Gaur Bilbon gaude Nintendo 3DSa probatzeko, betaurreko berezirik gabe hiru dimentsiotan jolastea ahalbidetzen duen kontsola eramangarria.
Datorren ostiralean jarriko dute salgai, eta 13 bideojoko izango ditu aukeran, besteak beste, dagoeneko ezaguna zaigun Nintendogs, animalia birtualen jokoa. Horrez gain, ekintza, lasterketak, borrokak edo plataformak. Jolasteaz gainera, 3Dko filmak ikusi ahal izango ditugu, musika entzun edo Internetetik nabigatu.
Aurreko DSek bezala, honek ere bi pantaila ditu: goikoa, 3,5 hazbetekoa, autoestereoskopikoa da, hau da, hiru dimentsioko irudiak erakusten ditu; behekoa, berriz, zertxobait txikiagoa da, eta ukipenezkoa. 3D funtzioa nahi bezala erregula daiteke, norberaren begietara egikitzeko.
Bi objektiboko argazki-kamera bat dauka. Horren bidez, hiru dimentsioko argazkiak egiteaz gainera, zeure avatarra sor dezakezu argazki batetik abiatuta, edo zure lagun baten aurpegia bideojokoetako etsai gisa erabili.
Kontsola 250 euroan salduko dute, minijoko batekin batera. 200 gramoko pisua baino zertxobait gehiago du, eta hiru eta bost ordu bitarteko autonomia ematen du WiFi-a eta 3D-funtzioa aktibatuta dituenean.