguneratua egotea. Horrek esfortzu handia eskatzen du, eta adinarekin esfortzu hori egitea gehiago kostatzen da.
Irakatsi didana da lanaren gauzarik onena. Harreman pertsonaletan asko irabazi dudala pentsatzen dut, eta baita pertsona bezala ere, handiagoa eta hobeagoa egin nauela. Norberaren bidea aztertuz, ez dut uste gauza txarra denik ezer jakin gabe aukeratu nuen bidea nahiko ondo betetzen ari naizela pentsatzea.