Azken urte hauetan gure hondartzetako urak berdez jantzita ikusi ditugu, alga-kantitatearen mailak nabarmen gora egin duelako. Eta algek kostako ingurumena kaltetzen dute. Adituen esanean, kutsadurak eragin du ugaritze hori, itsasoko uretan pilatu den nitrato eta fosforo ugariak.
Nitratoen igoeraren arrazoietako batzuk dira, besteak beste, ongarri nitrogenodunen erabilera eta nekazaritza-ustiategietan animalien mindaz egiten den kudeaketa desegokia. Zenbait lekutan, ordea, hasi dira arazo horri irtenbideak bilatzen.
Hondar garbia, ur urdina eta eguzki distiratsua. Hondartza da milioika pertsonek oporrak igarotzeko aukeratzen duten lekua.
Hori horrela izaten da, hondartzak lohi berdez estaltzen direnean izan ezin. Izan ere, alga horiek itsasoko ingurumena kaltetzen dute, eta ez dira batere atseginak izaten igeri egitean.
Bretainia Frantziaren mendebaldean dago, eta Europako Batasuneko hondartzarik ederrenetariko bat du. Baina, tarteka, algazko marea berdea deritzonarekin estaltzen da.
PIERRE AUROSSEAU; Bretainiako Ingurumen Kontseilu Zientifikoa: Alga hauen ondoan nago, oraindik freskoak daudelako eta usteldu ez direlako. Ulva amoricana alga da, eta Bretainian bizi da. Arazoa da zenbait hondartzatan asko hedatzen dela, eta hori ez da ohikoa izaten. Ibaietatik iristen diren nitrogeno-nitratoek ongarritzen dituzte algak.
Animalia-haztegiak dira marea berdeen sortzaileetako bat. Algak nitratoez elikatzen dira, eta osagai hori ongarri komertzialetan eta animalien simaurrean egoten da.
Neurrian, nitratoak onuragarriak dira. Landareek, adibidez, beharrezkoak dituzte bizitzeko. Hazten direnean, lurretik hartzen dituzte nitratoak; eta hiltzen direnean, berriro lurrera itzultzen dituzte.
Animaliek ere gauza bera egiten dute. Kaka egin, eta simaurra deskonposatzen denean, nitratoak lurrera itzultzen dira.
Nitrato-kantitatea handia denean sortzen da arazoa. Bretainian erabiltzen diren abeltzaintza intentsiboko metodoek lurra nitratoz gainkargatzen dute. Hori gertatzen denean, landareek xurgatzen ez dituzten nitratoak erreketara, lakuetara, ibaietara eta, zenbait kasutan, itsasora isurtzen dira, eta, ondorioz, algazko marea berdeak sortzen dira.
Bretainiako haztegi honetan, hormigoiz egindako zoruetan hazi beharrean txerriak, lastoz egindako azpiak jartzen dizkiete. Horrek murriztu egiten du animalien gorotz- eta txiza-kantitate pilatua.
THIERRY THOMAS; Txerri-abeltzaina: Azpiak egiteko, haztegian ekoizten dugun lastoa erabiltzen dugu. Txerriek azpi hori izaten dute ohetarako, eta horren gainean egiten dituzte beren beharrak; konposta sortzen dute, ohiko hormigoizko zoruetan egoten den nahastea sortu beharrean.
Nitratoak simaur likidoan baino mantsoago deskonposatzen dira konpostetan. Horrek murriztu egiten du gehiegizko nitratoak ur-lasterrera isurtzeko arriskua.
Nitrato-kantitatea murrizteko modurik hoberenetariko bat da animalia-kopurua jaistea, baina hori zaila da abeltzaintzatik bizi diren eskualdeetan. Hala ere, zenbait adituk diotenez, kontuan hartu beharko litzateke ideia hori.
PIERRE AUROSSEAU; Bretainiako Ingurumen Kontseilu Zientifikoa: Azienda-kopurua jaisteaz ari bagara ere, ulertu behar duzu horrek ez duela ekarriko Bretainiako abeltzaintzaren amaiera. Murrizketa txikia izango litzateke, eta, komunitateari kalte egingo liokeen arren, eskualdeko ekonomiak konponduko luke arazoa.
