Klimaren aldaketak izan ditzakeen eraginei buruzko iritziak eta datu-bilketa.
Geroaz hitz egiten dugu gehienetan, urte batzuei begira, eta badirudi okerrena oraindik iristeko dagoela. Hala ere, adituak sarritan orainaz hitz egiten dute, dagoeneko eragiten hasita dagoela diote, eta azkenaldian gertatzen ari diren natura-hondamendiak ez direla kasualitatea.
Orain abiatu diren ikerketetatik ondorioak ateratzeko goizegi izan daitekeen arren, klimaren ezaugarriak aztertzen dituzten ikerketez gainera, berotegi-efektuarekin lotutako ikerketak ugari dira poloetan. Horietako batean izotz-muinak aztertuta, adituek ikusi zuten azken 420.000 urteotan atmosferako karbono dioxidoa eta metano-kontzentrazioa etengabe aldatu dela, eta gehiago ere, gaur egungoa dela azken 440.000 urteotako berotegi-gasen kontzentrazio handiena.
Aste honetan bertan berri izan den mihi urdinaren gaitza, tenperatura igoerarekin eta globalizazioarekin lotzen dute askok. Izan ere, aberei eragiten dien gaitz hori, berez, lurralde epelagoetako gaitza da, tropiko aldekoa, eta klima epeltzeak lagundu omen du iparraldean hedatzen.
Horrelakoak ikusita, adituengana jo dugu, eta zuzenean egin diegu galdera: klimaren aldaketa eragiten hasia da dagoeneko? Eta, hasi bada, zertan nabaritzen dugu?
Sistema naturaletan ez ezik, gutako bakoitzaren bizitzeko eran ere eragin dezake klimaren aldaketak.
Osasun-kontuetan, adibidez, klimak, atmosferaren kutsadurak eta uraren egoerak zer ikusi zuzena dute. Osasunaren oinarriak dira elikadura egokia, edateko ur ona, inguru osasuntsua eta bizitzeko ohituren egonkortasuna. Zirkulua sarri eta ustekabean aldatzen bada, sistema immunologikoa erantzunik gabe geratzeko arriskua dago. Azken urteotan munduan nabaritzen ari diren lehorteak adibide esanguratsua dira. Afrikan, lehorte horien eraginez, milaka pertsona hil dira egarriz eta gosez, elikadura egokia eta edateko ur onik eskuratu ezinik. Baina gurean ere lehorteak izan dezake eragina. Bistakoa denez, uztak gal daitezke, baina gerta daiteke ondorioak beste maila batekoak izatea ere. Duela bizpahiru urte, adibidez, Frantzian ehunka pertsona hil ziren beroak jota. Zur eta lur geratu ginen. Bero hura normala da munduko beste herrialde batzuetan, baina, Europan, arnasbideetako gaixotasun kronikoa zuten adinenkoentzat hilgarria izan zen. Beraz, tenperaturaren igoera hutsa nahikoa izan daiteke herrialde aurreratuetan ondorioak izateko. Jakina, garatutako herrialdeetan nozituko da klimaren aldaketa, baina, batez ere, herrialde pobreenei eragingo die.
Iritziak
Gatazka geopolitikoak eragiten ere hasi da klimaren aldaketa. Errusiak, adibidez, aurten bertan Ipar poloaren itsaspea beretzat eskatu du, kontinentearen luzapena dela argudiatuta. Ipar poloko izotza urtzen hasita zegoela baliatu du hori egin ahal izateko.
Beraz, iraun nahi badugu, badirudi hemendik urte batzuetara gure bizitzeko erak beste modu batekoa izan beharko duela. Energia beste era batera kudeatu beharko dela ere esaten da, energia berriztagarriei bide eginez eta erregai fosilak baztertuz. Eta, era berean, adituek diote produkzio-eredu berriak eraiki beharko direla, naturarekiko errespetuan oinarrituak. Eta hiriak beste era batera antolatu beharko direla, ibilgailu-zirkulazioa erregulatuz, basoak aintzat hartu eta abar. Klima-aldaketak gaur egungo bizimoduko arlo askotan eragingo ditu aldaketak.
Iritziak