Danimarkako Odense fiordoak ere pairatu ditu nitrato-poluzioaren eta marea berdeen eraginak. Izan ere, hango uraren kalitateari, arrainen populazioari eta gainerako faunari eragin diete. Baina ingurumenean adituak diren ikertzaileek eta abeltzainek elkarlanean dihardute arazo horri aurre egiteko.
NIKOLAJ HOLMBOE, Itsas biologoa, Danimarkako Natura Agentzia: Ur azpiko landaretzaren kalitatea aztertzen ari gara. Zehazki, itsas larrearen kantitatea ari gara aztertzen, uraren kalitate onaren adierazle baitira. Itsas larrea fiordoan nola zabaltzen den eta zer sakontasunetan egiten duen aztertzen ari gara.
Danimarkako fiordoan egiten ari diren lanean, uraren kalitatea ikertzen da, eta lekuko fauna aztertzen. Berriz ere turistek leku eder honekin disfrutatzeko parada dute.
Uraren kalitatea hobetzeko lana herrialdearen barrualdean hasi zen. Lehen abeltzaintza intentsiborako erabiltzen ziren guneak ingurumena zaintzen duten hezegune bihurtu dituzte agintariek.
VIVEKE LINDERBERG; Proiektuko gerentea, Danimarkako Naturaren Agentzia: Silke A ibaiaren inguruko lurra laborantzarako erabiltzen da. Orain, hezeguneak sortu ditugu ibaiaren haranean. Ibaiaren ibilbidea aldatu dugu, eta lurraren maila igo dugu. Horrekin batera, lur azpiko uraren maila ere igo dugu. Horrela, ur-landak sortu ditugu eta lurra lehorrago dago.
Hezeguneen proiektua arrakastatsua izan da. Bertako abeltzainek bat egin dute hasieratik, eta ados jarri dira jarduera jasangarriak aurrera eramateko.
CHRISTIAN PILEGARD HANSEN; Abeltzaina: Abeltzainak entzunak izaten ari direla pentsatu behar dute. Pertsonek entzuten ez dituztela uste badute, ez dute era honetako proiektuekin bat egingo.
Kataluniako nekazaritzako zenbait gunetan, txerri-kopuruak biztanle-kopurua bikoizten du. Juneda hiriaren inguruko 150 bat abeltzain batu egin dira, txerri-simaurra lantzen duen enpresa bat sortzeko. Ongarri lehorra ekoizten du, eta eskualdetik kanpora esportatzen dute. Espainiako Sare
Elektrikoari saltzeko energia ere sortzen du.
Danimarkan bezala, abeltzainek hasieratik hartu dute parte proiektu honetan, eta horregatik izan du arrakasta instalazioak.
MÒNICA JIMÉNEZ DELGADO; Nekazaritza-ingenieria: Instalazio hau ari dira erabiltzen txerri-simaurraren kudeaketaren ikuspuntu komuna sortzeko. Simaurra zentralizatzeak abeltzainen gastuak murrizten ditu, eta eskualdean egiten diren abeltzaintza-jarduerak hobeto gauzatzeko aukera ematen du. Arazoa ez dute bakarka kudeatzen, ikuspegi komuna erabiltzen dute.
Ikusi ditugun metodo hauei eta horien antzekoei esker, Europako uretako nitrato-kantitatea jaisten ari da. Hala ere, bide luzea geratzen zaigu oraindik kontinente osoko uraren kalitatea hobetzea lortu arte.
Agurtzane Uranga 2011/11/22
kaixo, Urriaren 30ean ikusitako ''Los riesgos de los nitratos'' nahiko nuke, baina soinurik ez du bideo honek, ez dakit zein den arazoa. Posible izango nuke bideo hori izatea (azalpenekin, noski)? Eskerrik askoTeknopolis 2011/11/23
Kaixo Agurtzane, Guk arazorik gabe entzuten dugu bideoaren audioa. Giro-soinua eskuineko bozgorailutik entzuten da eta ahotsa, berriz, ezkerrekotik. Baieztatu bi bozgorailuek ondo funtzionatzen dutela, eta bien arteko balantzea orekatuta daukazula ordenagailuan. Bestela, bideoa deskargatu dezakezu 147 MB dioen gezitxoan sakatuta. Eskerrik asko zure interesagatik eta ea lortzen duzun arazoa konpontzea.